Txutxu-mutxuan  III. urtea // 55. zenbakia

Kaleko kondairak


Planteamentua, bilbea eta amaierea

Oso ugariak izan arren, kaleko kondairak berehala ezagutu daitekez. Narrazino itxia daukien kontakizunak dira, planteamentu, bilbe eta amaierearen egitura klasikoari jarraitzen deutsielako. Istorioaren barruan nahiko elementu zantarrak izaten dira eta, kasu askotan, mezu xenofoboak edo arrotza dan guztiari bildurra adierazoten dabenak. Arabiarraren eta Koka-kolearen istorioaren modukoak dira edo txinatar jatetxeetan dagozan katu urritasunaren zurrumurruen ingurukoak. Ahoz aho zabaltzen dira eta azkenengo sasoian mezu elektronikoz be bai. Eta sarritan oso eraginkorrak dira eta persona guztien belarrietara heltzen dira. Osterantzean galdetu eiotsazue Ricky Martini bala-bala zabaldu zan mermelada ontzi, neska eta bideoaren ganeko kontakizun xelebrearen ganean.

Begiluzea

Ez zara enterau, ala? Orain dala hainbat egun pasau zan Portugaleten. Gazte arabiar bi kafetegi batera sartu eta, handik joatean, motxila bat ahaztu jaken. Establezimentuko ugazabek hartu eta gordetea erabagi eben, bueltauko ziralakoan. Dana dala, barruan zer egoan ikusteko momentuan, konprobau eben billete faltsu moltso piloa egoala. Arabiarrak agertu eta kafetegikoen zintzotasuna eskertu eben, ondoko mezuaren barri emonez: “Ez edan Koka-Kolarik apirilaren 19tik aurrera, sano arriskutsua izan daiteke eta”. Kontakizun hau guzurrezkoa da. Egia esan, kaleko kondaira bat besterik ez da, gaur egungo urietan zabaltzen dan mito barri horreetariko bat.

Ongileakaz batera mehatxuzko sekretu baten barri daukien arabiar terroristen istorio hau orain dala hainbat aste zabaldu zan ahoz aho eta posta elektronikoz. Hainbat aldaera daukaz; batzuetan arabiarren kopurua aldatzen da, beste batzuetan kontakizunaren herria, beste batzuetan mezuaren hartzailea (ule-apaintzailea edo udaltzaina izan daiteke), bai eta freskagarri ospetsua ezelako arrisku barik edateko epea be.

Kondaira hau freskagarri honen inguruan sortutako folklorearen zati da; uniberso txiki horrek Atlantako multinazionala behartu dau bere web gunean muetako honetako era guztietako guzurrak ezeztatzeko atal bat ipinten. Egia esan, terrorista arabiarren jazokerearen faltsukeria salatzen dauan jakinarazpen ofiziala dago Estadu Batuetan 2002an sortutako istorio honen aldaerearen kasuan.

Kondaira aldakorrak

Harold Brunvand folkloristeak kaleko kondairearen kontzeptua garatu eta kontakizun mueta honeen ezaugarriak definidu ebazan 1981ean, gaur egun klasiko bihurtu dan “The vanishing hitchicker” azterlanean. Liburuan zehaztu eban istorio honeek era guztietako aldaketak eukiten dabezala ahoz aho zabaldu bitartean. Ganera, gaur egun Interneteko mezuei esker, zabalkundea munduko txoko guztietara ailegetan da.

Sarritan aldaketak gaurkotasunari lotuta azaltzen dira. Holan, eskerroneko terrorista arabiarraren bersioak kontetan dau New York eztegu-bidaian bisitetan ebilen bikote batek ikusi ebala arabiar etxurea eukan gizon bati diru-zorroa jausi jakola oinezkoentzako pasabidetik zehar igaro zanean. Hainbat metrotan atzetik joan ostean, turistek diru-zorroa bueltetea jadetsi eben. Jokabide eskuzabal horrek hunkituta, persona misteriotsuak esan ei eutsen: “Ez joan Torre Bikiak ikusten irailaren 11n”.

Krokodiloak estoletan

Kaleko kondaira honeek guztiak faltsuak izanagaitik be, zelan edo halango egiatasun zantzu eta ezaugarriak emoten deutsiezan osoagaiak txertatzen dabez, sinisgarritasuna emoten deutsen ukutua. Lantzean-lantzean guzurrazko egia bihurtzen dira, persona guztiek benetakotzat joten dabezalako. Esate baterako, mundu guztiak daki New Yorkeko estoletan krokodiloak dagozana. Hain ondo moldatu dira habitat barri honetara, ze albino eta itsuak dira zulo lohi horreetan jasan beharreko iluntasunaren ondorioz.

Estoletako krokodiloen topikoa behin eta barriro agiri da, biologoek mila biderrez guzurtau daben arren, patari tropikal honeek hain giro hotz eta kutsatuan ezin dirala bizi azalduz.