Euskerea berbagai  III. urtea // 55. zenbakia

Ume eta nerabeen artean ahozkotasuna indartzeaz (II)


Halanda ze, jakintza arlo bakotxean hizkuntzea erabilita landu beharreko testu muetak (ahozko testuak barruan dagozala) identifikau, batu, sailkatu eta landu ahal izateko bideak egin beharko dira. Era honetara, Hizkuntza arloko beharginen arteko lankidetzea ganerako jakintza arloetako beharginen ekarpenakaz buztartu ahal izango da, efektu biderkatzailea euki daian.

Eskolea ez da bakarrik ikasgelea eta ezinbestekoa da arlo akademikoaz ganera ikaslearen beste bizitza esparruetan be eragitea euskerea indartzeko eta zabaltzeko. Bada, gela barruan landu beharrekoaren osogarri, eskolaz kanpoko esparruak, eskola barruan ez doguzan aukerak eskaintzen deuskuz, euskalkiak, erregistroak, berbeta kolokialak, berbeta ez-formal afektiboak eta antzekoak lantzeko. Baina, holakoetan, hizkuntzearen erabilera egokia bermatu gura badogu, eskolaz kanpoko ekintza horreek bideratzen dabezanek ondo ezagutu beharko dabez egoera horreei jagokezan hizkuntzea eta haren erabilerea sustatzeko estrategiak.

Gauzak holan, eskola barruko jarduerak eta eskolaz kanpokoak ontzi komunikatuak legez buztarturik garatzea garrantzi handiko kontua da. Ingurumari horretan, eta euskerearen erabilereaz gabiltzala, lekuan lekuko aldaerek eta batua deituriko aldaerak eskolan zein komunikazino funtzinoetarako erabili behar doguzan garbi izatea komenigarria da, holakoetan nahasteak izatea ez da komeni. Hau da, belaunaldi batetik bestera ahoz jaso doguna idatzira ekarteak euskerea indartzeko eta zabaltzeko ahaleginari mesederik egiten deutsonik ez dot uste, edo baieztapena leundu gura bada, mesede baino kalte askozaz handiagoa egiten dauala deritzot.

Hezkuntzan diharduenen euskerearen jakite-mailea jagotea eta geratu barik eguneratzen ahalegintzea garrantzi handikoa da, duda barik. Testuinguru horretan, 0-6 urte bitartekoen artean ibiliko diran beharginen hizkuntza ezaguereari jagokonez, beharrean arituko diran lekuko aldaerak ondo ezagutzea garrantzi handikoa da, aldaera hori belaunaldi batetik bestera igarotea ahalbidetzeko, albait gitxien galtzeko eta komunikazino eremu formal eta afektiboak bereizteko be. Beharrerako eskemea ondokoa izan leiteke: lekuan lekuko aldaerak bizirik dagozan lekuetan, erabili daiguzan ikasleen hasikera mailen garapenean, urteetan aurrera egin ahala, geroz eta jarduera formalagoetan, ostera, batua deiturikoak (eta maila batzuetatik aurrera aldaera jasoa) geroz eta pisu handiagoa hartu daian. Bada, urteetan aurrera egin ahala, geroz eta garrantzi zabalagoa daukien eskolaz kanpoko jarduera ez-formaletan, bideratu daiguzan lekuan lekuko aldaerak erabilteko beharrezko bitartekoak eta estrategiak.

Amaitzeko, gure ume eta nerabeek ahozko ekoizpen aberatsa eukiko badabe, besteak beste, eskolearen jarduera eta egiteko moduak aldatzeaz ganera, irakasleok be beste funtzino bat beteteko prestakuntzea eta gogoa izatea be eskatuko ditu. Horrek, beharbada, segurtasun eza eragingo deutse batzuei. Ikasleek berba egitea gura badogu, ostera, berba egiten itxi ez eze, egin daien lagundu be egin beharko deutsegu, eta horretarako ikasleak eurak ikas prozesuaren benetako protagonistak izan daitezen bidea erreztu behar deutsegu.

Landu daigun ahozkoa berba egiten ikasiz, irakatsiz eta eraginez, era horretara, besteak beste, pentsamentuak eta sentimenduak eregiteko eta agertzeko gai izango diralako gure ikasleak.

Erramun Osa

Hona helduta, bateren batek ahozkotasunaren lanketea Hizkuntza arloari jagokola esango deust. Izan be, asko da Hizkuntza arloak egin leikena, hizkuntz sistemea, komunikazinoa eta haren arauen inguruko hausnarketea ez eze, ereduak aztertu eta saiakera askotarikoak be egiteko leku ezin aproposagoa dalako arlo hori. Hizkuntza arloa dinot, eta ez Euskera arloa, eskolan erabilten/irakasten diran hizkuntza guztiak hartu behar doguzalako kontuan. Hizkuntza bakotxak bere baliabide linguistikoak euki arren, badira hizkuntzen arteko elementu komunak be (esate baterako, kartak euskeraz, ingelesez, edo beste hizkuntza baten egituratzeari jagokonez, eskemea oso antzekoa da) eta, beraz, batetik bestera transferitzeko modukoak diranak. Ikuspegi horretatik abiatuta, Hizkuntza irakasle guztien alkarlana beharrezkoa izango da transferigarriak diran edukinak identifikau, landu eta igarotze hori bideratzeko.

Baina, Hizkuntza arlotik egin geinken ekarpena erdibidean geratuko jaku ez badogu bilatzen kualitatiboki eta kuantitatiboki garrantzitsuagoak diran ganerako jakintza arloen esku hartzea. Izan be, gai bat aurkezten gagozala, jarduera hori, Hizkuntza arloan ez eze hizkuntzaz baliatuta edozein jakintza arlotan be garatzea komeni dan jarduerea da. Baina, jakintza arlo bakotxak bere elementuak be (lexikoa, diskursoa egituretako modua...) baditu (adibide esanguratsu legez, irakurri ardao botila baten atzealdean agertu ohi dan etiketea. Ardaoaren deskribapena egiten da holakoen bidez, eta ardaoagaz zerikusia daukan lexikoa eta diskursoaren nondik norakoak jakin barik, irakurten jakin arren, gatx ulertuko dozu bertan idatzitakoa) eta horreek be kontuan euki beharko dira.