Udabarriko musika loraldia
Oihuka eta Gor disketxeen eskaintza
Gor
BRIGADA CRIMINAL eta STUPENDA JONES
Talde bi honeek OSTI BI diskoa plazaratuko dabe alkarregaz. Zeozelan esateko OSTI BI, inguruko epelkeria musikalari emondako erantzuna da. Bi taldeok soinu sinple eta trinkoa lantzen dabe, euskerea zein gaztelerea tartekatzen dabez eta talde bien kasuan freskotasuna eta eskarmentua dira bereizgarri; kantu biribilak egiteko berezko abilezia daukie.
Brigada Criminal, Lazkaotik datorren laukotea da. Rock and rolla zein Social Distortion-en ereduko punkaren jarraitzaile amorratuak dira.
Stupenda Jones olaztiarrak, barriz, Nafarroako Sakanako haran hotzetik datoz eta punk-rockaren inguruan gustora dabiz bape lotsa barik. Talde bakotxak sei kantu grabau ditu eta diskoa maiatzaren erdialderako izango da salgai.
DOCTOR DESEO
Bilbotarrak apirilaren 30etik aurrera hasiko dira “Rómpeme...” disko barria zuzenean aurkezten: 04/04/30ean Iruñeako Artsaian izango dira. Maiatzaren 1ean Bergarako Jam Aretoan. Maiatzeko bigarren astegoienean, zazpian eta 8an Bilboko Kafe Antzokian. Maiatzaren 14an Donostiako Zibbido Aretoan, 22an Gasteizeko Kinvaran, 28an, Tuterako Noboo Aretoan, bagilaren 5ean Ondarroako Kafe Antzokian eta bagilaren 11n, Madrileko Gruta 77 Aretoan.
SU TA GAR
Oraintsu 'Bizitzaren borroka' kantuaren klipa grabau dau taldeak. Iker Trebiñok egin dau bideoa eta dagoeneko hainbat kate autonomikoetan erakutsi dabe.
SKABECHE RIBER BAND
Ska taldeak hainbat kontzertu barri iragarri ditu. Zaragozakoak albiste dira, Brasilgo bilduma lan batek euren bi kantu jasoko ditualako. Bestalde, maiatzaren 22an Zaragozako zezen plazan egingo dan kontzertu erraldoian parte hartuko dabe.
BERRI TXARRAK
Taldea geratu barik dabil eta “Libre ©” lanagaz disko onenari Gaztea Saria irabazi ostean, aurkezpen bira luzea aurrera doa. Maiatzaren 8an Manresa Hardcore Festival-ean egongo dira eta garagarrilaren 17an, barriz, Bergako (Bartzelona) REBROT ’04 jaialdian joko dabe, Catalunyako udako musika jaialdirik entzutetsuenean hain zuzen be.
KEN ZAZPI
Busturialdeko taldeak maiatzaren 8an Iruñeako Anaitasunan egingo dan kontzertu erraldoian parte hartuko dau, Marea, Habeas Corpus eta Gatillazogaz batera.
Bizkaie!
Oihuka
FLYIN´ FREAK
Bilboko taldeak bere diskoaren grabazinoa bi zatitan egingo dau. Diskoan Maite Itoitz Iruñeako sopranoaren kolaborazinoa izan dabe. Disko honegaz Euskal Herriko mugak gaindituko dabez bilbotarrek. Aurkezpena maiatzean izango da.
URGABE
"Edan hemendik" diskoa kalean ikusteko urrira arte itxaron beharko dogu, izan be taldeak uda osoa pasauko dau plazarik plaza kontzertuak emoten; gitxi gorabehera 50 bat kontzertu emongo dabez. Urgabe taldearen 3. diskoa gogorragoa, rockeroagoa izango ei da baina esandako moduan urrian izango da aurkezpena.
KAUTA
Andoaingo taldeak 2003ko Euskadi Gaztea maketa lehiaketan entzuleen saria jaso eban eta 2004ko Euskadi Gaztea Sarietan errebelazino taldearen saria hartu ondoren, Kautak lehenengo diskoaren grabazinoari ekingo deutso datorren garagarrilean Donostiako Elkar estudioetan. Ezustekorik ezean, diskoa urrian kaleratuko dabe.
KEIKE
Irailean sartuko dira Elkar estudioetan Lea-Artibaiko gazteak. Nerea abeslariaren ahots indartsuak aho zabalik itxi ditu bat baino gehiago. Keike ondarrutarrak 2003ko Euskadi Gaztea maketa lehiaketan bigarren geratu ziran. Diskoa zemendian kaleratuko dabe.