Cypher
“Cypher” espien thriller interesgarria eta, efektuen aldetik, nahiko txundigarria da, nahiz eta, Estadu Batuetan erabili ohi diran aurrekontuen kopuru handiak kontuan hartuta, sano karua izan ez. Era berean, nahiko antzezpen onak ikusi daitekez, aktore batzuen ibilbideak eta ohiko jardunak gorabeheratsuak izan diran arren, kasu baterako Lucy Liu-renak.
Ganera, film honek gaurkotasun handiko gaien inguruan hausnarketea egiteko bidea emoten dau, berbarako norbanakoen alienazinoa, erabagiteko gaitasun faltea edo personen gogaitasuna.
Edozelan be, “Cypher” maitasun istorioa ezkutatzen dauan espien filma da, zientzia fikzinoaren ukutuak eta guzti. Estilo klasikoan eginda dago, baina superpotentzia bi agertu beharrean, konpainia erraldoi eta ahalguztidun bi ikusiko doguz aurrez aurre eta nor baino nor. Berlingo hormatzarra jausi, komunismo eta kapitalismoaren arteko gatazkea amaitu baina sistema irabazlearen barruan lehengo metodo berberak erabilten dira. Hori bai, pelikula osoan ez dozue polizia bakar bat be ikusiko, ez inongo gobernuko espiarik, ez eta udaltzain triste bakar bat be. Gobernuak desagertu egin dira gidoilariaren eta zuzendariaren planifikazino zehatzaren ondorioz, beharbada, etorri leitekenaren kritika modura edo.
Vincenzo Natali zuzendariaren bigarren lan hau suspenseko filma baino gehiago ezustekoen pelikulea da; egun gris, goibel eta euritsu baten, gauza desbardin bat ikusteko aukera egokia.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Vincenzo Natali.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 109 minutu..
- Antzezleak: Jeremy Northam (Morgan Sullivan), Lucy Liu (Rita), Nigel Bennett (Finster), Timothy Webber (Calloway), David Hewlett (Vergil Dunn), Kari Matchett (Diane Thursby).
- Gidoia: Brian King.