Zinea  III. urtea // 55. zenbakia

Imagining Argentina


"Imagining Argentina" maitasun istorio batetik tiraka abiatzen dan thriller politiko bat da, Argentinako errukibako diktadura gordinean girotua. Carlos Rueda (Antonio Banderas) Buenos Airesko ume antzoki baten zuzendari arduratsua eta gogotsua da. Argentinako diktadura kriminalak Carlosen andrea bahituko dau; izan be, Cecilia izeneko kazetari honek artikulu bat idatzi dau zibilen desagerpenak salatuz. Carlosek eta beraren alabeak ez dabe etsiko eta Ceciliaren bila hasiko dira.

Horixe da gitxi gorabehera film honen abiapuntua, thriller etxurea hartzen dauana, baina, egoereak agintzen dauanari jarraituz, dramatik hurrago dabilena. Halanda ze, diktaduren gehiegikeriak modu gordinean agertuko jakuz, bai eta egoera eta ingurumaria latz-latzetan familiak lotzen dauzan maitasunaren indarra be. Era berean, pentsamentu eta adierazpen askatasunaren garrantzia gomutau eragingo deusku. Alde honetatik, Imagining Argentina filmak zintzotasun eta errealismo handiagaz erakutsiko deuskuz jente askok Argentinan sufridu behar izan ebazan gordinkeriak eta lazgarrikeriak.

Edozelan be, zine-aretoan jesarri eta pelikula hau ikusten hasi eta atoan, errealismoa goitik behera kendu eta kontakizunaren jazoerak irunsteko traba handia ipiniko deuskun ezaugarri bat igarriko dogu: antzezleen berbakerearen artifizialtasuna. Eta garrantzi bako kontua dala emoten dauan arren, ez gagoz ohituta argentinarrei entzuten Burgosko gaztelania eredu estandar baten.

Ganera, Carlosen iragarmen ahalmen sinestezinak bape egokia ez dan arinkeria ukutua emoten deutso filmari; azkenik, protagonista honen larregizko sendotasunak eta etsita sentitzeko daukazan pasarte urriek pelikulearen draman mobiduteko bidea ixten dabe agiriko moduan.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Christopher Hampton
- Herrialdeak: AEB, Argentina, Espainia eta Erresuma Batua.
- Antzezleak: Antonio Banderas (Carlos), Emma Thompson (Cecilia), Ruben Blades (Silvio), MarĂ­a Canals (Esme), Kuno Becker (Gustavo Santos), Leticia Dolera (Teresa), John Wood (Amos Sternberg), Claire Bloom (Sara Sternberg), Anton Lesser (General Guzman).
- Gidoia: Christopher Hampton; Lawrence Thornton-en eleberrian oinarrituta.