Euskaldunok munduan  III. urtea // 55. zenbakia

Buenos Aires eta Tangoaren kaleak (II)


Buenos Airesera heldu gara, edo Baires-era, hemen esaten deutsien moduan. Entzun izan doguna bete da: uriak Europako urien antza dauka. Halan da be, Buenos Aires argentinarra da batez be. Tangoa hemen sortu zan eta usaindu egin zeinke ia. Musikea eta jantzea hemengoena baino ezin zan izan. Carlos Gardel Frantzian jaio arren, kantetako eukan modu ederragaz Argentinako giroa suspertu eban. Berak kantau ebazan oraindino ezagunak diran kantak, eta Buenos Aires hain ondo azaltzen dabenak.

Tangoa nostalgia da, bihotzeko mina, galdu danaren mina, bizitza, sasoi ederrak izan zein maitasuna izan. Eta tangoa ez da hil, nahiko alboratuta egon dan arren. Orain urte batzuk barriro biztu zan eta gaur egun kalean eta tabernatan ikusi leiteke. Egia da askotan turistei begira egindakoa dala, izan be, krisiaren ostean pesoak balioa galdu dau eta ondorioz turismoa asko hazi da. Halanda be, egia da hemen tangoak berezko lekua daukala. Takoidun zapatak, ezpan gorriak, jantzi estuak, gizonaren traje dotorea… eta tangoaren notak eta berbak negar tanten moduan belarrietatik sartzen jatzuz. Turistak egon zein ez, tangoak badirau. Bikoteak tango-jantzak egiteko zapaturo batzen dira auzo-etxeetan. Gu hoalako batera joan gara eta tangoa zelan sentitzen daben ikusi ahal izan dogu. Danak dotore-dotore joaten dira. Afariaren ostean, musikea hasten danean, andra-gizonak altzetan dira eta pasinoz beteta ikusten dozuz, euren zapatak tatarrez, gorputza tente-tente: sentimentua gorpuztu egiten jake. Edadea ez da inportantea, zahar-zaharrek zein gazteek arpegietan eta gorputzean daroe musikearen mina.

Buenos Aireseko alderdirik ezagunenetarikoa Boca auzo koloretsua da. Boca auzoko historiak uriko historiaren zati bat adierazoten dau. Aspaldi barkuak honaino etorten ziran. Portuko beharginak bizi ziran berton, etorkinak ziran eta diru gitxi eukien. Etxeak ontzioletako eta barkuetako zatiakaz egiten ebezan eta barkukoei sobretan jaken pinturea etxeko hormak pintetako aprobetxetan eben. Horren ondorioz, hormek hamaikatxu kolore daukiez, pinturea akabetan jakenean, beste bat hartu eta ondoan pintetan ebelako. Holan eginda dagozan etxeek hiru-lau kale baino ez dabez hartzen, “El Caminito” osotzen dabenak. Kaleak argiak dira eta poztasuna emoten dabe. Hemen hasi ei ziran joan dan mendean tangoagaz jantzan, Italiatik etorritako etorkinak eta Alemaniako auspoa batu ziran milongetan, eta gero tangoetan. Boca Juniors taldearen futbol zelaia be auzoan dago. Berton jokatu eban Maradonak eta hori aspaldi izan arren, haren gola oraindino telebistan ikusi zeinke. Bizi-bizirik dagoan mitoa da.

Gu San Telmoko aterpetxe baten egon gara, barriztautako etxe zahar batean. San Telmon makina bat etxe zahar dago, asko barriztu barik eta bedarrek be behar daben lurra topau dabe hormetan. Berton domekaro gauza zaharren azokea egiten dabe: gramofonoak, platerak, koilarak, botoiak, aspaldiko argazkiak eta postalak, erropea... danatarik. Hor alkartzen dira tango dantzariak eta musikariak, txotxongilo antzezleak, mimoak eta bestelakoak be.

San Telmotik paraje Casa Rosada dago, eta horren parean Mayo plazea. Oraindino eguenero alkartzen dira amak, orain amamak diranak, euren eskubideak aldarrikatzeko eta gogoratzeko 30.000 pertsona desagertu arazo ebezala. Jakina dan legez, militarrek andrak eta gizonak atxilotu eta torturatu ebezan. Atxilotuta egon ziran bitartean, hainbat andrak umeak euki ebezan eta militarrek jaiotako umeak ostu eta euren ingurukoei emon eutsiezan. Urteak pasau dira eta ume batzuek ez dabe ezer jakin gura euren familia biologikoaz. Beste batzuk, barriz, euren familiaren bila dabilz. Plazan zagozala, adineko andrak ikusten dozuz, urteak eta urteak emon dabezanak hona etorten euren eskubideak aldarrikatzeko. Hainbat ama bidean hil dira. Jakitun dira seme-alabak tortura gogorrak jasan ostean desagertu zirala. Amama larregik ez dakie nor diran euren lobak. Gogorra da. Gogorra, jakitea ama eta amama askok ez dabezala euren seme-alaba eta lobak ezagutuko.

Herriko historiak personen bizimodua goitik behera kanbiau dau. Txarrena, baina, personen bizia jan dauala. Zulo baltz bat, koadro baltz baten antzera, kolore barik, ezereza, mina baino ez. Amamek aurrera segiduten dabe, alkarri laguntzen deutsie eta hainbatek makilearen laguntzainoagaz plazeari bueltak emoten segiduten dabe. Aldarri isila egiten dabe, mundu osoan entzuten dan aldarri isila. Epaiketak, baina, egiteko dagoz oraindino. Mundu osoan ezagunak dira, baina euren aldarriak oraindino ez dau merezi dauan eraginik euki.

Iratxe Ormatza

Hegoalderako bidea hartu eta atzean geratu dira ur-jauziak. Bidean Cordoban egon gara eta han ikusi doguz sasoi batean Frantziatik ekarritako plataneroak eta artatxoriak. Alde handia dago, izan be, hemengo artatxoriak eta plataneroak itzelak dira, handi-handiak. Artatxoriak baino uso txikiak emoten dabe. Cordobako batek esan deuskunez, XIX. mendearen amaieran eta hurrengoaren hasikeran, argentinarrak liluratuta egozan Frantziagaz eta handik ekarri ebezan arbolak eta txoriak. Horregaz batera, armozuan kafea eta kruasana hartzeko ohiturea be hartu eben. Argetinako uriburura ailegau baino lehen beste geltoki batean geratu gara, Rosarion. Parana errekearen ondoan dago eta errekeak leku ederra egiten dau parajea, bidaiari eta turista gitxi etorri arren.