Werner Herzogek Donostia Saria jasoko du Donostia Zinemaldian
2026-08-06 13:15Zinemagile alemaniarra omendua izango da inaugurazio-galan.
Werner Herzog zuzendari, gidoigile, produktore eta aktoreak Donostia Saria jasoko dau Donostia Zinemaldiaren 74. edizinoaren —irailaren 18tik 26ra egingo danaren— inaugurazino-galan, izandako ibilbide profesionala autortuz. Zinemagile alemanari Zinemaldiaren ohorezko sari handiena entregaukeran, Bucking Fastard haren film luze barria —Veneziako zinema-jaialdiaren hurrengo edizinoan lehiatuko dana— emongo da.
Sei hamarkadatik gora daroaz Werner Herzogek zinemagintzan eta zinema garaikidean indar handienetako irudi bihurtu da, izan be, ezohiko obrak egin ditu bere ibilbidean zehar (80 film inguru). Herzogen filmak —fikzinokoak zein ez-fikzinokoak— protagonista ameslari eta konkistatzailez —paisaje gogor eta kontroletik kanpoko indarrei aurre egin behar deutsenez— beteta dagoz. Herzogek jazoeren behaketa hutsa gainditzen dauen zinemea defendiduten dau, errealidadearen beste alderdi bat erakusteko, sakon eta poetikoagoa.
Donostia Saria emotea —Victoria Eugenia Antzokian egingo da Kursaaleko banaketa-ekitaldiaren aurretik— Werner Herzogen azken filma be hortxe erakutsiko dabe, Rooney Mara, Kate Mara, Orlando Bloom eta Domhnall Gleeson dituala protagonista nagusi, Bucking Fastardek ahizta biki biren ezohiko istorioa kontetan deusku: aho batez berba egin, gizon bera maite dabe eta ames berberak ditue.
Werner Herzog
1942an Munichen jaio baina Bavariako mendietako urruneko haran batean hazi zan Werner Herzog. 11 urte bete arte ez eban ezta zinemearen existentziaren barri. 15 urtegaz hasi zan zinema-proiektuak lantzen eta, inork ez zituanez proiektu horreek finantziau nahi, institutuko azken ikasturteetan altzairu-fabrika bateko gaueko txandan ibili zan lanean soldatzaile. Era berean, oinez bidaiatzen hasi zan.
17 urterekin egin eban lehengoz telefono-dei bat, eta 19 urtegaz, barriz, bere lehen filma. Unibersidadea baztertu (historia eta literatura ikasten ebilen) eta ordutik, 80 film inguru idatzi, produzidu eta zuzendu ditu, besteak beste, Aguirre, der Zorn Gottes / Aguirre, the Wrath of God (1972); Fitzcarraldo (1982; oihanaren erdian kokatutako mendi baten gainera eroan eban, film horretarako, lurrun-ontzi bat); Grizzly Man (2005); eta Cave of Forgotten Dreams (2010).
Horrezaz gan, poesia eta prosa-liburuak be argitaratu ditu: Of Walking in Ice, Conquest of the Helpless eta, oraintsu, The Twilight World eleberria.
Bayreuth urian eta Milango La Scalan dozena bat operetako eszena-zuzendari be izan da eta mundu osoko beste opera-antzoki batzuetan be ibili da.
Aktore lanetan Jack Reacher eta The Mandalorian filmetan (besteak beste) be egin dau lan, baita The Simpsonsen be. Museoen arloan, Hearsay of the Soul instalazino artistikoa sortu eban New Yorkeko Whitney Museum eta Los Angelesko Getty Museum erakundeetarako. Hezkuntzaren arloan, azkenik, Rogue Film School sortu eban, munduko zinema-eskola gehienetan erakusten danaren kontrapuntu lez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
