Zinea  III. urtea // 57. zenbakia

Atun y chocolate


Hiru arrantzale bizimodua ahal dan moduan atarateko eginahaletan dabilz, Cadizko itsasertzean dagoan krisialdi gogorrari aurre eginaz. Horreetariko baten semea, Manolín, egun baten etxera ailegau eta beste buruhauste bat ekarriko deutso familiari: jaunartzea egin gura izango dau. Gurasoak, Manuel eta Maria, ez dagoz ezkonduta eta umea ez dago bateatuta; ondorioz, lehenengo momentuetan, ezuste handia hartuko dabe. Asmoa burutik kentzen ahaleginduko dira. Baina umeak argi eta garbi dauka eta ez dau atzera egin gura. Manolín-en asmo sendo eta ia mistikoa ikusita, gurasoek euren esku dagoan guztia egingo dabe semearen borondatea beteteko. Horretarako, lehenengo eta behin, ezkondu beharko dabe.

Hona hemen Pablo Carbonell antzezle, musikari eta telebistako showman-aren lehenengo lana, Cadizko itsasertzean giroturiko komedia gazi-gozoa. Ikuspuntu barregarri eta komiko batetik arrantza arloko egoera larriari lotutako hainbat gai jorratuko dira, berbarako langabezia, inmigrazinoa eta narkotrafikoa. Orain dala aste bi Malagako zinemaldian aurkeztuta, Carbolnell-i antzezlerik onenaren saria emon eta filmari nahiko harrera ona egin eutsien bai kritikoek bai ikusleek be.

Edozelan be, Carbonell-en pelikula hau nahiko produktu arrunta eta klasikoa da. Hori bai, ikusleek nahiko hur sentiduko dabez pertsonaia guztiak eta horra hor orain arte lortutako arrakastearen giltzea. Topiko lar agiri dira eta azken emoitzea ez da beste mundukoa, baina erantzun ona euki dau istorioak transmititzen dauan hurrekotasuna nahiz pasarte barregarriak dirala eta. Interesgarria.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoia: Pablo Carbonell.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Pablo Carbonell (Manuel), María Barranco (María), Pedro Reyes (Perra), Antonio Dechent (Txerifa), Andrés Rivera (Manolín), Rosario Pardo (Juani), Esther Arroyo (Bailaora), Cesáreo Estébanez (Maríaren aita), Begoña Labrada (Bailaora) eta Paco Vegara (abadea).