Patata, kipula eta makailao ensaladea
Osogaiak:
- Patatak.
- Oliba-orioa.
- Kipulea.
- Azukerea.
- Mantekilea edo margarinea.
- Gatza.
- Makailaoa.
- Letxuga desbardinak.
- Ozpina.
Zelan egin:
Patatak ‘panadera’ erara zatituko doguz. Gatza bota ostean, lapiko batean orio askogas konfitetan ipiniko doguz. Eginda dagozanean, oriotan itxiko doguz hoztu arte eta gero atara egingo doguz.
Kipulak ‘juliana’ erara zatituko doguz, mantekilea, azukera apur bat, orioa eta gatza gehituta. Gero surtan ipiniko dogu, gorritu arte. Eginda dagoanean, orioa kenduko deutsagu eta gorde.
Makailaoa zati txikietan botako dogu ensaladerara, eta gero letxuga mueta desbardinak gehituko deutsaguz, aurretik ondo garbitu ostean.
Akabetako, dana batuko dogu, eta gogoratu mahaira tenperatura horretan atara behar dala, hozkailura sartu barik.
Beñat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko sukaldaria.
Kaixo irakurleok. Eguraldiak oraindino asko laguntzen ez dauan arren, udea hortxe bueltan dago, eta ensaladak zelan preparau ikasten hasi beharko dogu daborduko. Holan ba, udeari begira egingo dogu gaurkoan errezetea.
Oso ondo dago uda aldera ensaladak jatea baina esan beharra dago guk errefreskagarriak dirala uste arren, ez dala holan. Izan be, nahiz eta ensaladea jaten dogun momentuan errefreskagarria izan, jan ostean berotara goazenean, tenperatura aldaketea handiagoa da eta ondorioz, bero gehiago sentiduten dogu gure gorputzean.
Orduan, udan bero handia dagoanean, janari beroak be jan behar doguz, izan be, azkenean honek izaten dira errefreskagarriagoak. Mundu mailan adibide asko dagoz; berbarako Marokon, whisky marroki deitzen daben hori teagaz eta menteagaz egindako infusinoa da. Infusino hau irakiten hartzen dabe eta oso errefreskagarria da. Izan be, hainbeste berotzen dabe euren gorputza, kanpoko beroa igarri be ez dabela egiten. Nik probauta daukat eta holan da, benetan. Beste adibide bat Mexikon topau geinke, bertako pikanteagaz.
Holan ba, oraingoan guk ensalada epela preparauko dogu, danok egiteko modukoa. Goazen ba suetera, amantala jantzi ostean.