Antxina-barri  I. urtea // 4. zenbakia - 2002ko bagilaren 15a - Hamaboskaria

Sacamantecas

Euskal Herriko hiltzailerik basatiena


Iñaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.

Batek baino gehiagok izango dau Sacamantecasen entzutea. Halan da be, gehienak asmakizuna dalakoan egongo dira, umeak bildurtzeko-edo esaten dana, edo hobeto esanda, esaten izan dana. Ba, bai zera: 'Sacamantecas' benetakoa izan zan, eta ez hain aspaldikoa ganera.

'Sacamantecas' ezizenagaz ezagutzen dogun morroiaren izen osoa Juan Díaz de Garayo y Ruiz de Argandoña zan, eta Arabako Egiraz herrian jaio zan 1821ean. Sekula ez eban herrialde horretatik urten, behin Somorrostrora behar bila egin eban egun gitxiko osterea kontuan hartzen ez badogu. Sekula ez zan eskolara joan, eta premina handiko familian jaio eta hazia izan zan. Gazte-gaztetatik ekin behar izan eutson beharrari morroitzan, artzain, ikazkin, eta bestelako zeregin batzuetan.

Sasoi hareetan, orain arte esandakoa ez zan gauza berezia, normala baino; izan be, asko bizi ziran egoera horretan Araban eta Euskal Herri osoan. Juan Diaz de Garayo berezia egiten dabena bere hilketa edo krimenak dira, XIX. mendean beste leku batzuetan hain ezagunak egin ziran Jack 'the Ripper' eta antzekoen aitzindari izan genduan gure arabarra-eta. Ganera, erbesteko hiltzaile horreen antzera, Garayok be ospe handia izan eban.

1850ean ezkondu egin zan, eta hamahiru urtetan ezelako gorabehera barik bizi izan zan Garayo emazteagaz eta hiru seme-alabakaz. Alargundu eta handik gitxira barriro ezkondu zan, eta bigarren ezkontza honetatik barriro alargundu baino apur bat arinago hasi zan Garayo sekulako barrabaskeriak egiten eta emakumeak hilten.

Hain zuzen be, 1870ean alargundu aurretxuan, prostituta bategaz emakumeari toketan jakon diruaren ganeko eztabaida sutsuan egozala, Garayok samatik oratu eta bihurtu egin eutson eztarria, eta erabat hilteko, barriz, hurreko errekan ito eban emakumea. Baina, ez hil bakarrik, uretatik gorpua atara ondorik, bortxatu be egin eban emakumea.

Bigarrenez alargundu eta gitxira barriro ezkondu zan, eta ez azkenengoz, laugarrenez be hartu eban emaztea-eta. Hiltzaile odolzalea izan arren, ez pentsau emazteen heriotzak senarrak eragindakoak izan ziranik. Bigarren hilketea be prostituta bategaz halakotu eban. Kasu honetan, lehenengo kasuan bezela jokatu eban, hau da, lehenengo hil egin eban emakumea, eta gero bortxatu.

Hirugarren emakumea hamahiru urteko neskatilea izan zan, eta emakume gizajoa erdi hilda itxi ondoren, gehiegikeria sexualetan ibili zan luzaroan eta azkenean hil egin eban. Laugarren emakumeagaz hasi zan mutilazinoak egiten. Kasu honetan be, lehenengo bien antzera, prostitutea zan zoritxarrekoa. Ito eta bortxatu ostean, buruko orratza kendu eutson emakumeari, eta bularrean sartuta itxi.

Orain arte esandakoa gogorra bada, azken hilketa biak izan ziran odoltsuenak. Aiurdin inguruan, Zaitegiko 25 urteko emakume gaztea topau eban eta leku bakarti haretan zapi bategaz erdi ito ondoren, bularrak zauritu eutsozan kutxiloagaz; geroago, bortxatu egin eban hilzorian egoan emakumea, eta hilteko, zauriak eragin eutsozan sabelean.

Biharamonean egin eban azken hilketea, seigarrena. Arakan euria zala-eta aterpea hartu eban Garayok arbola baten azpian, eta hiltzaileagaz batera, emakumearen zoritxarrerako, etxera joian 52 urteko emakume batek be bai. Garayok beste barik hartu-emon sexualak eskatu eutsozan, eta emakumeak ezetz erantzun eutsonean, Garayok ito eta bortxatu egin eban; ondoren, barriz, ezizena jarteko balio izan eutson beharra egin eban, emakumearen sabela zabaldu eta erraiak atara. Horregaitik izango zan ha morroia aurrerantzean 'Sacamantecas'.

Hilketa hau egin ondoren, susmoak hartzen hasi ziran agintari batzuk eta handik lasterrera atxilotu eben. Gasteizko kartzelan sartu eta, epaiketan, kondenetea erabagi eben aho batez. Ondokoa izan zan epaia: heriotza zigorra Sacamantecas hiltzailearentzat, behar dan moduan frogautako hilketa bigaitik. Epaitua ez zan inoiz damutu bere hilketez, eta 1881eko maiatzaren 11n hil eben garrotez Juan Garayo, 'Sacamantecas' ezizenez ezaguna.