Bilbon euskeraz blai
Datu horreek guztiak eta bestelako batzuk kontuan hartzea nahitaezkoa izango da aparteko tratamentua behar eta merezidu dauen urian, Bilbon Euskerearen Erabilerearen Sustapenerako Plangintzea egiteko.
Koldo Isusi Zuazo
Bilbo eta inguruetan eguneroko jardunean, etxean, lagunartean eta beharrean euskerea erabilten dabenak gero eta gehiago dirala esatea larregi be izan daiteke, baina ez dago ukatzerik Bilbon euskaldun kopuru handia dagoana; oraintsu esan dau Miren Azkarate euskaltzainak Bilbon azkeneko 15 urteotan bikoiztu egin dala euskaldunen kopurua. Kontua da luzaroan norberaren euskereagaz lotsatuta egon garala asko eta asko, eta gehienetan erderea erabilten izan dogula edozein alkarrizketa hasteko, aurrez aurre geunkana euskalduna izan arren eta larriena dana, horren barri jakin arren. Alde horretatik, benetan interesgarria begitandu jat Bizkaiko Aldundiaren kanpainea: 'edozein alkarrizketari ekiteko, hasi euskeraz'. Lotsatu daitezala euskeraz ez dakienak, eta gero gerokoak. Bizkaierearen kasuan, azken urteotan prestigioa edo indarra hartzen joan da, eta zorionez danok be lotsa eta bildur guztiak edo gehienak behintzat baztertu egin doguz. Ez da kasualidadea Bilbon berton egoitzea izatea Euskaldunon Egunkariaren 'Bizkaiera' gehigarriak, Bizkaia Irratiak edota Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoak. Euskaltzaindiaren egoitza nagusia be Bilbon dago, Plaza Barrian; Kafe Antzokia be hor dago, Bilbo erdi-erdian, eta Bizkaiko uriburuko auzoetan hamaikatxu dira euskerearen inguruan beharrean dabilzen taldeak eta alkarteak. Zelan esan daiteke beraz Bilbon ez dagoana euskal girorik?
Atzera salto
Antxina baegoan Bilboko bertoko euskerea be, eta Bonaparte Printzearen sailkapenaren arabera, Arrigorriagako bariedadearen barruan kokatzen zan. Orain hamar urte baino gehiago, Iñaki Gamindek 'Bilbo Berbaz Berba' liburuan esaten eban Bilboko eremuan hiru aldetan egozala bertoko euskaldunak: alde batetik, Buja aldean, Seberetxe, Bolintxu, Buja eta Bujagoitin, Arrigorriaga edo Arbujako mugetan; bestetik, Bilboko hegoaldean, Larraskitu, San Justo landa, Igertu, San Roke eta Benta Barrin eta, azken buruan, Artxandako magaletan, Bilboko iparraldean, Begoñan, Arbolantxan eta Otxarkoagan; sasoi hareetan 17 lekuko topau zituan Gamindek eta katea eten ez bada be, gaur egungo gazte euskaldunen artean nahastea da nagusi...
Bihar edo etzi zer?
Bizkaierea eta batua nahastean erabiltea gauza arrunta da gaur egun, baina erdera hutsean egitea baino hobea izango dalakoan gagoz. Ez gara hasiko orain nahaste horren arrazoiak eta eraginak aztertzen, baina benetan gai interesgarria da, azterlan sakona merezidu dauena. Euskerea zehatz galdu ez daiten, euskera batuak euskalkiak behar ditu eta euskalkiek euskera batua behar dabe; batak bestea zapaltzea pekatu handia izango litzateke. Halan da be, gauza asko doguz danok be egiteko: euskerea edonon eta edonogaz bildur eta lotsa barik erabili, bizkaierea estandarizau eta normalizau, arautu, eredua finkatu, bizkaierea irakaskuntzan sartu...
Aurrerapausuak geldiro-geldiro emoten doguz, baina garrantzitsuena horixe da: geldi ez egotea eta aurrera egitea. Bilbon euskeraz biziteko aukerea eta belaunaldien arteko transmisinoa bermatzeko asmoagaz, urtearen amaieran onartuko dabe Euskerearen Erabilera Plana eta, era horretara, Bilbogaz batera 63 izango dira aitatutako plana onartuta izango daben udalerriak. Albiste pozgarria duda barik eta itxaropentsuak, barriz, azken zentsura batutako datuak: 1981-1996 bitartean gora egin dau Bilbon euskaldunen kopuruak: % 6,4tik % 14,3ra; portzentajea bikoiztu egin da beraz. Elebakarren portzentajeak, barriz, behera egin dau % 80,8tik % 66,4ra eta, beste alde batetik, elebidun pasiboen portzentajea 6 puntutan hazi da, % 12,9tik 19,3ra hain zuzen be.
Zoritxarrez, euskerearen transmisinoak, erabilereak eta euskerearen kalidadeak ez dabe gora egin, baina lehen aitatutako datuak pozik egoteko modukoak dira. Lehen be esan dogu Bilboko auzoetan alkarte eta talde asko dagozala euskerearen inguruan beharrean, eta datu batzuk aitatzearren, euskaldun kopuru handieneko auzoak lau dira: Bilboko Alde Zaharra (% 23,5), Deustuko San Pedro (% 22,1), Begoña (% 21,1) eta Iturribide (% 20,1); beste alde batetik, Iturrigorri-Peñascal, Otxarkoaga edo Uretamendi auzoetan, % 4,5 eta % 5,7 bitartekoa da euskaldunen kopurua.