Erbestera ez joateko etxebizitzak
Historiaren joan-etorriak
Historia errepikatu egin da. XVI. mendean, turkoek Palestina gobernetan ebenean, kristinauek ezin eben diru trukeko beharrik bete. Bostehun urte geroago, bizimodu duina aurrera atarateko oinarrizko baldintzak falta dira. Israelen estrategiaren helburuak beteten doaz arian-arian. Hormatzarra ariete ezin hobea da palestinarrak, orokorrean, eta palestinar kristinauak atzerrira joan daitezan. Jentea ezin da ospitalera heldu, ez eta lantokira be. Euren herrialdean bertan itota bizi dira.
Aste Santu honetan ez da barrikuntzarik izan. Jerusalengo ospakizunetara joateko baimenak jadetsi ebezanen alaitasunak aurrez aurre jo eban soldaduen ardurabakokeriaren kontra, azken honeek kontroletan paper ofizialak txiki-txiki egiten ebezanean. Beste irain bat, Palestinan greko, erromatar eta otomandarrak baino askoz be lehenago bizi diranentzat.
Jakingarriak
-Kristinauak: kristinauen populazinoa Palestinan, gaur egun, ez da % 2ra heltzen. 1900an % 12 ziran eta orain dala 50 urte % 20. Belen edo Ramalan biztanleen % 90 kristinauak ziran, baina gaur egun ez dira % 25 baino gehiago, Eleizen Kontseilu Ekumenikoaren txosten batek emondako datuen arabera.
- Atzerria: txostenak ondorioztatzen dau Belengo jatorrizko kristinau gehiago dagoala Txilen edo Brasilen Jesus jaio zan herrian baino. Ramalako kristinau gehiago dago Detroit-en eta Jacksonville-n Palestinako uri honetan baino. Gaur egun, 50.000 kristinau bizi dira Zisjordanian eta beste 2.000 Gazan.
- Lur agindua: azken Intifadatik hona, kristinauen kopurua agiriko moduan murriztu da. Kalkulu batzuen arabera, 1.000 kristinauk egiten dabe iges euren lurraldetik. Kanada izaten da euren jomugarik maiteena.
- Errefuxiatuak: 1948tik errefuxiatu behar izan diran palestinarrak 3,5 milioi dirala kalkuletan dau NBEK. Gehienak Libanon eta Jordanian bizi dira.
Begiluzea
Frantziskotarrak etxebitzak egiten dabilz Palestinako kristinauak euren jatorrizko lurraldean geratu daitezan; izan be, musulmanek ez dabez oso begi onez ikusten eta Israeleko armadeak Palestinan aurrera eroaten dauan zigor jarduna gero eta gogorragoa da.
Jarioa amaiezina da. Kontrako ingurune batek eta israeldar soldaduen okupazinoak bultzatuta, Palestinako kristinau askok be askok erbestera joateko erabagia hartu behar izan dabe, etorkizun hobea topetako gauza izango diralakoan. Ganera, Israel Zisjordaniako hormatzarra eregiten hasi danetik, familia mordoa banandu, makina bat behargin behar barik lotu eta eskola nahiz ospitaletara joateko sarbideak itxi dira.
Frantziskotarren erlijio-ordena handinahiko proiektu baten sartu da, milaka urteko ingurune latz honetan familia kristinauei lagundu ahal izateko: Belen eta Betfage-n (Jerusalengo kanpoaldea) ehun bat etxebizitza eregitea, inguru honetako kristinauek alde egiteko preminea sentidu ez dagien.
Etxeak eta olibondoak
Frantziskotarrek doaneko eskolak zabaldu, ikasi gura daben unibersitarioei bekak emon eta, intifada hasi zanetik, euren ostatuetako beharginei soldaten % 75 pagetan deutsee, leku santuetara daborduko erromesik bape ez joanagaitik be. Eta orain, etxebizitzak erosi eta errentan ipintetik, eregiten hasteko saltoa egin gura dabe. Betfage-n 72 pisu egin gura dabez, 10 milioi euroko aurrekontuagaz, eta Belenen beste 36. Azken herri honetan, lehenengo blokeak datozen gabonetarako inaugurau gura dabez. Obra zuzendaritzea Israeleko teknikari arabiar batzuek daroe, beharlekura joateko arazorik euki ez dagien, inguru honetan oztopoak eta trabak behin eta barriro agertu arren.
Israelen hormatzarrak, ganera, palestinarren hainbat etxebizitza botatea eta arabiarren diru iturri garrantzitsuak diran olibondoak hondatzea dakarz. Eszena hau leku askotan ikusten dabilz. Israeleko dozenaka beharginek arbolak zerra elektrikoez ebagi eta etxebizitzak botaten dabez, soldaduek hur-hurretik babestuta. Amorrua, protestak eta frustrazinoa. Ekuazinoa amaitzeko, erbestera joatea baino ez da falta.