El 7º dia
Domekako gau ilun baten orain dala 14 urte inguru egoera krudela bizi izan eben Extremadurako herri txiker baten. Anaia bi, eskopetea eskuan eukiela, herri horretako plazara joan eta kalean egozanen kontra egin eben tiro; emoitzea, benetan, bildurgarria izan zan: bederatzi hildako eta hamabi zauritu.
"El 7º día" jazoera lazgarri horreek irudikatu baino gehiago horreetan inspiretan da indarkeriaren eta gorrotoaren zuztar ezkutuetan sakondu eta horreen inguruko azterlan interesgarri bat egiteko. Filma ez da sartzen azalpenak emoteko ohiko akatsean, baina ahalegin handiak egin dauz gertakizun ikaragarri horreek marko zabalago baten barruan kokatzeko. Horretarako, Loriga gidoi-egileak hiltzarre horren zuzeneko biktima baten ikuspuntuaren teknikea erabili dau.
Ideia oso interesgarria izan da eta Saurari kontakizuna sendoago gorpuzteko aukerea emon deutso; dana dala, Yohana Cobo hasi barriak egindako ahaleginak gorabehera, familiaren lehenaldiaren bila egindako ikerketak ez dira Fuentes familiaren nondik norakoak baino interesgarriagoak izango. Horrek zelan edo halango desorekea sortu eragingo dau, filmaren lerro nagusi biak behar legez buztartzen ez diralako eta batek abrosidu egiten gaitualako besteak entretenitzen gaituan neurri berean.
Guztiagaz be, Saurak pantailan batu dauzan antzezleen zerrendea ikaragarria da eta hori, jakina danez, igarri egiten da. Pelikulearen mamima antzezleen kontakizuna da; izan be, Juan Diego, Jose Luis Gomez, Victoria Abril, Ana Wagener eta Ramon Fontsere aktoreek eskaintzen deuskuen antzezpen lana itzela da, bikaina, benetan.
Ganera, pelikulearen azkenengo tarteak zuzendariaren maisutasuna erakusten deusku. Hilketearen sekuentzia apaltasun handiz eginda dagoan arren, indar biluziak daukan sendotasun ikaragarriari eusten deutso, sinisgarritasun osoa emonda. Akatsak akats, beraz, une honetan zinematan daukagun lanik onenetariko bat da.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Carlos Saura
- Herrialdea: Espainia.
- Antzezleak: Juan Diego (Antonio), Jose Luis Gomez (Emilio), Jose Garcia (Jose), Victoria Abril (Luciana), Yohana Cobo (Isabel), Eulalia Ramon (Carmen), Ramon Fontsere (Jeronimo), Carlos Hipolito, Oriol Vila, Juan Sanz (Amadeo), Ana Wagener (Angela), Elia Galera (Clara), Carlos Kaniowsky (Raul), Antonio de la Torre...
- Gidoia: Ray Loriga.