'Uretatik haratago', Durangoren ikur barria Victor Arrizabalagaren eskulturea da

Bizkaie! 2026-07-22 09:11   Kulturea

Durangoko armarrian eta herriak uragaz dauen loturan oinarrituta.

Durangoko Udalak TADUko aparkalekuaren eta trenbide zaharraren ibilbide barriaren ondoan kokatuko dau obrea. Ekimena 2023-2027 Gobernu Planaren esparruan kokatzen da, herritarren kidego-harrotasuna indartzeko asmoz, udalerrira heltzen diranei ondoetorria emoteko eta Durangoren nortasuna indartzeko sortutako lana.

Eskulturea Víctor Arrizabalaga artista durangarrak diseinau dau, eskulturearen eta espazio publikoetako esku-hartzeen arloan ibilbide luzea egin dauena. Udalak Durangora heltzen diranei ondoetorria emoteko pieza bat sortzeko agindu eutson eta, hainbat proposamen eta kokapen aztertu ondoren, TADU aparkalekuaren ondoko berdegunean jarriko da, Olleria kalean.

Kokapena bere balio estrategikoagaitik aukeratu da. Eskultureak TADUn aparketan daben eta Durangora heltzen diran personei egingo deutse harrerea eta trenbide zaharrean zehar egiten dabizen ibilbide barriaren ondoan kokatuko da, erabilera publikora zabaltzen dagoan espazio barriari behar dauen duintasuna emonez.

Proposamenak udalerriaren izeneko errotulu huts batetik harago joango da, Durangoren sinbolo bihurtzeko asmoz. Helburua Durangoren irudi baikor, positibo, barritzaile, abegikor eta integratzailea zabaltzea da, herritarrak eta Durango bisitetan dabenak haregaz identifiketea lortzeko.

Proposamen artistikoaren abiapuntua Durangoko armarriko elementu ezagunenetako bat da: hiru arkuko zubia. Sinbolo horretan oinarrituta, eskultoreak konposizino bat sortu dau, Durango berbearen letrek A hizkia euskarri hartuta zubi bat marraztuz. Interpretazino horrek lotura berezia ezartzen dau Urango toponimoaren esangura historikoagaz, haran edo larre heze bati lotua dago, eta udalerriak uragaz eta Ibaizabal eta Mañaria ibaiakaz zein Larrinagatxu errekeagaz dituan hartu-emon estuak gogorarazoten ditu, horreen presentzia oinarrizkoa izan baita herriaren jatorrian eta garapen historikoan.

Eskulturea altzairu kortenez egingo da, kanpoaldean jarteko material erresistentea eta mantentze-lan gitxi behar dauena. Haren dimensinoei esker, herritarrak nahiz bisitariak eskulturara gerturatu eta haregaz alkarreraginean ibiliko dira. Jarduketea uri-ingurunean integrautako berdegune batean gauzatuko da eta obrea oinezkoen zein txirrindularien ibilbideakaz bateratuko da. Urte amaierarako egongo da jarrita.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak adierazo dauenez, ilusino handiz aurkezten dogu eskultura hau, Durangorako ikur bihurtzeko bokazinoagaz jaio baita. Herrira heltzen diranei ondoetorria emongo eutsen obra bat nahi genduan baina baita herritarren kidetasun sentimendua indartuko ebana be. Gure historiaren eta nortasunaren elementuak batzen dituan piezea da eta, aldi berean, etorkizunari begiratzen deutso, Durangoko bizitearentzat gero eta garrantzitsuagoa izango dan espazioari balioa emoten lagunduz.

Bestalde, Victor Arrizabalaga eskultore durangarrak azaldu dauenez, erronkea Durango izeneko errotulu hutsa baino gehiago izateko obra bat sortzea zan. Proposamena armarriaren hiru arkuko zubian eta udalerriak uragaz izan dituan hartu-emon historikoan oinarritzen da, irudi sinple, ezagun eta esanguraz betea eregiteko. Nire asmoa da herritarrek elementu propiotzat sentidutea eta bisitetan gaituenek bertan Durangoren nortasuna islatuko dauen lehen irudi bat topetea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu