Globalizazino zantzuak gure artean?
Izan be, jarduera formal zein ez-formaletan erabili beharreko erregistroak ez dira berberak. Halan da be, besteak beste, irakaskuntzan, irakasleen eta testuliburuen eraginagaitik, lekuan lekuko aldaerak bazterrean lagateko edota tokiko aldaerei ezelako lekurik ez autortzeko jokerea ikusi leiteke. Halan da guzti be, 0-6 urte bitarteko umeakaz gagozala zein da erabili beharreko erregistroa? Edo eremu ez-kurrikularretan –erabat– ari garanean (jantokian, eskolaz kanpoko ekintzak orobat, etab.) zein da kontuan hartu beharreko aldaerea? Begiraleen zein bestelako profesionalen prestakuntza saioetan hizkuntza aldetiko prestakuntzak zein leku beteten dau? Eta tradizino literarioa daukien euskalkien kasuan horreen lanketea noiz eta zelan txertatu behar da curriculumean? Etxeko eskaratzean euskerea ikasi eta apurren bat edo ezer ezagutzen ez dabenak tratamentu bera izan behar dabe irakaskuntzan? Hona hemen erantzun bateraturik izan ohi ez daben galderak eta euskerearen zabaltze eta indartzeagaz zerikusia daukienak.
Bestetik, euskalkiak indartzea atxakia hartuta, euren izenean gehiegikeriak be jazoten dira (administrazinoan zein hedabideetan, baina, zenbait alkarte, erakunde zein tokiko hedabide tarteko dirala baita be). Izan be, besteren artean, gurasoek ahoz transmitidu euskuena idatzira ekarteko eta, horren kariaz, batasun bidean hartu doguzan erabagiak bete barik, edozelan idazteko jokerea dago hainbat lekutan. Jokabide horrek ez deutse ez euskalkiei ez batuari ez eta euskerea indartu eta zabaltzeko ahaleginari ezelako ekarpenik, mesederik ekarriko eta orain arte egindako bidea nahastetako baino ez dabe balioko, geure hizkuntzearen geroa ilunduz. Zein eratara idatzi eta berba egin behar dan dudea areagotzeko pausuak egiten segitzen badogu, dudearen aurrean, hiztunak dudarik sortzen ez deutson eredura joko dau zuzen, eta holakoetan euskerea (euskalki zein batu) izango da galtzaile nagusia.
Bada, kontua ez da batak bestea irenstea, traba egitea edota ahultzea, biak alkarren osogarri izan daitezan bultzatzea baino. Era horretara indartuko dogulako, ez bestela, gure hizkuntzearen geroa, hizkuntza komunidadea berregiteko eta indartzeko aukera barriak sortuz. Hagatik, Euskaltzaindiak jentaurrean aurkeztu barri dauan adierazpena, paper bustiaren etxurea hartu ez dagian, gogoeta gai izan beharko leuke aitaturiko esparruetan erantzukizunak doguzan guztiontzat.
Adierazpena osorik irakurtzeko http://www.euskaltzaindia.net/erakundea
Erramun Osa
Euskalduna Jauregian egindako Euskaltzaindiaren XV. Biltzarreko mahai-inguruaren ondorioz, euskera batua eta euskalkiak zertuko ebazan adierazpena atontzeko konpromisoa hartu eban Euskerearen Akademiak. Harrezkero, Euskaltzaindiko Jagon Sailaren barruan dagoan Euskalkien lan-taldean beharrean ibili dira, oinarrizko proposamena idatziz, ekarpenak-eta jasoz, euskaltzain osoen azken ohar-ekarpenakaz erabat onetsi dan arte.
Adierazpena onartu eta jentaurrean aurkeztu ahal izateko, Mikel Zarateren omenez 2004ko martiaren 26an antolatutako Ageriko bilkurea baliatu nahi zan. Osoko bilkurea Lezamako Udaletxean batu zan, baita “Euskalkien erabileraz. Irakaskuntzan, Komunikabideetan eta Administrazioan” izeneko adierazpena berretsi be, baina, Andolin Eguzkitza euskaltzainaren hileta-elizkizunak Ageriko bilkurea atzeratzea ekarri eban. Adierazpena berresteko aukeratutako lekuagatik, deklarazinoaren titulu luzea ordeztu guran edo, “Lezamako adierazpena” izenburutzat bataiatu dauanik badago egon baztarretan.
Honenbestez, euskerearen ofizialkidetasunak desbardintasunak apaltzeko eta dana bardinduz joateko egungo joera barria (beste maila batzuetan pasetan diran globalizazino jokerak, hizkuntza kontuetan be jazoten dirala ikusi geinke) egoki azaltzen dabelakoan, hiru arlo esanguratsu aztertu ez eze, batua eta euskalkiak alkarren kontra beharrean, bata bestearen osogarri eta aberasgarri izan daitezan, orain arte proposatutako jarraibideak gogora ekarri eta egoera barriari erantzun ahal izateko jarraibideak proposatu deuskuz Akademiak. Izan be, batuaren eta euskalkien arteko horretan, besteak beste, bi jazoera indartzen ari dira gure artean. Batetik, batua zein batu antzekoa edonon, edonoiz eta edozertarako erabilteko jokerea indartzen ari da, euskereak belaunez belaun irautea lortu dauan guneetan be. Egoera honek belaunaldien arteko komunikazinoan etenak eragin ez eze, euskalkietan higadura eragin (batutik hurren diran aldaerak –Gipuzkerea, esate baterako– jokera hau igarten dagoz era nabarmenean) eta belaunaldi barriei gure aurrekoen berbakerea transmititzeko zailtasun barriak be ekarri ditu, halan da ze, aldaera bakotxa noiz eta zertarako erabiltea komeni dan oso kontuan hartu beharrekoa da.