Jan-edanak  III. urtea // 56. zenbakia

Eragin osasungarriko jateko prozesatu batzuk (III)


Prebiotikoak gehitu deutsiezan elikagaiak

Merkatuan saltzen diran elikagaietan hiru prebiotiko mueta erabilten dira: oligofruktosea, frukto-oligosakaridoak eta inulina; horreek zuntz mueta batzuk dira eta gure hesteetan onuragarriak diran mikroorganismoak ugaltzen laguntzen dau; horrezaz gan, zuntzearen beraren propiedadeak be badaukiez.

Berbarako, inulinak ura erakarteko gaitasun handia dauka eta horren eraginez elikagaiek bolumen handiagoa daukie. Eragin hau interesgarria izan daiteke argaltzeko dietetan, beteta gagozalako sensazinoa sortarazo eta gitxiago jaten dogulako. Baina gitxiegi jaten daben personen kasuan hobe izango litzateke inulineagaz aberastuta dagozan produktu askorik ez jatea.

Ikerketa batzuen arabera, fibra mueta horreek minerale batzuen absorzino maila (kaltzioarena berbarako) hobetzen laguntzen dabe eta hau interesgarria izan leiteke minerale horreen faltea eukiteko arriskua dabenentzat.

Salgai dagozan elikagaien artean zeinetan egoten diran?
Ur, esneki, barrita energetiko eta kirolarientzako produktuetan besteak beste

Zeintzuk dira produktu sinbiotikoak?

Mantenugai prebiotikoak eta probiotikoak gehitu deutsiezan produktuak dira.

Fitosterolak gehitu deutsiezan produktuak

Fitosterolak berez frutu siku koipetsuetan, zereale integraletan eta orioetan dagoz. Gure hesteetan kolesterol gitxiago hartzeko onak dira eta modu horretara odoleko kolesterol mailak erreguletan laguntzen dabe. Baina eragin mesedegarria gura izan ezkero, aurreko elikagaiak modu orekatuan janda hartuten dogun fitosterol kopurua baino gehiago hartu behar da eta horregaitik sortu dira era honetako elikagai funtzional batzuk, besteak beste, margarinak.

Fitosterolak gehitutako elikagaiak hartzeak LDL kolesterola edo kolesterol txarra bajatzen laguntzen dau; beti be, persona horrek dieta orekatua egiten badau jakina, edozein modutara jan eta elikagai funtzional batek milagroak egitea itxarotea gehiegi eskattzea da eta.

Baina elikagaiok hain onuragarriak ez diran eragin batzuk be badaukiez: odoleko beta-karotenoak bajatu eta bitamina liposolubleen absorzinoa bajatu egiten dabe. Horregaitik, hiperkolesterolemia daukien lagunek baino ez jatea litzateke onena.

Azken buruan, gauza bat oso argi euki behar dogu gizartean ugaltzen doan idea bat ebitetako: elikagai funtzionalak ez diranak elikagai txarragoak edo kalidade txikiagokoak dirala pentsetea; hori ez da holan. Elikagai mueta guztiak eta naturalak batez be, garrantzitsuak eta beharrezkoak dira gure elikaduran.

Larraitz Artetxe Arrien,
Dietetika eta Elikaduran Diplomatua,
Nutrizino Hezitzailea.

Kaixo irakurle, elikagai funtzionalakaz jarraitzen dogu. Dagoeneko badakigu jakin atal honetan aitatuko doguzan elikagaiak era industrialean prozesatuak izan dirala, zientifikoki frogatuta dagozan eragin onuragarri batzuk beren beregi sortzeko asmoz.

Antioxidatzaileakaz aberastu dabezan elikagaiak

Ikerketen arabera, mantenugai antioxidatzaileek hainbat osasun arazo ebitetako oso eragin ona daukiela ikusi da: minbizi mueta batzuk eukiteko arriskua eta gaixotasun kardiobaskularrak eukiteko arriskua txikiagotu egiten da, gorputzaren zahartze prozesua astiroago doa eta gure babes sistemarako be oso mesedegarria da. Edadeko personen elikadurearen ganean berba egin gendunean, mantenugai antioxidatzaileak, besteak beste, C, B6 eta E bitamina, selenioa, zinka, kobrea, proteinak, karotenoide batzuk, Q10 koentzima eta polifenolak dirala esan neutsuen. Mantenugaiok ze jatekotan dagozan? Fruta eta barazkietan, frutu siku koipetsuetan, ardaoan, zerealetan, tean, orioetan, txokolatean, okelatan, arrainetan....

Merkatuan ze elikagai mueta topau geinke mantenugai horreekaz aberastuta?
Fruten zumoak, esnekiak, barrita energetikoak eta orioak esate baterako.

Beti be etiketatan fijetea da onena, ze jakina era horretako elikagai guztiak ez dira aberastuta egongo, markearen arabera izango da. Sekula be ahaztu behar ez dogun beste gauza bat zera da, antioxidatzaileak dosi handietan hartu ezkero, kontrako efektua eragiten dabela, eragin prooxidatzailea edo osasunerako kaltegarria dana. Paradoja hau sarritan pasetan da mantenugaiakaz, horregaitik beti elikagai guztiak mantenugaietan oso aberastuta hartutea be arriskutsua izan leiteke.

Esandakoaren harian, gogoan euki elikagai batek daukan mantenugai zehatz baten eragin onuragarria produktu hori gehiegi hartzearen ondorioek ezerezean itxi leikiela; berbarako, ardao baltzak eragin antioxidatzailea daukien polifenolak daukaz, baina ardao gehiegi edatearen ondorio kaltegarriak polifenolak hartzearen ondorio onuragarriak baino handiagoak dira.