Bidaide  III. urtea // 56. zenbakia

Asiako Hego-ekialdeko ugarteak (III)


Heriotzearen inguruko bizimodua

Timorren atzera eta aurrera ibiltea gogorra da. Azpiegiturarik ia-ia ez dago eta garraioak oso txarrak dira. Berbarako, hamalau bat ordu behar dira Bili eta Kupang arteko 200 kilometroak egiteko. Bidaiarien artean, geugaz batera txarri bat, zenbait oilo eta kakarraldo ugari joiazan. Bape duda barik, ez zan izan gure bizitzako bidaiarik ederrena.

Balin, 60 eguneko abenturearen ostean, deskantsua hartzea erabagi genduan; Ujung Pandang, Sulawesiko uriburura hegazkinean joan ginan. Gure asmoa heriotzea oinarri dauan Toraja kulturea ezagutzea zan, geureagaz bape zerikusirik ez daukan kulturea hain zuzen. Datu legez baino ez bada be, Toraja kulturan senideren baten hileta da egunik seinalatuenetakoa. Euren zeremoniak nahiko korapilatsuak dira eta geureakaz ez daukie ezelako zerikusirik. Esandako moduan, egun seinalatuak izaten dira eta bost eta zazpi egun bitartekoa izaten da ekitaldi eta zeremonien iraupena. Herrialdean sakabanatuta dagozan familiartekoak hurreratzen dira eta familiak erdi mailako indonesiar baten urte batzuetako soldatea gastetan dau.

Famili horreetako bategaz pasau gura genduzan zeremonietako egun guztiak eta pentsetan genduna baino errezagoa izan zan. Tana Torajako herri handi eta garrantzitsuenera (txikia, halan da be), Rantepaora heltzeaz batera, suerte handia euki genduan eta Agustinus gidagaz hartu-emonetan jarri ginan. Beraren gestinoei esker, hileta zeremoniakaz hasteko egoan familia batengana eroan gintuan. Zurtz eginda geratu ginan: hildakoak lau urte eroiazan hilda, familiak horixe denporea behar izan ebalako hileta ospakizun guztiak preparetako dirua lortzeko.

Bufaloen sakrifizioa

Lehenengo eguna konbidau guztiei harrera beroa egiteko erabili eben eta gu bi gehiago izan ginan. Herriko Buruak eta hildakoaren semeak jarrera abegitsua egin euskun eta gure erreportajeak egiteko euren familia aukeratzeagaitik eskerrak emon euskuezan ganera, atara kontuak. Konbidauak 200dik gora izan ginan eta horreetako batzuk 2000 kilometrora dagoan Jakartatik etorri ziran.

Bigarren egunean, bufaloen sakrifizioa, Torajako hileta zeremoniako oinarrizko atala ezagutu genduan. Goizean goizetik hasita giro berezia otu jakun, nahikoa iluna. Aurreko eguneko jai giroagaz ez eukan bape antzik. Familiakoen artean, eztabaida beroa euki eben zenbat bufalo hil behar ziran erabagiteko; azkenean, sei hiltea pentsau eben eta lehenengoa lurrean sartuta egoan taket baten lotu eben. Segiduan, gizonezko batek matxetea sartu eutson animaliari samatik eta odola bor-bor urtetan ikusi genduan; bufaloaren txilioak barru-baruraino sartzen jakuzan. Besterik ez zan entzuten. Minutu batzuk baino ez ziran izan baina lurra gorrituta ikusi genduan konturatu ginanerako eta benetan krudela, luzea eta gogorra otu jakun 'ikuskizuna'. Arin jausi zan lurrera.

Bigarren bufaloak, barriz, matxetea sartu eutsenean, burua astindu eta nahikoa indar izan eban sokatik libretako eta bideoa grabetan egoan Demelsagana galapan hasteko. Sustoa itzela izan zan, irudi hori ez jaku sekula ahaztuko.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama
Bideoa (Marineak): Demelsa González

Singapur, Indonesia, Ekialdeko Timor eta Filipinetan zeharreko bidaiaren hirugarren atalean, Ekialdeko Timorreko ejerzito jaiobarria entrenetako ardurea daben AEBetako marineakaz bizitakoak, Sulawesi islako (Indonesia) Tan Toraja erregiora egindako bisitearen ganekoak eta, beren beregi, Sulawesin zur eta lur itxi gintuan heriotzea oinarri dauan kulturearen eta horren ganekoak be azalduko deutsueguz.

AEBetako marineakaz (BIDEOA)

Ekialdeko Timorren hara eta hona genbiltzala, gure gidari-poliziak ohartarazo euskun nazinoarteko kazetariak izanda, akaso aukerea eukiko genduala Ekialdeko Timorreko Ejerzitoaren kuartel nagusia bisitetako. Kontua da ze kuartel hori bisitetako aukerea ez eze, Okinawa base japoniarreko marineak Timorreko soldaduak zelan entrenetan dabezan ikusteko modua eskaini euskuela; gauzak holan, AEBetako ofizial bik eskoltauta entrenamentuetarako erabilten eben basamortu batera joan ginan; hasieran konfidantza larregi ez geunkan eta susmo txarra hartuta be ibili ginan baina militarren tratua nahiko ona izan zan eta ez euskuen bape arazorik ipini gure beharra egiteko, irudiak grabetako eta argazkiak egiteko. Burrukarako etxura larregi barik, nekazarien antza eukien gizonak burrukarako teknika, miaketa, burruka-arte zein kalibre handiko armak erabilteko zelan entrenetan ebezan gure begiekaz ikusi genduan.

Egun osoa pasau genduan eurekaz eta Sulawesira heltzeko marineek erabili eben barkuko koronelagaz be berba egin genduan eta ez hori bakarrik, koronelak bere pentsakerearen eta ideologiaren barri emon euskun guk holakorik eskatu barik, jakina. Harrituta geratu ginan ze George Bush, AEBetako presidentearen ganeko kritikak be jaurti ebazan koronel horrek.

Eguneko entrenamentu saioak amaitu ostean, AEBetako ejerzitoaren helikopterotzar bi agertu ziran gure ganean, marineak barriro 'etxera' bueltan eroateko. Ikusgaria izan zan, Hollywoodeko superprodukzino bat emoten eban: marineak galapan helikopteroetara, arma guztiak aldean eroiezala. Momentu horretan, agintea eukan koronelak esan euskun handik alde egiteko helikopteroen aireratzeak sekulako urakana sortuko ebalako eta gure ekipoak kaltetzeko arriskua egoalako. Helikopteroen zarateagaz, adrenalineagaz eta uste baino aireratze azkarragoaren ondorioz, ez geuntson lar ondo aitu koronelari eta haize bolada handia arin bihurtu zan urakan bildurgarria eta, behearen ganean egozan harriak gure gorputzaren eta ekipoen kontra etorri ziran. Helikopteroen aireratzea normalean zuzen gorantza egitea bada be, kasu honetan gora bai baina arin egin eben gu gengozan lekuraino altuera txikian eta gure tramankulu guztiak 'urakanak' hegaz eroan euskuzan. Demelsa arbola bati oratuta eta esku baten dagoeneko hanka baten falteagaz, tripodea eukala ikusi neban; ni neu jeep baten azpian sartu nintzan australiar soldadu bategaz batera. 'Hasibarri-saria' edo nobatadea izan zan baina zorionez ez zan ezer pasau. Hori bai, koronelak autortu euskun gero helikopteroko gidariak aireratze basatia egin ebala gu han gengozalako, a ze majuak marineak...!