BESEK, kultura eta sormen sektorean lan egiten daben emakumeen lehen erretratu kolektiboa Bilbon
2026-07-21 07:40 KultureaIrailaren 21ean eta 22an izango dira hitzorduak.
Zeintzuk dira Bizkaian kulturea sortu, kudeatu eta bultzatzen daben emakumeak? Zelako zailtasunak topetan ditue eta zer laguntza beharko leukie euren garapen profesionalean? Zelan ikusten dabe etorkizuna? Horretarako, ekimen berezi honek Bizkaiko ekosistema kultural eta artistiko osoko emakumeak batuko ditu Euskalduna Jauregian irailaren 21ean eta 22an.
Bizkaiko Foru Aldundiak BESEK babesten dau, lurraldeko kultura eta sorkuntza-sektoreko emakumeen errealidadea hobeto ezagutzen eta hareen beharretara hobeto egokitzen diran politika publikoetarantz aurrera egiten lagunduko dauen ekimen estrategiko bezela. Proiektu honek Bizkaian kultureari eusten eta aberasten daben profesionalak entzuteko, konpartidutako erronkak identifiketako eta eurekaz lankidetza-eremu barriak edegiteko aukerea emoten deusku, zehaztu dau Leixuri Arrizabalagak, Euskera, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputaduak. Emakumeen begiradeari indarra eta protagonismoa emotea ez da ikusgarritasun kontua bakarrik, kultur sektore anitzagoa, publikoagaz lotuagoa eta justuagoa eregiteko beharrezko baldintzea be bada.
Topaketearen aurretik, BESEK-ek lurraldeko emakume sortzaile eta profesional guztiei parte hartzeko deialdi edegia egin deutse. Helburua da sektorean lan egiten daben Bizkaiko emakumeen lehen erretratu kolektiboa osotzea, beharrizanak identifiketan, politika barriak bultzatzen eta kolektiboa indartzen lagunduko dauen hasierako pausu lez. Horretarako, erakundeak kultura edo sormen-diziplinetan lan egiten daben emakume guztiei zuzendutako online galdetegi berezia argitaratu dau bertan euren esperientziak jaso, konpartidutako problemak antzemon eta langile guzti horreen ibilbideen aniztasuna bistaratzeko. Jasotako erantzunakaz profesional horreen guztien egoerea aztertu eta BESEK Liburu Zuria prestetako oinarritzat erabiliko dan ikerketa kolektibo bat egingo da.
Dokumentua lan-tresna erabilgarria izatea da asmoa eta hori lortzeko errealidadearen argazki zorrotz eta eguneratua behar dogu. Bardin da emakume bat bere ibilbidea hasten dagoan edo hamarkadak daroazana jardunean; profil guztiak dira baliotsuak eta beharrezkoak Bizkaiko kulturearen egoerea ulertzeko, azaldu dabe Nerea Albinarratek eta Paula Bañuelosek, BESEK-eko arduradunek. Inkestea besek.eus helbide elektronikoan dago eta 7-10 minutu inguru baino ez dira behar ha beteteko. Parte-hartzea konfidentziala izango da.
Topaketea doban da Euskalduna Jauregian
Aurretiazko diagnostiko horretatik harago, BESEK urteroko jarraipena izateko asmoz eta komunidadea eregiteko, loturak sendotzeko eta Bizkaiko ekosistema kultural eta sortzailearen parte diran emakumeen artean sare egonkor bat sortzeko helburuagaz sortu da. Ekimenak kolektiboa konektau, bistaratu eta laguntzea ditu helburu eta, horren ondorioz, artista, kultur kudeatzaile, produktore, komunikatzaile, ikertzaile, teknikari, irakasle, diseinatzaile, artisau edo ekintzaileak bertan parte hartzeko deitzen ditu.
