Euskaldunok munduan  III. urtea // 56. zenbakia

Louisianako Euskal Jaia


Aurreko urteko bagilaren 7an egin zan ofizial euskal-taldea, Louisiannako lehenengoa. Euskal jaia noiz egin eta alkartea ofizialki noiz instituzionalizau erabagiteko eukien oraindino, baina. Orain hilabete inguru ipini eben datea, maiatzaren bigarren eguna hain zuzen be. Halan da be, orain arte ez dira jairik barik egon. Bazkideek topaketa ugari egin dabez, eta gitxika-gitxika gero eta jente gehiago batu da, bai euskaldunak, baita euren familiakoren bat euskalduna daukienak be. Michel-Antoine Goitia Nicolas izan zan orain urtebete ekimenaren bultzatzaile nagusia, Bertha Bidart-Smith eta Francesca Azparren-Douglas bide horretan lagun euki ebazala. Gaur egun, ia urtebete beranduago, ehun personatik gora dagoz taldean.

Jakinmina eukitea nahiko izaten da askotan. Hori da, ganera, edozer ikasten hasi orduko bete beharreko ezaugarria. ‘Louisianna Basque Society’-ko taldekideei ez jake jakinminik falta, ez. Euskaldunak dirala badakie, baina euren arbasoez gehiago jakin gura dabe. Horregaitik ba, Renoko, San Diegoko eta Los Angeleseko Unibersidadeetako irakasle batzuk hurreratu dira bertara urteko jaialdian. Euskal kulturan be interesauta dagoz, eta bihotzak alaitzeko ‘Gauden Bat’, Kaliforniako dantzari taldea joan da bertara, 2.600 kilometroko hegaldia egin ostean, biribilketa batzuk eta egiteko.

Bertoko auzo txikietako jai-giroa lortzeko ez da asko behar. Nahikoa dira trikitixea, jantzan egiteko gogoa eta tabernako botilak beteta egotea. Lehenago, baina, afari ederra egitea derrigorrezkoa da. Askok gura izan dogu bertan egon, baina bankuko zenbakiek gora egiten ez daben bitartean udako herriko jaien zain egotea, besterik ez jaku geratzen.

Atxapunte

Urteko Euskal Topaketea ospatu barri da maiatzaren 2an Louisiannan. Bertako Basque Society taldeak antolatu dau ekitaldia, historian lehenengoz. Izan be, taldea orain urtebete sortutakoa da.

Jatorriz jente euskaldun gehiena Ameriketako Estadu Batuetako mendebaldean egon arren, beste paraje batzuetan be gure odoleko jentea egon badago, beti be Ama Lurra gogoan. Holan ba, batzar eta berbaldi askoren ostean, Louisiannako euskaldunek alkartea sortzea erabagi eben, beste jente askoren laguntzinoagaz.