Barriketan  III. urtea // 55. zenbakia

Afrika Bibang: 'musikeak bizirik sentiarazoten nau'

Saltsa askotan ibiltea gustetan jakon ekuatoreginear jatorriko bizkaitar emakumea. Orain 28 urte Bilbon jaiotakoa, ia bizitza osoa Algortan egin badau be. Musika arloan, Fermin Muguruzagaz kolaboretan zein Etsaiak taldeagaz ibilitakoa da eta oraintsura arte house musikea lantzen dauan taldean abeslari lanetan ezagutu dogu. Euskeraren Eguneko ekitaldietan eta bestelakoetan aurkezlearena egitea be tokau jako eta ETBn be badabil gaur egun. Hori guztia gitxi ez bada, bakarkako diskoa grabetako astia be atara dau; Garate baserri-estudioan martiko azken egunetan buru-belarri beharrean egon ostean, egun batzuk barru argitaratuko dau Metak disketxeak 'Entzun' izeneko diskoa. Horren ganekoak eta euskal musikearen ganekoak aztertzeko, Granadarantza urtetako egoala atrapau dogu.

1. Zorionak, urteetan musika munduan hara eta hona ibili ostean, zure proiektua laster kalean egongo dalako. Ezer baino lehen, kontaiguzu zelakoa izan dan zure eboluzino musikala.

Hamazazpi urtegaz hasi nintzan Ke No Falte reggae taldean eta, beraz, hamaika urte daroadaz musika arloan bete-betean. Lekeitioko Etsaiak taldekoakaz zortzi urte edo egin nebazan eta oso ondo pasau neban. Etsaiak taldearen agurraren ostean, house musikea egiten dauan talde baten sartu nintzan eta gaur egun be hor gabiz; ganera, orain bakarkako proiektua abiarazo arren, ez daukat asmorik house taldea ixteko. Horrezaz ganera, Fermin Muguruzagaz be ibili izan naz koruak egiten. Egia esan behar badeutsut, musikea da nire bizipoza, musika barik galduta nago.

2. Euskeraz, bizkaieraz be polito egiten dozu. Noiz eta non ikasi zenduan?

Euskerea ikasten 14-15 urtegaz hasi nintzan Algortako AEKn eta hortik aurrera, Etsaiak taldekoakaz hastea erabagiorra izan zan niretzako, Lekeitio, Ondarroa eta inguruetan sarri-sarri ibilten nintzan eta nire euskereak paraje horreetako usaina dauka, pentsaizu 7-8 urte egin nebazala taldean.

3. Lehenengo diskoetan arruntena norberaren izena ipintea izaten da baina zuk 'Entzun' aukeratu dozu. Zergaitik?

Sortu neban lehenengo kantua izan zan 'Entzun' eta ganera horixe mezua zabaldu gura dot, diskoa entzun daizuela da nire amesa; ezelako konpromiso barik, jakina. Musika estilo hau ezagutzen ez dabenak be engantxetea gurako neuke eta horregaitik dator 'Entzun' izenburua, ze gustetan jatzun ala ez jakiteko probau egin behar dalako, entzun egin behar dalako.

Ganera, gaur egun Euskal Herrian gehien sortu eta entzuten dan musika estiloa oso jakina da, musika gogorra gehienbat eta nire asmoa beste moda bat sartzea da, oraingoz larregi entzuten ez dan musikeak be indarra hartu dagian.

4. 'Entzun' diskoko hamabi kantuetatik 11 euskeraz dira eta bakarra inglesez, Bob Marleyren kantu baten bersinoa kenduta. Zure ohiko berbakerea dalako ala arrazoi bereziren batengaitik egin dozu diskoa euskeraz?

Diskoko berba danak nireak dira eta musikeari jagokonez, kantu bi neuk sortutakoak dira. Ganerakoetan Israel eta Ernestogaz alkarlana egin dogu. Nik ideia azaltzen izan deutset eta gero moldaketak eta beharrezko aldaketak egiten izan dabez eurek.

Beste alde batetik, egia da bai, Bob Marleyren bersino bat kenduta euskeraz dira kantuak eta arrazoia argia da: emoten dau diskoak saltzeko inglesez edo gaztelaniaz kantau behar dozula eta neurri baten egia izan daiteke hori; edozelan be, euskeraz kantau gura izan dot ameriketako musikearen eragin argiagaz ze nik dakidala ez da orain arte holakorik egin eta nik pentsetan dot euskeraz beste hizkuntzakaz transmitidu daiteken guztia transmitidu daitekela.

5. 'Entzun' diskoa, zure bakarkako lehenengoa grabetako ideia noiz sortu zan?

Asmoa aspaldikoa da. Orain lau bat urte Fermin Muguruzak animau ninduan. Afari baten serio esan eustan disko bat grabau behar nebala bakarka eta laguntzino osoa eskaini eustan. Dana dala, momentu haretan ez neban nire burua ikusten bakarlari moduan, kontuan euki beti egon nazala Etsaiak taldeagaz eta beste batzuekaz koruak egiten, beti 'atzealdean' zeozelan esateko. Nire burua ez neban preparauta ikusten. Ordutik hona gauzak asko aldatu dira, daukadan esperientziagaz eta edadeagaz...(barre algarea) zeozer egiteko momentua zan eta diskoagaz oso pozik geratu naz.

6. Metak disketxearen 'Kontrakalea' zigiluak argitaratuko deutsu diskoa, orain arte Fermin Muguruzak Metak etxean argitaratutako lanak gordetan ebazan zigiluan. Kontaiguzu grabazino prozesua zelakoa izan dan.

