Europa barriaren errealidade bitxiak
Ezin da ukatu Europako zabalkundeak eragin ekonomiko handia ekarriko dauala, alde batetik merkatua zabalagoa izango dalako eta, beste alde batetik, sortalderako jokerak indartu egingo diralako. Baina eragin eta aldaketa ekonomikoak begibistakoak izanda, deigarriak dira bitxikeria politiko batzuk.
Hain zuzen be, Europako Batasunean sartu barri diran batzuk, oraintsura arte beste Estadu batzuen menpean bizi izan dira. Ez deutse inork ukatzen Europako partaide izateko eskubidea nahiz eta urte luzetan Sobietar Batasuna edota Jugoslabiako zatiak izan. Era berean, "ahaztu" egiten da sartu barri dan Malta lako estaduak Bizkaiak baino biztanle gitxiago daukala edo Eslobeniak eta Letoniak, Euskal Alkarte Autonomoak aina biztanleria daukiela. Ganera, Txipre Herria zatituta sartu da Batasunean. Eta dan danak gu baino pobreagoak dira, bai errenta zein barne produktu gordina kontuan hartuta.
Formula ugari eta zenbat gura bitxikeria. Akordau gaitezan sarri askotan entzun dogula Euskadik ezin dauala Europan bere kontura ibili txikia dalako eta Espainia edo Frantziaren menpean dagoalako. Partaide barri honeen sarrereak erakusten dau Europan hamaika modutan ibili leitekela. Borondate politikoa da giltza. Madrileko gobernuak aldarrikatzen dauan 'estilo' barri honetan holango borondatea sartuko ete da?
IƱaki Atxutegi
Europako Batasuna albiste izan da azken egunotan. Hego eta Sortaldeko Europak partaide barriak ekarri ditu Europako erakundeetara. Eta badago zeresana, partaide barri batzuk benetan bitxiak dira eta.
Hasteko, gogora daigun partaide barri gehienak komunismoaren menpean bizi izandakoak dirala. Varsoviako Ituna eta COMECON izan zan herrialde komunisten babesleku militarra eta ekonomikoa urte luzetan. 1989. urtean Berlingo Harresia jausi zanetik (edo bota ebenetik, hobeto esanda) ekialdeko herriek komunismotik kapitalismorantzako bidaia luzea egin dabe. Pobreak ziran herri horreek orduan eta pobre izaten jarraitzen dabe.
Partaide barri horreek hainbat inbersino hartu dabez bertako beharginei pagetan jakezan soldata bajuak dirala-ta. Urteetan Espainiako estaduak bizi dauan fenomenoa bizitzen-sufritzen dagoz herri horreek, hau da, hamaikatxu fabrika eta lantegi zabaltzen dabiz entrepresen kostuak merketu ahal izateko. Holan errez aitzen da zergaitik zarratu dabezan Espainian lantegi bat baino gehiago ekialderako paradisura joateko. Fenomeno honek gero eta indar handiagoa hartuko dau ondorengo urteetan ze onura eta diru-egarria ekonomiaren motorretako bat da.
Euskadin ez dogu jasoten Europako diru-laguntza askorik. Peninsularen hegoaldean, ostera, "kohesino fondoak", hau da azpiegiturak eregiteko eta nekazaritzari lagunduteko Europako aberatsek pobreei emondako diruak, eragin ekonomiko handia dauka. Uste baino arinago, sartu barri diran horreek hartuko dabe dirua orain arteko hartzaileei kalte eginaz.