'La Cañada es Real' Bilbora helduko da: erakusketea, zuzeneko podcasta eta Taghufiren musikea

Bizkaie! 2026-07-20 08:56   Kulturea

XV. UrbanbatFestek Zoopolis TV Tour ekimenaren lehen geldialdia egingo dau garagarrilaren 22an.



Datorren garagarrilaren 22an, 20:00etan, Bilboko Anti Liburudendan, UrbanbatFestek Zoopolis TV Tour jarriko dau martxan: hainbat espaziotan barrena ibiliko dan zuzeneko podcast ibiltaria, gaur egungo uri-eraldaketak alkarrizketearen, bitartekaritza kulturalaren eta sorkuntza artistikoaren bidez aztertzeko helburuagaz.

Lehen atalak Un paseo por La Cañada Real a la luz de las luciérnagas dau izena, eta La Cañada es Real. Museo portátil de la memoria erakusketea Bilbora heltzeagaz batera egingo da. Proiektua Todo por la Praxis kolektibo artistikoak eta Cañada Realeko Tabadol Alkarteak sustatu dabe.

Topaketeak Cañada Realera beste begirada batetik hurbiltzea proponiduten dau, bazterkeriagaz edo uri-gatazkeagaz lotutako ohiko kontakizunetatik harago. Alkarrizketan, besteak beste, memoria, errotzea, autoeregitea, jagoletza kolektiboak, lurraldeagazko eskubidea eta komunidadea eregiteko moduak landuko dira; eguneroko biziteari eusten deutsen praktikak, urte luzez erakundeen itxikeria eta estigmatizazinoa jasan dituen testuinguruan.

Saioan Todo por la Praxis kolektiboko eta Cañada Realeko Tabadol Alkarteko ordezkariek parte hartuko dabe. Erakunde biek alkarlanean sortu dabe museo eroangarri hau, lurraldeari lotutako memoriak, kontakizunak eta bizipenak gorde eta beste leku batzuetara eroateko tresna lez.

Horrezaz gan, Taghufi taldearen zuzeneko musikaz gozetako aukerea izango da. Bilbon sortutako taldea amazigh jatorriko musikari gazteek osotzen dabe eta Afrikako iparraldeko doinu tradizionalak basamortuko bluesagaz, folkagaz eta rockagaz buztartzen ditue.

Atala Zoopolis. UrbanbatFest vol.15 jaialdiaren barruan kokatzen da. Edizino honek gaur egungo uria lankidetza, gatazka, menpekotasun eta egokitzapen-hartu-emonak zeharkatutako ekosistema bezela behatzea proponiduten dau. Animalien metaforen bidez, jaialdiak aztertzen dau zer espeziek moldatzen dituen gaur egun gure uriak, zeinek eusten deutsen, zeinek harrapatzen edo ustiatzen dituen, eta zer praktikak lagundu leikien hareen arteko orekea berreregiten.

Zoopolis TV Tour jaialdiaren alkarrizketa publikorako tresna nagusietako bat da. Atal bakotxa publikoagaz egindako topaketa lez planteetan da, ikus-entzunezko eta audio formatuetan grabauta eta lurraldean errotutako esperientziak, ezagutza espezializatuak, kultura-praktikak eta landutako gaiakaz lotutako komunidadeak alkartzen ditu.

Tourraren lehen geldialdiak, beraz, Cañada Real dau abiapuntu, eta oinarrizko galdera bat jarten dau mahai gainean: zelan eregiten dira memoria, komunidadea eta bertan jarraitzeko eskubidea uri ofizialak bazterrean ixteko joerea izan dauen lurraldeetan?

  • Zoopolis TV Tour · 1. atala

Un paseo por La Cañada Real a la luz de las luciérnagas

Garagarrilaren 22an, 20:00

Anti Liburudendan, Bilbon.

Sartzea doban, lekuak bete arte.

Todo por la Praxis, Cañada Realeko Tabadol Elkartea eta Taghufi izango dira parte-hartzaileak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu