Zerbitzu barriak, ogibide zaharrak
Senarra alogeran hartzetik 'teleamaren' zerbitzura
Gizartea abiada bizian aldatzen doa, hainbat kasutan betiko ekanduak iraultzeraino. Orain dala hogei urte inori ez jakon bururatuko txakurra paseoan eroateagaitik, entxufe bat aldatzeagaitik edo etxean lez bazkaltzeagaitik pagetea. Gaur egun gizarteak berak sortzen dauz horrelako hutsuneak, irudimen apur bategaz, gerora lanpostu bihurtu leitekezan hutsuneak.
Joseba Terreros
Europako Batasunak 1995ean langabeziari aurre egiteko hainbeste bultzatu eban etxerik etxeko zerbitzua ostera berbiztu da. Izen erakargarriak eta umore oneko enpresak ugaldu dira, 'ganerakoen arazoei urtenbidea topau' eta, bide batez, ideiaren sortzailearen ekonomiari ondo be ondo laguntzeko. Harrigarria izan arren, gaur egun etxeko matxura txikerrak konpontzeko senarra errentan hartu leiteke edo etxean bezela bazkaltzen jarraitzeko 'teleama' zerbitzua. Zerbitzu barri honeek gaur egungo bizimoduaren abiada biziaren ondorioa baino ez dira.
Azken urteotan sortu diran beharretarik batzuk sailkatukeran, arazo larriak izango geunkez, lanotariko hainbat bape arruntak ez diralako, eta, era berean, nahikoa harrigarriak. Izan be, lanaldiaren luzea eta estua dala-eta, gaur egungo bikoteek eta familiek ez dabe orain arte ohikotzat joten ziran zereginetan jarduteko astirik. Horrezaz ganera, azken hamarkadetan aisialdiaren kulturea zabaldu danetik, jentea ez dago astialdia sakrifiketako prest. Osterantzean, zergaitik ez dakigu entxufe bat konpontzen edo koadro bat eskegiten? Edo zergaitik ez daukagu holako atazetan jarduteko astirik?
Etxeko andra-gizonek, atezainak edo senitarteko trebeak egiten zituen beharrak gaur egun inork ez ditu debalde egiten. Kontuak kontu, lanen asmatzaile talentudunen irudimena martxan ipini eta holako lanen bertsinorik bitxienak sortu dira. Lehenengo eta behin, etxerako janaria etorri jakun, 'telepizza', 'telepaella' edo 'teleoilasko' ospetsuak; ostean, alkondarak garbitu eta plantxetako zerbitzuak. Geroago, 'shopper'-ak, ezertarako astirik barik dabilzen exekutiboak janzteagaz arduratzen diran profesionalak. Eta orain senarrak alogeran hartu edo 'teleama' kontratetako zerbitzuak.
Izan be, gaur egungo familietan ez daukagu astirik, ez dakigu ezer be egiten edo, beste barik, ez gagoz gure astialdia behar mueta honeetan galtzeko prest; horregaitik, era honetako behartxuak egiten arduratzen dan makina bat enpresa eratu da.
Ohiko konponketa lanez ganera (iturgintzea, hormak pintetea, elektrizidadea, altzariak montetea...) bestelako zerbitzuak be eskaini ohi dabez: autoak IAT pasetan eroatea, ordenagailuak konektau eta konfiguretea, Psikologiako ikasleek umeak gauez jagotea edota makalduriko zaharrei etxeko zereginetan laguntzea. Eta ez pentsau zerbitzu honeek Londres, Madril edo Amsterdamen baino ez dirana emoten, horreetariko hainbat eta hainbat Euskal Herriko uriburuetan be topau geinkezalako.
'Senarra Alogeran' zerbitzua
Hasikera baten zerbitzu mueta honeek mesfidantza handia sortzen eben arren, erabiltzaileen ahoz ahoko publizidade onari esker nahikoa zabaldu dira. Kasu baterako, Madrilen 2001eko hasikeran martxan ipini eta izen xelebrea daukan 'Senarra Alogeran' zerbitzua sano arrakastatsua izan da. Enpresa honetako arduradunaren esanetan, jenteak dei egiten deutse iturgin edo argiketariaren begira egoteaz abrosidu dalako eta zerbitzu beratan hainbat matxura konpontzeko gauza diralako. Prezioak zerbitzuen araberakoak izaten dira. Autoa IAT pasetan eroateak 46 euroko balioa dauka; bainugelako iturri arrunt bat aldatzeak 18 euro; lanpara bat eskegiteak 9; koadro bat jarteak 12, baina bat baino gehiago ipini behar badira, bigarrenetik aurrera 6 euro baino ez dira kobretan; pertsianea konpontzeak 42... Behar egiteko gitxieneko fakturea 24 eurokoa da, materialak alde batera itxita.
Edozelan be, Europako beste uriburu handi batzuetan pasetan danez bestaldera, 'Senarra Alogeran' zerbitzuak ez dau momentuz eskaintzen txakurrak paseoan eroan, ospitaletan dagozan gaixoak bisitau edo umeei bizikletan ibilten irakasteko zerbitzurik. Dana dala, eskaintzak apurka-apurka handitzen doaz eta uda honetan lorategiak edo terrazetako lorak ureztatzen joateko zerbitzua opesteko amesa dabe.
Tarte baterako aitite-amamak
Andrak lan munduan sartzearen ondorioz, familien barruan beteten eben rola irauli eta famili unidadeek gero eta zerbitzu gehiago kontratau behar izaten dabez. Seme-alabak ezin dira bakarrik egon eta, etorkinek etxeko beharren arazoari urtenbidea emon badeutsie be, ogibide maitagarri batzuk sortu dira. Honen eraskusgarri tarte jakin batzuetarako kontratetan diran aitite-amamak dira, edadeko personak baina ondinokarren be sasoiari eusten deutsienak. Aitite-amama berezi honeek diru kopuru txiker baten truke umeak jagoteko hainbat eginkizun beteten dabez, berbarako eskolara seinen bila joan, meriendea emon, eskolako beharrak egiten lagundu edo parkera olgetan eroatea.
'Teleama' zerbitzua
Bizimoduan izandako aldaketa horreek 'Mmmmm' ideia eta publizidade enpresea bultzatu eben ondo eta etxean lez, baina bulegoan, bazkaltzeko negozioa abiarazoz. 'Teleama' zerbitzua halantxe eratu zan 2001ean; eskaintza honen bitartez hartu-emonetan paretan dira behar barik dagozan etxeko andrak eta ondo, etxean lez, bazkaldu gura dauen baina suetean jarduteko astirik edo ahalmenik ez dauen jentea. Ideia gitxika-gitxika zabaltzen joan zan eta 'Mmmmm' enpreseak http://www.telemadre.com web orria sortu eban; halandaze, orri honetako foroan behar egin gura daben teleamek edo ondo eta merke bazkaldu gura daben teleseme-alabek euren preminen araberako iragarkiak ipinten dabez. Bizkaian, kasu baterako, Karmen izeneko teleama topau geinke, telefono zenbaki eta guzti. Zerbitzuan danetara 100 bat teleama izango dira, eta horreetariko bakotxa gehienez be lau edo bost seme-alabagaz arduratzen da. Ideia hau Madrilen sortu zan; beraz, estadu osora zabaldu eta Euskal Herrira be ailegau da, baina, sortzaileen esanetan, negozioa baino gehiago alkartrukerako eredu egokia baino ez da. Berezitasuna alkartruke horretan datza. Teleamak pozarren dagoz bizitzan betiko beharra lehenengoz egiten dabelako ordainduta. Ganera, etxeko andreek sekula protestau eta kobrau barik egin daben beharra kontuan hartzen dala ikusten dabe. Teleamarik gehienek lan honi esker ataraten daben dirua behar-beharrezko daben arren, beste batzuentzat erabilgarri sentiduteko beharrizana dirua baizen garrantzitsua da. Bakardade eta gogaitasunaren kontrako terapia ezin hobea da. Bestalde, teleseme-alaba batzuk hain dagoz pozik, ze oporrak be pagetan deutseez, zerbitzua emoten segidu daien.
Sistema hau lanaldi trinkoan dabilzen 30etik 40 urtera bitarteko personek erabilten dabe gehienbat. Ikasleen etxeetan be hasi dira teleamen eskaintzak kontuan hartzen, bai eta lanetik bazkaltzen urteteko modurik ez daben beharginen bulegoetan be. Izan be, teleamek oso menu gozoak egiten dabez nahikoa prezio merkean. Menuak astean birritan edo hirutan bialtzen deutseez eta teleseme-alabek bialketearen egunean bero-bero jateko aukerea dabe; ganerako jakiak izoztu egiten dabez, beste egun batzuetan jateko. Ganera, aparteko eskaerak be egin leitekez, lagun edo familiarteko baten urtebetetzea danean edo afari nahiz bazkari berezitxuren bat egin gura danean.