Bueno, esperientzia ederra izan da. Disketxeak asko erreztu deusku grabazinoa; Garate baserri-estudioan, mendian grabau dogu diskoa eta teknikari beharrean Kaki Arkarazo ibili da; horregaz, uste dot dana esan deutsudala. Fermin Muguruza be beti euki dogu alboan eta bere laguntzinoa sekulakoa izan da. Grabazino prozesua dibertigarria izan da baina astuna eta gogorra be bai tarteka, kontuan euki denpora gitxi euki dogula, aste bi izan dira eta egunean ordu piloa sartuta. Beste aste bategaz nasaiago ibiliko ginan baina bueno. Esperientzia barria izan da niretzako eta asko ikasi dot.


7. Diskoa zeuk sinatzen badozu be, alboan taldeko beste musikari batzuk be euki dozuz eta kolaborazinoak be bai.

Diskoa Israel, Ernesto eta hirurok egin dogu baina kolaboratzaileen zerrendea luzea izan da: Ferminen Kontrabanda osoa geugaz izan da, trikitilaria, haize taldea, scratch-a, Sorkun abeslaria, Jon Urrutia piano jolea, Gorka Barrueta bateria, Gorka Eskauriaza baju jolea. Pare bat egunetan horreek danak hor egotea lujo handia izan da eta bihotzez eskertzen deutset euren laguntzinoa.

8. Musika estilo asko jorratu izan dozuz orain arte, mestizajearen edo fusinoaren zale amorratua zara. 'Entzun' diskoan musika baltza, elektronikoa, soul, rhythm & blues zein bestelako soinu batzuk buztartu dozuz. Zeintzuk dira zure eredu musikalak? Ze musika entzuten dozu kotxean, etxean...?

Esan dozuzan estilo horreen eta jazz, hip-hop eta beste batzuen eragina be igarten da diskoan baita musika kaƱeruarena be; hori bai, kalidadea jagoten aparteko ahaleginak egin doguz, klaseagaz, estiloagaz jantzi gura izan doguz kantuak.

Entzun, egia esan danetarik entzuten dot eta uste dot igarten dala hori diskoan. Orain gehien entzuten dodana Ben Harper da baina Bob Marley, Aretha Franklyn eta Nina Simone dira zeozelan nire ereduak. Marvin Gaye, Michael Jackson, Jackson Five, Stevie Wonder...hortik doaz nire gusto musikalak; gero, jakina, hip-hop, rap eta estilo horretako taldeakaz be gustora nabil. Erosi dodan azken diskoa Eryka Badurena izan da.

9. 'Entzun' diskoa maiatzaren 6tik aurrera izango da kalean. Noiz hasiko zarie diskoa zuzenean aurkezten? Zuzenekoetarako zeozer berezia preparau dozue?

Maiatzaren 8an, Ugao-Miraballesen emongo dogu lehenengo kontzertua. Zuzenekoetan zazpi lagun izango gara, tartean, tronpeta edo saxo bat, bajua, neska bat koruak egiteko, scratch bat, samplerra, efektuak...; sorpresak be egongo dira, ikusentzutezko ikuskizun berezia preparau dogu, dantzariakaz eta raggamuffin erako personajeakaz.

10. Euskal musikagintzea osasuntsu dagoala emoten dau. Zein da zure eretxia?

Nik pentsetan dot azken boladan daukaguna hari beretik datorrela, batez be, rockaren edo musika gogorraren haritik eta lar entzunda dagoala baina ez dot horregaz esan gura txarto dagoanik. Agertzen diran talde barriek antzeko estiloa darabile eta emoten dau ez dagoala bestelako jokerarik. Ez gara ausartzen beste gauza batzuk esperimentetan, segurura joten dogu.

Nik uste dot euskeraz edozer egin daitekela, esan gura dot edozein estilo landu daitekela, blues, rhythm & blues baita gospela be, zergaitik ez; sentimenduagaz egitea da giltza. Beraz, jentea animau gurako neuke bildurrik barik edozein estilo landu dagien.

11. Euskal Herrian gitxi batzuk dira musikatik bizi diranak. Zein da zure asmoa? Zuretzako zer da musikea?

Niretzat musikea dana da ze altzetan nazanetik oheratzen nazanera arte beti musikea dagoalako bitartean; musikea eta ni alkarregaz goaz, banandu ezinak gara, musikea entzuten eta kantetan pasetan dot eguna, musikeak bizirik sentiarazoten nau.

Bestetik, egia da musikatik bizitzea ez dala bape erreza baina nik ez daukat aberasteko aparteko gogorik, jateko, kotxeari gasolinea botateko eta, azken baten, normal bizitzeko beste eukita nahiko.

12. Diskoa zuzenean aurkezteaz gan, bestelako behar eta konpromisoei be aurre egin beharko deutsezu. Oso oker ez bagagoz, ETBn be bazabiz lanean, ezta?

Bai. Roberto Mosok deitu ninduan programa bat egiteko, 'Kalera' izenekoa egiteko; honek ez dauka musikeagaz zerikusirik eta oraingoz grabetan gabiz. Lehiaketa antzekoa da, platoan parte hartzaile batzuk dagoz eta kanpoan beste batzuk; kanpokoak barruan dagozanen kontra jokatzen dabe. Oraindino aprobak egiten gagoz. Ni neu kanpoko lagunakaz nabil eurei galderak egiten, adarra joten eta holan, saltsero beharra tokau jat eta gustora nabil, beti izan naz holakoa eta. Dagoeneko aurreratuko deutsut maiatzaren 18an estrainauko dala programea.

Koldo Isusi Zuazo