Hamazortzi artista barriren lanak hautatu ditue

Bizkaie! 2026-07-16 12:14   Kulturea

BFAk atondutako erakusketa ibiltaria Bilbon hasi eta Barakaldora, Basaurira eta Igorrera be joango da.





44. Ertibil Bizkaiak Rekalde Aretoa eraldatu eta Bizkaiko produkzino artistiko garaikidearen topagune eta hausnarketarako eta zabalkunderako gune bihurtu dau. Foru-erakustaretora bueltau da erabarritu ondoren eta balio izan dau artista sortzaile gazteen aurrean konpromisoa berresteko, bitartekaritza-programa baten eta jarduera publikoen laguntzaz.

Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek Ertibil Bizkaia 2026 ikusizko arteen erakusketa ibiltaria aurkeztu dau erakusketako artelanak egin dituen artistakaz batera. Erakusketea Bizkaiko Foru Aldundiak atondu dau eta lurraldeari lotutako 18 artista barriren lanak batu ditu.

Erakusketearen ibilbidea Bilboko Rekalde Aretoan hasi eta Barakaldoko, Basauriko eta Igorreko udal-aretoetara joango da, helburua baita arte garaikide gaztea lurraldeko zenbait txokotara hurbiltzea Bizkaiko arte-sortzaileen lana ezagutzera emoteko.

1983an sortu zanetik, Ertibil Bizkaiak bere bokazinoari eutsi deutso eta jarraitzen dau Bizkaiko artista sortu barriei laguntzen eta sustatzen. Lau hamarkada baino gehiagotan zehar, sariketa hau izan da euskal sorkuntza garaikiderako erreferentziazko plataformea eta egokitzen joan da sektorearen beharretara eta errealidade artistiko barrietara.

Elixabete Etxanobek aurkezpenean nabarmendu dauenez, Ertibilek aukerea emoten deusku artisten belaunaldi barriak zer sortzen dabizen ezagutzeko. Artistei euren ibilbide profesionalaren hasieran laguntzea eta euren lana Bizkaia osoko herritarrei hurbiltze da asmoa".

Ahaldun nagusiak azpimarratu dauenez, ERTIBILek gure kultura-politikearen dimensino hori ordezkatzen dau: persona sortzaileen eta talentu gaztearen aldeko jarrerea". Era berean, nabarmendu dau programa hau etapa ezbardinetan sorkuntzan laguntzeko programea dala: "talentua antzemotea, lehenengo aukera bat eskaintzea, haren garapena babestea eta nazinoartean proiekzinoa erraztea".

2026 Ertibil Bizkaia

Artista irabazleak lehenengo sariagaz: Estela Miguel eta Markel González Elezkano; bigarren sariagaz: Natalia Suárez Ortiz de Zárate; eta hirugarren sariagaz, barriz, Jone Elorriaga Soto dira. Erakusketara ondokoak be batu dira: Argiñe Ceballos Gelozaga, Raimo Galí i Munt, Jorge Isla, Ibon Landa Amutxategi, Idoia Leache Olagüe, Clara Letón Gil, Izaro Mazo Zuloaga, Martzel do Nascimento Goiria, Javier Ozcoidi, Julen Sainz de Rozas González, Solonur, Kathy Udaondo, Carmen Valero Rodríguez, Judith Voet eta Andoni Zamora Txakartegi. Erakusketa horretan, arte-sorkuntza garaikidearen ordezkari asko batu dira.

Epaimahaikideak ondokoak izan dira: Ertibil Bizkaia 2025eko artista irabazle Amaya Suberviola García, Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederretako irakasle Natxo Rodríguez Arkaute, Durangoko Arte eta Historia Museoko zuzendari Garazi Arrizabalaga Cabrerizo eta EHUko Artearen Historiako doktore Ane Lekuona Mariscal, azken hau erakusketarako argitaratutako liburuaren testuen egilea be bada.

Edizio honetan, Rekalde Aretoak Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Ondareen Konserbazino eta Zaharbarritzeari buruzko Graduagazko lankidetzeari berrekin deutso eta Katrin Alberdi irakaslearen Ondare Kudeaketa, Erakusketa eta Erregistroa izeneko ikasgaiko ikasleek hartu dabe parte.

Japonia

Aurreko edizinoetan bezela, artista saridunek egonaldi artistiko berezia izango dabe Japonian 2027ko garagarrilean eta abuztuan eta, esperientzia horri esker, holakoak errazago eskuratuko ditue: kultura-trukea, nazinoarteko proiekzinoa eta aukera profesional gehiagotara zabaltzeko aukerea. Holan, Ertibil Bizkaiak nazinoarteko izaerea gehitu deutso programeari, parte-hartzaile sortzaileen garapena eta kanpo-ikusgarritasuna bultzatu ditu eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu