Buenos Aires, haize korronteak (III)
Obeliskoa Corrientes kalearen ondoan dago, eta kalean bertan uriko zineak, antzokiak eta kultura arloko tabernak dagoz. Kultura mobimentua handia izan da beti, eta oraindino be bada. Tradizino handia dago zinera eta antzerkira joateko, eta krisiak jo badau be, goi eta erdi mailako klaseak tradizino horri eusten deutse, baita kultura arloko ikuskizunetara joateko be. Kalea beti egon da idazleakaz lotuta. Cortazar be han batzen zan kultura arloko lagunakaz. Artisten eta intelektualen korronteen bizileku eta eztabaida-lekua izan da. Han dago Buenos Aireseko kaferik zaharrena, idazleen batzartokia, eta gaur egun irratsaio baten beharlekua. Hormetan begiratzean atzera egin zeinke ehun urte eta mendea barrutik begiratu, sasoiko bentanak ikusi: artisten argazkiak, andrak, gizonak, aspaldiko bizimodua... Eta taberneak berak oraindino giroari eusten deutso. Kalea ezaguna da Argentina osoan, han antzezten dira musikalak eta antzezlanak eta. Lanik onenek bide luzea egiten dabe han agertzeko. Zineak be ezagunak dira, bertan Argentinako filmak, Hollywood-ekoak zein Europakoak emoten dabez eta. Leku ederra da zinea gustoko badozu. Kultura arloan be behar handia egiten dabe, eta erakusketak, artisten monografiak eta abar egiten dabez.
Corrientes kalean dago kulturearen inguruko bizimodua, beraz. Kalean liburu-dendak inon baino ugariagoak dira, papela eta kartoiak ideiak zabaltzeko, munduak sortzeko erabilten dabez eta. Gauetan, kalean kartoneroak batzen dira, ez ideien atzetik, jatekoaren atzetik baino. Buenos Aireseko kanpoaldetik etorten dira eta zaztar-boltsak zabaldu eta barruan beste batzuk baztertu dabena topetan ibilten dira. Izan be, pobrezian bizi diranak gitxienez % 40 dira. Ez da gitxi, ez. Gauez datoz eta gauez joaten dira, trenez, autobusez edota bizikletaz. Batzuek dendetako gurdiak daukiez batzen dabena eroateko eta honeek bete arte egoten dira, batutakoa hurrengo egunean saltzeko. Kartoneroek egiten daben lana handia da, eta ekologiari begira sano garrantzitsua. Halan da be, ez dabe laguntzinorik jasoten. Kalean jenteak eskatu egiten dau, umeak, amak...; ume batzuk soinu txiki bat hartu eta daukazan botoi apurrak zapaltzen emoten dabe egun osoa.
Ebangelismoa asko zabaldu da hegoamerikan. AEBetatik eta Europatik etorten dira bertokoen arimak salbau guran. Gau aldera batzarrak egiten dabez, mezak. Zinetik urten dodanean, batzartokiaren kanpoaldean egon dira. Zazpi denda aurrerago aldean tangea eta sostena baino ez daukiezan neskak edariak zerbiduten deutsiez gizonei. Tabernea txikia da, gorputzak ia biluzik dagoz, irribarrea eta konbertsazinoa eskaintzen dabez neskek, eta gizonek gura daben neskea bihurtzen dabe aurrean daukiena.
Eta dana Corrientes kalean dago. Kalea holakoa da, korronteena.
Iratxe Ormatza
Buenos Aires handia da, eta uri gehienetan pasetan dan moduan, jentea prisaka, denporearen kontra bizi da. Kotxeak be abiadura handian joaten dira. Ezin izan dogu jakin zein dan abiadura-mugea, edo dagoanik be! Kotxeak eta autobusak arin-arin doaz, baita taxiak be. Hutsik badoaz, baina, astirago joaten dira, personak berezoak be badira eta. Bidea alde batetik bestera pasetea edo zebra-bidetik joatea be abenturea izan daiteke. Batzuetan emoten dau ikusten zaituenean arinago be badoazela, eta mamu baten moduan zure atzetik etorriko dirala atrapau arte. Ez da harritzekoa Buenos Airesen bakarrik urtean laurehun pertsona hiltea kotxe istripuetan.
Buenos Aires herriko uririk handiena da, eta auzoetan banatzen dira jentea eta bizimoduak. Ricoleta auzoa, esaterako, aberatsen auzoa da. Joan dan mendean uria gaixotasunen menpe egon zanean, aberatsak goi alderdi honetara joan ziran, gaixoakandik igesi. Etxe dotoreak dagoz, beraz. Eta han egiten dabe Argentina osoan ezaguna dan azokea: Frantzia plazako azokea. Hainbat eta hainbat artisau etorten dira hona euren beharrak saltzeko. Esan deuskuenez, artisauek beharrak erakutsi eta antolatzaileen onespena behar dabe han saltzeko. Baina ez dira artisauak han dagozan bakarrak, izan be, jatekoa be saltzen dabe. Ganera, astrologoak, eskua irakurten dabenak, gorputzaren energia aztertzen dabenak be han dagoz, gura beste. Beste auzo bat Palermo da. Azkenengo urteotan hara joan dira deiseinatzaileak euren dendak edegiteko: azken jokaerak han topauko dozuz, bai arropetan, baita etxeko altzarietan be. Tabernak eta jatexeak be ugari dagoz, janari berezia eta gaueko bizimodua eskaintzen dabezanak batez be.