El Abrazo Partido
Ariel (Daniel Hendler) gaur egungo Argentina nahasi eta dekadentean bizi dan gazte bat da; beraren inguruan dan-dana aldatzen doa, herrialdeak bizi dauan krisialdi sakonean biziraupena zelan edo halan ziurtatu behar dalako. Gorabehera honeen ondorioz, asko Europako jatorria berreskuratu guran dabilz, baina ez euren izakerea edo nortasuna sendotzeko, ezpada helburu burokratikoagoak jadesteko, berbarako Europako paradisura heltzeko aukera emongo deutsen antxina-antxinako nazionalidade bateko pasaportea.
Pelikula honek daborduko hain gaztea ez dan Arielen nortasuna eregiteko ibilbidea erakusten deusku, bizitzan guztiz ohikoak diran pasadizo txikietan, barregarri nahiz tragikoetan, oinarrituz eta bizimodu guztietako erdi egien eta erdi guzurren barri emonez.
Berlingo Zimenaldira aurkeztuta, “El Abrazo Partido” filmak ikusleen saria jaso eban; ez da harritzekoa; izan be, gidoi aparta eukiteaz ganera, egunerokotasuna abiapuntutzat hartuta, guztiz unibersalak diran sensazino, balio, gogoeta, sentimendu eta gurarien barri emoten deusku, bizitzeak daukan zentzunbakokeria ukutua agirian ipiniz.
Pelikula hau be Argentinako azken urteetako zinearen arrakastearen adibide bat da; beharbada, herrialde honek bizi izan dauan egoera larriaren ostean, argentinarrek erakutsi behar deuskue mingostasun eta ironia apur batez zeintzuk diran benetako balioak, benetako maitasunak eta benetako euskarriak. Film polita, bizia, komikoa eta entretenigarria.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Daniel Burman.
- Herrialdeak: Argentina, Frantzia, Italia eta Espainia
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Daniel Hendler (Ariel), Sergio Boris (Joseph), Adriana Aizemberg (Sonia), Jorge D'Elia (Elias), Rosita Londner (Abuela de Ariel), Diego Korol (Mitelman), Silvina Bosco (Rita), Melina Petriella (Estela), Isaac Fain (Osvaldo), Aitilio Pozzobon (Saligani).
- Gidoia: Marcelo Birmajer eta Daniel Burman.