Kulturea  III. urtea // 57. zenbakia

Manu Muniategiandikoetxea: aspalditik itxaroten izan dogun erakusketea

'Ni ez naiz hemengoa'


Ibilbidea hasteko, hasiera-hasieran, erakusketan dagozan kutxa handi bietako bat topauko dogu. Piezaren kokapenak bidea zarratzen dau, eta bisitariak ia-ia inguratu egin beharko dau, beti be artistearen jokoan sartuta. Horren ostean, 64 irudi topauko ditugu: irudi arinak, ia momentuan egindakoak emoten dabenak.

Pilar Mur aretoko zuzendariak dinoanez, “Manuk zeinu mota guztiak manipuletan ditu, eta barriro interpretetan ditu, modu askotan. Literaturan, idazle alegorikoa antxinako istorioak hartu eta barriro idazten dituana da, gero beste esangura batzuk emoteko; eta Manuk gauza bera egiten dau: irudiak bereganatzen ditu eta esangurea emoten deutse, testuinguruagaz distantzia bat ezarriz”. Zeinu horreen artean dagoz azkeneko hiru urteotan Muniategiandikoetxearen iturriak izan diran gehienak: besteak beste, Errusiako konstruktibismoa, Oteiza, Atxaga, edo zinematik, argazkilaritzatik eta komikietatik ataratako elementuak. Holantxe azaldu eban autoreak berak: “Besteen obreagaz maitemindu egiten naz eta neure egiten ditut. Egia esateko, beharrean segiduteko atxakia txikerrak baino ez dira horreek. Irakurten nagoanean, pelikula bat edo telebista ikusten dodanean, pintetako ideiak hartzen nago eten barik. Errepetizino obsesiboan sartzen naz: dana pegetan jat eta dana neureganatzen dot. Gauza bat aitzeko, behin eta barriro errepetidu behar dot, ze ez badot aitzen, ez deust ezertarako balio, eta ezin dot neureganatu”.

Muniategiandikoetxeak adierazo ebanez, erakusketa honek bere karreraren etapa bat ixten dau: “Uste dot erakusketa honegaz amaituko dirala nire formatu handiko lanak. Etapa barrian sexuan eta zineman inspirautako irudi gehiago egongo dira”, esan eban bergararrak. Hain zuzen be, lehen aitatutako 64 irudi horreetan igarten dira gehien etorkizuneko gai horreek: kolorea, geometria edo erotismoa eguneroko gauzakaz buztartzen dira.

Erakusketea bagilaren 27ra arte egongo da ikusgai. Gero, Muniategiandikoetxearen etorkizuneko asmoa liburu bat plazaratzea da, aitatutako irudi erotiko horreekaz.

Julen Gabiria

Manu Muniategiandikoetxearen (Bergara, 1966) lehenengo erakusketa indibidual handia, “Ni ez naiz hemengoa” izenburu esanguratsua daukana, Bilboko Rekalde aretoan dago ikusgai. Artistearen jarraitzaileak aspalditik egon dira aukera honi begira eta, erakusketea gaixotasunagaitik atzeratu ostean, Muniategiandikoetxearen marrazki, margo eta eskulturak danok ikusteko moduan dagoz azkenean.

Esan dogun legez, “Ni ez naiz hemengoa” izenburua ipini deutso erakusketeari, Joseba Sarrionandiaren obra ezagunaren izena berreskuratuz. Halanda be, artisteak esan ebanez, izenburua erabagi ostean jakin dau Sarrionandiaren liburu baten izenburu bera dala hori. Muniategiandikoetxearen ustez, izenburuaren kontua be gauza barria da, orain arte bere obra gehienek ez dabe izenik euki eta. “Ni ez naiz hemengoa” aukeratzeak, baina, esangura “emozional eta personala” dauka gipuzkoarrarentzat eta erakusketea aurkeztean esan ebanez, “zerikusia dauka nahasteagaz, ulermen falteagaz, kanpoan sentiduteagaz... bai maila personalean zein politikoan. Lehen ez jatazan izenburuak interesetan, baina konturatu naz edukinaren ganeko pistak emoteko balio dabela, edo ikuslea nahastetako, jirabiraka ibilteko edo edukina zehazteko”. Alde horretatik, zerikusi handia dauka Sarrionandiagaz. Baina obra honek literatureagazko daukazan hartu-emonak ez dira izenburuan amaitzen: esate baterako, katalogoan Atxagaren ipuin bat be agertzen da ze, autoreak esan ebanez, “ez naz eroso sentiduten neure buruaren gainean berba egiten daben testuakaz. Gurago dot hur sentiduten ditudan testu literarioak neure egitea”.

Erakusketan ikusiko ditugun lanei jagokenez, papelean egindako 300 obra, ohol gaineko horma-irudi serie batzuk, formatu erdiko miesak eta eskultura batzuk dagoz bertan.

Esan dogun moduan, obra horreek Bilboko Rekalde aretoan dagoz, eta areto horretarako egin ziran beren-beregi. Bere obrarik barriena, azken hiru urteotakoa, dago bertan. Obra horren zatirik handiena serie handietan sortu ebanez, Muniategiandikoetxeak areto horretako espazioak euki ebazan buruan: “Gustetan jat artelanak instalazinora egokitzeko ahalegina egitea, eta bien arteko batasun horretatik zeozer desbardina urtetea, zeozer desbardina kontetea”. Planteamentu horretatik abiatuta, espazioaren mugen ganeko hausnarketea proposatzen dau, eta erabilten dituan baliabideen aukerak aztertzen ditu, pinturearen, eskulturearen eta arkitekturearen arteko mugak lausotuz.



BIZKAIE!

Arbidea, 1 (Txurdinaga), 48004 Bilbao
Erredakzinoa: Tel. 94 4162393 - Faxa 94 4150199

bizkaie@bizkaie.biz

Babesleak:

Creative Commons License

Codesyntaxek garatua