Pont Flotantek zabalduko dau gaur Erriberriko 27. Antzerki Jaialdia

Bizkaie! 2026-07-17 08:10   Kulturea

Danetara, 31 ikuskizun eta nafarren presentzia nabarmena batzen dituana.

Abuztuaren 2ra arte, antzerkia, jantzak, zirkua, clowna, musikea eta performancea programau ditu jaialdiak Erriberrin, Tafallan, Beiren, Pitillasen eta San Martin Unxen.

27, Erriberriko Antzerki Jaialdiak hogeita zazpigarren edizinoa hartuko dau gaurtik, garagarrilaren 17tik, eta datorren abuztuaren 2ra arte. Danetara, Erriberriko Jaialdiak 31 ikuskizun eszeniko eta musikal eskainiko ditu, 27 konpainia eta artistaren eskutik, baita egoitza sortzaile bi, hainbat prestakuntza tailer eta jentearentzako topaketa edegiak be.

Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazinoak atonduta, Ane Pikaza eta María Goiricelayaren zuzendaritza artistikoa izango dau aurten be, Lurraldea ospatzen lelopean. Jaialdiak diziplina, belaunaldi eta lengoaien arteko topagune izaerea sendotzen dau, memoria, identidade, nerabezaro, prekariedade, irudimen, gorputz, komunidade eta munduaren aurreko hartu-emonak modu garaikideakaz alkarrizketan dabizen proposamenakaz.

Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusi Ignacio Apeztegiak, Jaialdiko zuzendari artistikoek eta Erriberriko Udaleko ordezkariek aurkeztu dabe lehiaketearen hasierea, La Cavako agertokian. Edizino honetan parte hartuko daben Nafarroako konpainia batzuetako kideakaz izan dira eta aurten be artista eta sortzaile nafar edo Foru Komunidadeko eszeneari lotutako artista eta sortzaile ugari izango dira bertan: Boga-Boga (Mujeres que cantan tras el balcón), Led Silhouette (Ultimatum), La Banda Teatro Circo (Nuur), La Cuerda Teatro + Ttipia Kultura (Camping Las Reinas), Akira Yoshida (El porqué de los perdidos), Producciones Come y Calla y Teatro del Acantilado (Leonora), Disiden.Cia Bipedestrucción, Olaia Inziarte.

Ondare espazioetako eta espazio eszenikoetako ikuskizunak kaleko proposamenakaz, bitartekaritza jarduerakaz, tailerrakaz eta artistakaz topaketakaz buztartuko ditu aurten be. La Cava izango da jaialdiaren eszenatoki nagusia, gaueko 22:00etan egingo diran hamabi ikuskizun tarteko dirala; eta Teobaldoen Plazeak, Frantziskotarren Eleizeak, Errege Jauregiak, Kultur Etxeak eta Enocumek hartuko dabe Erriberriko programazinoaren zati bat.

Kontuak kontu, gaur, hilak 17, inaugurauko dabe jaialdia. Edizio honetako lehen hitzordua 19:00retan izango da, Erriberriko Teobaldoen plazan. Bertan, Et D’Ailleurs konpainia frantsesak Bath-Flop aurkeztuko dau. Zirku clown-proposamen hau garagarrilaren 18an, zapatuan, 19:00retan ikusi ahal izango da Pitillasko Udaletxeko plazan, eta garagarrilaren 19an, domekan, 19:00retan, San Martin Unxeko plazan.

Bath-Flop

Sarrerak

27, Erriberriko Antzerki Jaialdia.

Baluarte Fundazioa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu