Txapelak buruan
Zorionak txapeldunei eta parte hartu dozuen gazte guztiei. Amaitzeko, Mungiako finalera joateko pare bat arrazoi gehiago. Azken urteotan Iparraldeko gaztetxuak entzutea benetako gozadea izan da idazten dauen honentzat, eta aurten ez datoz makalago. Maila bietan txapelak eroateko besteko koadrilea dakarre. Gipuzkoatik txikien mailan azken txapelak eroan dauzen Beñat Gaztelumendi txiki baizen bizkorra entzuteko aukerea eukiko dogu. 14 urtegaz nagusien mailan kantau dau, eta bai txapela lortu be. Gaztetxuen bertsoakaz gozau gura dauenarentzat jarrita dago hitzordua: bagilaren 23an, San Joan bezperan, goizez, Mungiako plazan.
Iñaki Aurrekoetxea
Udabarrian txapelak loratu dira Bizkaian. Ikasturtean zehar bertso-eskoletan edo lagunartean egindako lanaren frutuak batu dabez askok, eta ganerakoak ahalegindu izanaren gozoaz eta hurrengo baten saiatzeko esperantzaz lotuko dira. Bederatzi txapel banatu barri dira guztira, Bizkaiko Eskualdeetako Txapelketak eta Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea jokatu ostean.
Eskualdeetako Txapelketak.
2000. urtean jokatu ziran lehenengoz Bizkaiko Eskualdeetako Txapelketak, Bizkaiko Txapelketearen aurreko fase moduan, eta orduan izan eben arrakastea ikusita, aurten be egitura hori errespetau dau Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Urte birik behin jokatzen dan Bizkaiko Txapelketeak udagoienean ekingo deutso bere bideari, eta Gabon inguruan Euskalduna Jauregiko finalak izentauko dau 2002ko Bizkaiko Txapelduna. Bizkaikoaren aurretik baina, Eskualdeetako Txapelketak jokatu dira, sei eskualdetakoak hain zuzen be. Eskualdeetako txapeldunak ezagutzeko ez eze, Bizkaiko Txapelketarako txartela zein bertsolarik lortzen dauen jakiteko balio izan dabe, eskualdeetako bertsozaletasuna eta bertsolaritzearen egiturak sendotzeko eraginkorrak izan dirala ahaztu barik.
Sei eskualdeak Busturialdea, Lea-Artibai, Durangaldea, Arratia, Bilboaldea eta Ipar-Uribe dira. Txapelketa honeetan ez dabe parte hartu Bizkaiko Txapelketaren baten finalista izandako bertsolariak, honeek 2002ko Bizkaiko Txapelketan parte hartzeko eskubidea aurretik irabazita daukielako. Hona hemen 2002ko Eskualdeetako txapeldunen zerrendea:
Busturialdea: Igor Muniategi
Ipar-Uribe: Etxahun Lekue
Arratia: Jabier Olibares
Bilboaldea: Marta Ortiz
Durangaldea: Beñat Ugartetxea
Lea-Artbai: Gorka Ostolaza
Zorionak sei txapeldunei. Honeek Bizkaiko Txapelketarako zuzenean sailkatu dira. Ganerakoak puntuazinoaren arabera eukiko dabe aukerea. Horretarako hil honetan izena emon beharko dabe eta aurreko edizinoetako zenbat finalistek izena emoten daben ikusita osotuko da udagoienean kanporaketetan kantauko daben 30 bertsolarien zerrendea.
Eskolarteko Txapelketea.
Ume eta gaztetxuen txapelketea Bizkaiko Ikastolen Elkarteak antolatzen dau eta urterik urte bertan ikusi eta entzun leitekez bihar-etziko plazak beteko dabezan bertsolariak, gaurko Bizkaiko lorak. Eskolarteko Txapelketea maila bitan banatzen da, 14 urtera artekoa bata eta 15etik 18ra artekoa bestea. Bagilaren 23an Mungian izango dan Euskal Herriko finalean, beraz, txapel bi izango dira jokoan. Dana dala, Bizkaian hirugarren adin tarte bat be sartu dabe antolatzaileek, 15-16 urte bitartekoena, nagusiena 17-18 bitarteko gazteentzat itxita. Euskal Herrikoan parte hartzeko aukerarik ez badaukie be, umeen mailatik pasetan diranei aukera emoten deutsie tarteko talde baten lehiatu eta txapel bat jokatzeko.
Bizkaiko Eskolarteko Txapelketearen finalak bagilaren 7an jokatu ziran Bilbon. Txikienen mailan (14 urtera arte) parte hartze handia izan da aurten, eta finalera pasau ziran sei bertsolarien artean abizen ilustrea daroan neskatxu polit eta lotsatia: Miren Amuriza. Bai, Xabierren alabea. Baina abizena bakarrik ez, orain izena be txapeldunarena dauka, Berrizko bertso-eskolan dabilen 12 urteko neskatoa Bizkaiko Txapelduna dalako joan dan barikutik. Mikroaren aurrean lotsea galtzen dau Mirenek eta ahots ederra dauka ganera. Afizinoari eusten badeutso, luzaroan izango dogu Miren Amurizaren barri. Mirenegaz batera Eñaut Uruburu abadiñoarrak kantauko dau Mungian.
Beste alde batetik, 15-16 urte bitartekoetan, Bilbon geratu da txapela. Josu Martinez santutxuarrak jantzi dau. Bigarren aldiz parte hartzen dau Josuk eskolartekoan eta dohaiak erakusten hasi da honezkero. Argia da, etorri onekoa, eta hizkuntzea egoki erabilten dau. Bigarren Joanes Igeregi sailkatu da eta txapela be gertu izan dau. Joanesek BBK sariketea irabazi eban Ipar-Uribeko taldeagaz. Kantaera triste baina ideia zorrotz eta orijinalak dakarz, eta bertsotarako balio dauela erakusten dago. Bertsolari bat dago hemen. Maila honetan Amaia Uribe forutarra eta Ander Elortegi gernikarra izan ziran beste finalista biak.
Nagusienen finalean beste lau bertsolari: Amaia Jauregizar eta Jon Rementeria gernikarrak, Oihana Bartra bilbotarra eta Miren Ibarluzea mungiarra. Maila polita erakutsi eben laurek, eta azkeneko buruz burukoaren ostean epaimahaikoek Jon Rementeriari emon eutsien txapela. Kartzelako lana ederto bete eban Jonek eta azken puntuazinoan erabagiorra subertau zan hori. Bigarren Oihana Bartra, igazko txapelduna, geratu zan, baten batzuk aurtengo txapela be Bilbon geratuko zala sinisten hasiak bagengozan be. Ziurtasun eta konfiantzea irabazi dauz Oihanak eta bertsolari helduakaz erakutsi dau hori: Bilboaldeko Eskualdeko Txapelketan bigarren lotu zan Marta Ortizegaz azken txanpara arte lehiatu ostean, eta nagusien Bizkaiko Txapelketarako txartela eskuetan dauka. Halan da be, aurretik badauka beste erronka eder bat: Euskal Herriko Eskolarteko Finala. Jonegaz batera ordezkatuko dau Bizkaia final horretan eta igazko bigarren postua hobetzeko asmoagaz joango da.