Lazkao Txiki handiagaz
San Antontxuak laster ailegauko eta, Bataklan txokoan batu ziran bertsolari eta bertsozale mungiarrak (baita inguruko herri eta auzoetakoak be). Roberto eta Keparen trikitixearen doinuagaz alaitu zan giroa, alaitzeko gehiegirik behar izan ez eban arren. Jon Lopategigaz batera, Gregorio Larrañaga be tartean izan ziran. Azken hau nor izango ete dan galdezka egongo zarie zeuon buruei, baina ‘Mañukorta’ esanda laster etorriko jatzue burura bekainak inork baino hobeto mobitzen dauazan bertsolari atsegina. Eta atseginetan atseginena be han egoan: Lazkao Txiki.
Afari galanta jan ostean (Lazkaok berak esan eban ‘hola jan izan banu gehiago haziko nintzan’), bertso-saioari ekin eutsien. Lazkao Txikik bertsolari bidea 1950. urte inguruan hasi eban, herriz herri, plazaz plaza, tabernaz taberna. Hamabi urte beranduago, bertsolaritza txapelketetan parte hartzen hasi zan eta omenaldiak laster etorri jakozan. Azken bertso afaria Mungian emon eban, eta jentaurrean abestu ebazan azkenengo bertsoak handik astebetera bota ebazan, urtarrilaren 24an Aita Santi Onaindia eta Alfontso Irigoienen omenaldian. Hurrengo egunean ospitalera joian bihotzeko ebakuntzea egitera, eta ez zan barriro bueltau. Apirilaren 3a zan.
Tristurea albo batera itxi eta Egun da Santi Mamiñaren doinuagaz Lazkao Txikik Mungiako tabernarik taberna bota eban bertsoa gogoratuko dogu:
Kontuak ongi atera
Lagun hemendik aurrera
Hemen baldosak hautsiko dira
Gu dantzan hasten bagera
Zeruko lekuren batean egongo da orain Lazkao txiki, beti be jantzarako prest eta barrea ahoan.
Saioa Torre Gereketa
Asier Legarretak Joxe Miel Iztueta, Lazkao Txikik Mungian egin eban azken afaria gogoan hartu gura izan dau. Horretarako, bertsolari ezagunaren izenagaz argitaratu barri dau liburuxka bat, Mungia Euskaldunduz, ‘Taket’ Mungiako Bertso Eskolea eta Uribe-Butroeko AEK-ren laguntzinoagaz, besteak beste.
Orain hamaika urte egon zan azkenekoz Lazkao Txiki Mungian, beste mundura eroango eban bihotzeko ebakuntzea egin baino astebete lehenago. Asier Legarretak ondo gogoratzen ditu herritik egindako ibilaldia, afaria bera, tarteko giroa, alaitasuna, umorea, poteoa.... baina batez be gizontxo ha alboan eukiko eban azkenengo aldia zala gogoratzen dau gehien, tristuraz baino ezpada be.