Txutxu-mutxuan  III. urtea // 56. zenbakia

Abusuko denpora-banketxea


Denpora txekeak

Trukaketea eraginkorra izango dala kontroletako, zerbitzu bat beteten dauanari taloi bat emoten jako horretan emondako denporea eta ordu kopuruak egiaztetako; hau da, agiri horren bitartez, tarte bereko zerbitzua jasoteko eskubidea dauka. Txeke horreek hilero-hilero berrikusten dira, emon eta jasotako denporan 20 ordutik gorako alderik ez dagoala konprobetako.

Euskal Herrian esperientzia hau nahiko barria dan arren, antzeko esperientziak abian dagoz 80ko hamarkadatik makina bat herrialdetan “Time Dollar” izendazinoaren pean, esate baterako Zeelanda Barrian, Kanadan, Australian edo AEBetan.

Bazkiderik gehienak andrak

Europan Italia da ekimen honen burua; zerbitzu honi 90eko hamarkadan ekin jako kolektibo femeninoaren bitartez. Lan eta famili bizimoduak buztartzeko moduko erakundeak sortu ziran, andrazkoek zeregin batzuk kendu eta astialdian jarduteko denpora gehiago eukiteko.

Gaur egun be bazkiderik gehienak andrazkoak dira. Ekimen honetan parte hartzen dabenen profila ondokoa da: seme-alabak daukiezan persona helduak baina ez edadekoak, denpora-banketxeetan hartu-emonak lantzeko bidea topau dabenak. “Gaur nigatik eta bihar zugatik jarduteko leloa berreskuratu dogu eta hori komunidadearen barruko hartu-emonak estutzeko modu ona da” esan ohi dau Flori Vicentek, Bilboko Abusu auzoko denpora-banketxeko arduradunetariko batek.

Argibide gehiago Bilboko Abusu auzoko denpora-banketxean. Telefonoa: 94-416 23 88

Begiluzea

Denpora-banketxeetan boluntarioek ordu eta minutuetan pagetan diran zereginak bete eta zerbitzuak emoten dabez; erakunde mueta honeetan denporea trukatzen da.

Denporea prezio bakarra

Imajinau zeinkie zenbaki gorri bako banketxe bat, hartu-emon personalizatuak emoten dauzana eta norbera baloretan ez dabena kontu korrontearen eskumako aldean daukazan zeroen arabera? Imajinau zeinkie diru bako banketxea? Ba, hau guztiau ez da utopia hutsa, holakoak egon badagoz eta; Europa osoan eta ozeanoaz bestaldean ehundaka dira zabalduta dagozanak eta, ganera, orain dala gitxi, Euskal Herrira be ailegau dira, Bilboko Abusu auzora, hatan be. Denpora-banketxeak dira, egunean-egunean sortzen diran arazo eta gorabeherak konpontzen laguntzen daben trukaketa-erakundeak, personei era guztietako zerbitzuak eskainiz. Auzokidearen txakurra paseetan eroan, urtemuga baterako tarta bat preparau, ingeles eskola bat emon, edadeko persona bati medikuarenera lagundu...; dan-danak bardin balio dau: zerbitzua emon edo zeregina beteteko denpora-tartea baino ez.

Diruak balio guztia galtzen dau batzuek boluntarioen XXI. mendeko eredu modura definitzen daben proiektu honetan. Edozelan be, bete beharreko baldintza bat hartzen da abiapuntutzat: denporea emoten daben guztiek trukean tarte bera jaso behar izaten dabe, trukaketea edo zerbitzua maila berekoa ez bada be. Kontua ez da persona batek mesede bat egin eta beste batek horren truke zeozer egitea. Helburua eskaintza eta eskariaren arteko eremu komunitario bat sortzea da eta edade nahiz maila guztietako andra-gizonen arteko lankidetza balioak bultzatzea.