Eretxia  III. urtea // 56. zenbakia

Estadu Batuak Irakeko laberintotik urten ezinik


Argi dago, nire ustetan, Estadu Batuetako gobernuak ez ebala ondo pentsau zeintzuk izango ziran gerrearen ondorioak. Ezin da ukatu gaur diktadore basati bat gitxiago dagoala munduan, baina lan handiak dagoz oraindino egiteko pakea Iraken benetakoa izan daiten.

Estadu Batuak, konturatu barik, laberinto bihurrian sartu dira. Ez eben ondo pentsau non sartzen ziran, zein zan egoerea eta zelan konpondu Irakeko arazoak. Pekatu horren penitentzia uste baino gogorragoa izango dala eguneroko albistegietan ikusten dogu.

IƱaki Atxutegi

Iraketik jatorkuzan barriak ez dira bape gozoak. Orain urtebete inguru "gerra ofizialean" egoan Mesopotamiako herria. Gerra gordina zan ordukoa, ejerzito bien artean gauzatzen zana. Hainbat hildako eta zauritu ugari izan ziran orduan, edozein gerratan pasetan dan modura. Irakeko zibilak izan ziran egoerarik gordinena sufridu behar izan ebena, gerra modernoan zibilen kontrako erasoak eguneroko ogia dira eta.

Batek baino gehiagok uste izan genduan egoera gozoagoa izango ebela Irakeko herritarrek gerrea akabau eta gero. Ez dot asmau, zoritxarrez. Eta ez dakit nik gerrea ostekoa ez ete dan gerrea bera baino kaltegarriagoa izango zibilentzat.
Sadam Husseinen ejerzitoa menpean hartu eben baina gerrearen amaiereak ez deutso pakerik ekarri Irakeko herriari. Kontuak kontu, Sadam Husseinen errejimenak ezkutatzen eban Irakeko egoerea agirian geratu da.

Europearrek kolonizautako hainbat Estadutan pasetan dan modura, Irakeko herria oso anitza da. Giza talde bat baino gehiago dago bertan eta euren arteko gorabeherak ezkutauta egozan Sadamen bota azpian. Hor dagoz kurduak, suniak eta xiitak. Alkarren arteko diferentzia etniko eta erlijiosoak begibistakoak dira. Urte luzetan sortutako ezinikusiak be bai. Tradizionalki suniak egon izan dira boterean, xiitak eta kurduak zapalduz.

Xiitek Irakeko gehiengoa osotzen dabe, baina ez dira boterean egon Iraken. Boterearen kontrako euren matxinadak oso odoltsuak izan dira. Kurduak estadubako herririk handiena dira eta zapalduak izan dira bai Iraken zein Turkian edo Iranen.

Amerikarrek Irak inbadidu ebenean, ez eben uste gaur dagoan egoereari aurre egin beharko eutsenik. Sinplekeriak bultzatuta edo petroleo egarriak itsututa Iraken sartu ziran. Halan, Sadam Husseinen menpean mobidu barik egozan deabruak saltoka eta korrika hasi ziran.

Xiitek menpekotasun egoereari buelta emoteko aukerea ikusi eben. Mendeku usaina dauka hauteskundeak egiteko egin daben erreklamazinoak. Xiitak populazinoren % 60 dira eta errez irabaziko eben hauteskundeetan. Baina Estadu Batuak bildur dira ez ete eben xaria edo lege islamikoa indarrean jarriko irabazle urten ezkero.

Suniak ziran Sadam Husseinen sasoiko agintari gehienak. Asko galdu dabe gerrearen ondorioz. Gehiago galduko eben hauteskundeak izan ezkero. Aldaketea politikoa ez da eurentzako gozoa izan. Halan, ez da harritzekoa erresistentziarik handiena zonalde sunietan izatea.

Kurduek zelanbaiteko autonomia lortu eben lehenengo Golkoko gerrearen ondorioz. Autonomi horreri eutsi gura deutsie. Badakie jakin ganerako giza taldeek ez dabela begi onez ikusten euren egoerea, independentziarako lehenengo pausua izan leiteke eta. Estadu BatuarrAkaz zeozelako akordioa lortu dabe, baina kontuz ibili behar dira gitxiengo kurdua daukien estaduak, batez be AEBen aliatua dan Turkia, hasarretu ez daiten.