Arbola Santua
Euskaldunak eta zugatzak
Gizakiak aspalditik lotu ditu sinismena eta zugatza. Gizon antza izanda, sustrai-hankak; enbor-gorputza eta adar-besoak; normalean zugatzek gizakiak baino bizitza luzeago daukie, iraunkortasunaren ideia emonaz. Jakintsu batzuen esanetan, gizakiaren lehenengo sinismenak arbolakaz lotuta egon leitekez eta horren erakusle izango litzateke, eleiza eta baseleiza inguruetan sarri topetan doguzan zugatzak. Ganera, agintea eta erlijinoa be buztartu leitekez zugatzen bitartez: sustraietatik hasi eta adar eta ostoetara ibilbidea eginaz, lurra eta zerua batzen dauz.
Historiara jota be, ikustekoa da zugatzakaz herri honek izandako erlazinoa. Erromatarren sasoiko adibideak alde batera itxita, XI. mendeko euskal erregeek be, Nafarroako Erresumearen txanponetan Sobrarbeko Zugatza ipintea agindu eben.
Zugatz danen artean, hasikeran esan dogun moduan, Gernikakoa dogu ezagunena. Gaur egun Gernikako Batzar Etxean hiru belaunaldi desbardinetako zugatzak ikusi geinkez: zaharrena eta horregatik “zaharra” deitutakoa 1742tik 1892ra bitartean egon zan “bizirik”. Zugatz hau XIV. mendean ipini eben eta 450 urtetan zehar bizirik iraun eban “aita” ezizenez ezagututako zugatzaren oinordekoa zan. Orain dala egun batzuk sikatu, igartu edo “hil” jakun zugatza, 1858. urte inguruan ipini eben gaur egun dagoan lekuan. Azkenik, Gernikako Juntetxean bertan ikusi geinkez Ramon Rubialek 1979an jarritako beste haretx gaztea, bere egunean gaur egun dagoanaren oinordekoa izateko aukeratuta egoana. Baina antza danez, hau be gaixorik dagoala eta Gernikako Arbolearen oinordekotza beste baten ardurea izango da. Hauxe ba, labur batuta Gernikan diran “arbola” ospetsuen historia.
Baina goian aitatzen genduan moduan, zugatzen eta euskaldunen arteko hartu-emon luze eta garrantzitsuak dagoz, eta Gernikakoa ez da bakarra gure herrian. Bizkaian bertan be asko ziran Gernikako zugatzaren helburu bardina beteten eben arbolak. Zornotzako merindadeak Larrabetzun egoan Aretxabalganako zugatzpean batzen ziran. Bertako Goikolexaldera joaten zan baita be, Bizkaiko Jauna Gernikako Batzar Etxean foruak sinatu eta gero.
Enkarterrin barriz, Avellanedako zugatzak beteten eban helburu bardina. Bizkaiko lurraldeko beste aldera joanda Durangaldean Gerediagan batzen ziran herrietako ordezkariak. Berton egoan haretxa XIX. mendeko bigarren erdialdera galdu zan, bertan izandako lurren narra baten ondorioz. Oraintsu barriztau dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek bertan dagoan baseleizea. Bizkaiko mugan dagoan Artzentalesen be, Rebolla del Concejo izeneko zugatzaren hostopean hartzen ebezan erabagiak herriko ordezkariek. Azkenik, Markinaldean Sagastigureneko zugatza dogu ikur. Honeek ba Bizkaia osoan zehar egindako iblilaldiaren ondorioz topau doguzan zugatz garrantzitsuak.
Baina ez bakarrik Bizkaian. Euskaldunak zugatzakaz izandako erlazinoa Euskal Herri osoko kontua da: Lapurdiko Biltzarreko partaideek esate baterako, Ustaritzen dagoan Aitzeko haresduian batzen ziran, beste haretxakandik bereizten zan haretx baten azpian. Zuberoan, barriz, Libarrenzeko ohianean batzen ziran herri ordezkariak. Eta beste hainbat eta hainbat herri eta lurraldeetan topau geinkez honen adibideak.
OHARRA: Bizkaie! Aldizkariaren 55. zenbakia argitaratuko dan egunean, apirilaren 26an hain zuzen be, Gernikako bonbardaketearen 67. urteurrena beteko da.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria
Azken egun honeetan Gernikako Arbolearen “heriotzearen” barri izan dogu. Honegaz batera, Arbola ospetsu honen historia egun honeetako egunkari, aldizkari eta bestelako komunikabideen bitartez jakin dogu.
Gernikako Arbolea edo zugatza dogu gure herriko ikurren artean ezagunenetarikoa edo beharbada ezagunena, ikurrineagaz batera. Batez be kanpoan, ikurrinea erakutsiz edo Gernikaz eta bertako zugatzaz berba egin ezkero, ez da normalean gure jatorriaren barri emoteko beharrik egoten. Arbola honen azpian batzen dira gure herriaren antxinatea eta gaurkotasuna, ohiturea eta modernidadea be batzen dira, azken baten, gure historia eta etorkizuna. Zergaitik?