Antxina-barri  III. urtea // 57. zenbakia

Ehun da piku urte diruen kontuan

Banco de Bilbaoren hasikerea


Holan ba, 1855ean batutako gizonen erabagia Banco de Bilbao sortzea izan zan. Ideia hobetu eta pare bat urte geroago, 1857ko maiatzaren 17an erregearen baimena lortu eta urte bereko abuztuaren 24an, San Bartolome egunean zabaldu ebazan bere ateak Bilboko banketxe barriak. Lehenengo urteak beste leku batzuetan eginda, azkenenan 1868ko urtarrilaren 8an Bilboko Areatzan oraindino dagoan Estufa kaleko 7. zenbakian eraikin barria zabaldu zan. Eta ordutik aurrera berau izan zan banketxearen egoitza nagusia.

Bitxikeria modura, eta banketxearen historian sakonduz, esan daigun lehenengo urteetan dirua atarateko baimena be baeukala, hau da, banku-billeteak egiteko ahalmena gobernuaren oneretxiz. Hain zuzen be, jaio eta handik hiru urtera, 1858an, banketxeak Espainiako gobernuarengandik banku-billeteak eta dirua aterateko baimena lortu eban. Dana dala, baimen hau urte batzuk geroago, 1874an, indarrik barik geratu zan eta urte honetatik aurrera Espainiako Banketxeak baino ez eban euki diruak inprimidu eta atarateko baimena.

Lehenengo urte horreetan sortutako beste ekintzetariko bat kostaldetik barrualderako trena egitea izan zan. Holan ba, banketxeak hartu eban bere gan, Bilbo eta Tutera lotzeko trenaren kosturik handiena.

Bilbaok aurrera egiten eban eta meatzeak, trenak, ontziolak eta portua, paisajearen parte garrantzitsu bihurtu ziran. Urte askotarako izango ziran bilbaotarren eta bizkaitarren bizitzako parte garrantzitsua.

Gizarteak eta ekonomiak aurrera egin ahala, diruaren beharrizana be gero eta handiagoa zan. Baina bidean trabak be ezagutu ebazan banketxe barriak: 1873an Karlistaden urteetan Bilbao guztiz inguratuta geratu zan. Momentu horretan Estaduak Bizkaiko uriburuan eukazan ardurak bere gan hartu ebazan, tartean baita banketxeak be, eta bertotik aurreratu ziran bilbotarren diru eskariak eta ejerzitoa mantentzeko egin beharreko gastuak. Hurrengo 30 urteak behar izan ziran ziran banketxeek barriro be Karlistadetan aurreratutako diru dana errekuperetako. Ikusten danez ba, oraindino jaio barria zan banketxeak lehenengo urteetatik zabalkuntza eta eragin sendoa eta handia izan eban.

Banketxea handitzen joian, eta 1901. urtean Banco del Comercio-gaz bat egin eban. Banketxe honegaz alkartzeak jentearengana hurreratu eban kreditu-etxea eta industriarako behar ziran gero eta dirutza handiagoei aurre egiteko gaitasuna emon eutson.

Handitze prozesuagaz segiduz, Europa eta mundu mailako banketxea bihurtu zan Bilbaokoa. Honen erakusle da bere lehenengo egoitza Euskaditik kanpo Parisen ipini ebala, sasoi horretan Frantziako uriburua munduko uriburua zalako; hain zuzen be, 1902. urtean zabaldu zan ordezkaritza barri hau. Gero etorriko ziran Europako beste uriburu batzuetako egoitzak: Madril, Londres...

Ehun da piku urte pasau dira Banco de Bilbao sortu zanetik eta ezin da ukatu erakunde honen garrantzia Bizkaiko eta Euskal Herriko ekonomia eta gizartearentzat. Gure inguruan hain ezagunak doguzan edo izan doguzan Bizkaiko Labe Garaiak, Iberdrola, La Naval Ontziola eta beste hainbat enpresa ulergatxak dira Banco de Bilbao bera kontuan hartu barik. Ganera, banketxea ez litzateke gaur egun ezagutzen dogun modukoa izango aurrean aitatutako enpresak ezagutu barik. Izan be, banketxearen historia Bizkaia eta bizkaitarrakaz lotutako historia da.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria.


XX. mendearen erdirako Europan martxan egoan Iraultza industrialak Euskal Herria bisitau eban. Hurrengo urteetan euskal gizarteak, eta batez be, Bizkaikoak, itzelezko aldaketak ezagutu ebazan. Aldaketa horreen eragile eta protagonista nagusietariko bat Banco de Bilbao banketxea izan zan. Gaur egun Banco Bilbao Vizcaya Argentaria (BBVA) izenagaz ezagutzen dogun banketxea Bilbon sortu zan. Oraingoan, Bizkaiko eta Euskadiko bizitzan hain garrantzitsua izan dan banketxe honen historia laburra batuko dogu.

1855eko urtean erabagi eben Bilboko Merkataritza Batzordea batu eta dirua aurreztu eta lagateko erakunde bat behar zala. Europan lantegi handiak eta burdin-labeak martxan hasi ziranean, Bizkaian burdina eta ikatz meatze asko egozan, eta bertoko itsaso merkataritzarako ohiturea kontuan hartuta, leku ezin hobea genduan Europako korronte ekonomiko barri horreetan sartzeko.

Proiektuak berehala hasi ziran bueltaka orduko gizon handien buruetan. Chavarri, Martinez Rivas edo Sota enpresari nagusiak geroko dirutza ikaragarrien lehenengo pausuak emoten hasi ziran.

Baina proiektu horreek guztiak aurrera eroateko dirua ezinbestekoa zan. Beraz, dirua lortu eta enpresarioen eskuetan ipiniteko erakunde baten beharra egoan eta erakunde barri hori banketxea zan.