Kongresua, Media Attack Group-ek bultzatua Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeagaz, doban izango da eta ikasketarako, alkartrukerako eta parte hartzeko espazioak izango ditu eta, besteak beste, barriketaldial, tailer praktikoak, banakako mentoriak, networking guneak eta sormen prozesuen zuzeneko erakustaldiak egongo dira programazinoan.
Horrezaz gan, bertaratzea errazteko neurriak be egongo dira, baita haurtzaindegi-zerbitzua eskaintzeko konziliazinorako gunea be. BESEK emakume askok konpartiduten daben errealidade batetik jaio dalako: sektore honetan gero eta presentzia handiagoa eta erabagigarriagoa dogun arren, bizitza personala eta lana adosteagaz, ikusgarritasun ezagaz, baliabideak eskuratzeagaz edo sareak sendotzeagaz lotutako oztopo eta erronkei aurre egiten jarraitzen dogu, salatu dabe Albinarratek eta Bañuelosek. Entzule lez hurbiltzeko interesa dauen edozein gizonentzat be edegitako ekitaldia izango da, jakina, animau dabe.
Modu parte-hartzailean eregitako proiektua
Iraileko kongresuan ataratako ondorioak Bizkaiko ekosistema kultural eta sortzaileko emakumeei buruzko Liburu Zuriaren parte be izango diran arren, BESEK hasiera-hasieratik modu parte-hartzailean eregitako proiektua izatea nahi dogu, defendiduten dabe ekimenaren bultzatzaileek. Hori dala eta, aitatutako galdetegi publikoa zabaltzeaz gan, programazinoa eta lan-arloak erreferentziazko hainbat profesionalez osotutako talde eragile batek lagunduta zehazten dabiz. Persona horreek guztiek BESEK sektorearen aniztasuna islatzen eta irisgarritasunagaz, belaunaldien artekotasunagaz, landatartasunagaz, pentsamendu feministeagaz edo kulturartekotasunagaz lotutako ikuspegiak, besteak beste, integretan lagunduko daben ikuspegi ugari ekarten dabiz.
Adibidez, Anita Hichaicoto (África en Género) ikertzaile, ekintzaile eta kultur kudeatzaileak -taldeko partaideetako bat- nabarmentzen dauen bezela, guztiz beharrezkoa da BESEK-ek loturak, erreferenteak eta aukerak eskaintzea, izan be, prestakuntzaz hara, emakume migratzaile batek hazteko, ekiteko eta lider izateko dituan aukerak asko handitzen dira sare bat, mentore bat edo bere burua islatuta ikusten dauen bateren bat topetan dauenean. Hichaicotogaz batera, BESEK-en diseinuan parte hartzen dabizen Andrea Momoito (La Sinsorga) kazetari eta idazlea, Elisa de los Reyes (Pez Estudio) arkitekto eta diseinatzailea, Laurita Siles (Mutur Beltz) artistea eta ikertzailea, Mabi Revuelta diziplina arteko artistea, Eva Guerrero (DOOS) sortzaile eta kudeatzailea, eta Irene Díez eta Izaskun Jimenez, Fekoor-en ordezkariak (Gitxitasun Fisikoa edo/ta Organikoa daben Bizkaiko Personen Federazinoa).
Esperientzia guztiak dira baliogarriak
Iraileko ekitaldiaren prestakuntzea aurrera doan bitartean, BESEK Bizkaiko kultura eta sormen sektoreagaz lotutako emakumeen arteko ahalik eta parte-hartzerik handiena lortzeko ahaleginetan dabil eta atontzaileek sortzaile, artista, kudeatzaile, ikertzaile, teknikari, irakasle, komunikatzaile, produktore, diseinatzaile, artisau, ekintzaile eta edozein diziplina, ibilbide edo egoeratako profesionalei, galdetegian parte hartu eta euren bizipenak, perzepzinoak eta kezkak azaltzeko dei egiten deutsee. Esperientzia guztiek dabe euren balioa, eta edozein ahots sano baliogarria izango da sektorearen argazki anitzago eta erabilgarriagoa sortzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
