Gernikara danok!
Aste gastronomikoa (bagilaren 24tik 27ra)
Azken buruan, irakurle maiteok, preparau zaiteze hurrengo zenbakirako; izan be, amantala jarri eta lapiko artean sartuko gara neurri barik maite dogun gure eguneroko beharrari ekiteko.
Beste barik, lagunok, Gernikan alkartuko garalakoan, ondo bizi eta bagil oparoa izan daitela guztiontzat.
Beñat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko Sukaldaria.
Badogu oraingoan be nondik nora jo gastronomiaren alorrean; oraintsu Madrilen izan ginan 'Geugaz Jan', Bizkaiko Sukaldarien Alkartea aurkezten, baina orain ez gara hain urrun joango; Gernika herri dotorean alkartuko gara urteko egun seinalatua dan bagilaren 24an, San Joan egunean, eta suaren ganetik salto egin eta erre barik, aste gastronomikoari ekingo deutsagu. Gernika berez be ezagutzeko moduko herria da, eta badagoz ganera ondo jateko aukerak, jatetxez josita dago herri historikoa-eta. Horrezaz ganera, San Joan egunean hasi eta bagilaren 27ra bitartean aukera ederra dago gastronomia arloko adituen kontuakaz gozetako; horrenbestez, aste gastronomikoa iragarri behar deutsuet: sukaldaritzearen mundu honetan azken urteotan izan diran aldaketak, lehengo eta gaurko sukaldaritzearen desbardintasunak, behar egiteko erak, alkarrizketak, eretxiak eta bestelakoak; Geugaz Jaun Alkarteko sukaldarien zein lapiko artean urteak emon dabezanen jakinduria, guztion gozagarri eta aberasgarri. Kontuak kontu, emon deiogun errepaso txikia baino ez bada be aste horretako egutegiari:
Astelehenean, San Joan egunean, danok ezagutzen doguzan Mikel Zeberio eta Jose Luis Iturrieta izango doguz protagonista; biak be ospe handikoak eta gastronomian zeresan handia daukienak; ganera, Mikel Zeberio aditu lez eta persona lez ezagutzeko aukerea be euki dot, eta benetan jator-jatorra da. Zeberiok eta Iturrietak gastronomia gida ospetsuen ganean egingo dabe berba eta gastronomia gidak sortzeko pausuak, baliabideak, gida horreen erabilgarritasuna eta bestelako gai interesgarriak emongo deuskuez jakitera.
Martitzenean, bagilaren 25ean, Joseba Alija, Joseba Lezama eta ni neu, Beñat Ormaetxea, alkartuko gara mahai baten inguruan, eta Jose Angel Iturbe (Bigotes) ibiliko da koordinatzaile beharretan. Josean Alija, Bilboko Guggenheim Jatetxeko sukaldari burua da; Joseba Lezama, barriz, Martin Berasategigaz dabil lanean jo eta su, eta ni, ostera, Aretxondo Jatetxeko kozinerua nozue. Jose Angelek (Bigotes) ez dau behar aurkezpen handirik; Gernikako sukaldari honek Leioako Ostalaritza Eskolea eregi eban, eta orain urte batzuk gu hiruron maisua izandakoa da. Egun horretako gaia sukaldaritzea izango da: lehengo edo betiko sukaldaritzea eta gaur egungoa; bertara hurreratzen diranek euren eritxiak emon eta guri itaunak egiteko aukerea izango dabe. Bigotes jaunak be batek jakin zer galdera egin eta eztabaida saioa zelan bideratuko dauen.
Bagilaren 26an, eguaztenean, Gernikako lehengo sukaldarien txandea izango da: lehengo errezetak eta euren eguneroko beharra eta ohiturak aztertu eta menuak zelakoak ziran komentauko dogu.
Aste gastronomikoaren azkeneko astean, historian atzera egin eta gure sustraien barri emongo deusku irakaskuntzan irakasle izandako emakume batek. Hirurogeiko hamarkadan baegoan Gernikan sukaldaritza eskolea, lehenengoetarikoa hain zuzen be, eta eskola horretako arduradunakaz berba egiteko eta eurei itaunak egiteko erea izango da; oso denpora laburrean gauzak goitik behera aldatu dira gizartean, eta gastronomian eta sukaldaritzan be sekulako iraultzea izan da; sasoi hareetako errezetak eta behar egiteko moduak ahaztutea pekatu handia izango litzateke eta azken baten gorabehera horreezaz, onerako edo txarrerako urte gitxi batzuetan izandako aldaketa horreezaz jaubetzeko hitzordu ederra izango dalakoan nago.
Gauzak holan dirala, jatun onak zarienoi eta gastronomia gogoko dozuenoi konbitea luzatu behar deutsuet: San Joan tarteko, Gernikako aste gastronomikoa, bagilaren 24tik 27ra bitartean. Joan zaiteze, ez zarie damutuko-eta.
Gogoratu ganera, San Joan eguna astelehenean tokau dala aurten eta, beraz, plaza-eguna izango da Gernikan; ondo baino hobeto dakizue, eta esan beharrik be ez dago baina, eskualdeko baserrietako produkturik onenak erosteko aukera ederra izango dozue. Astelehena, asteguna, laneguna izanda, Gernikara hurreratzeko modurik ez badozue be trankil: gogoratu uda partean zapatuetan be plazea egoten dana. Badakizue gure lemea zein dan: 'sasoian sasoiko produktuak erosi eta jan', eta uda sasoian bete-betean sartuta, San Joanak tarteko, merkatuan San Joan madariak be topauko dozuez, gordinik zein laban erreta jateko primerakoak.