Baztarreko jaiek girotuko dabe Madalen Eguna garagarrilaren 22an

Bizkaie! 2026-07-16 11:19   Kulturea

Tradizinoak eta jai giroak bat egingo dabe beste behin Madalen Egunean.

Bermeotarrentzat urteko hitzordu berezienetakoa Madalen Eguna ospatuko dabe garagarrilaren 22an, herriak barriro egingo dau bat bere historiagaz, itsasoagaz eta belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun dauen tradizinoagaz. Jai giroz betetako eguna bada be, protokoloz jositakoa be bada eta horregatik, aurten be, jaia eta ondarea eskutik helduta helduko dira Izaro ugartea protagonista dauen ospakizunera.

Bermeoko Udalak aurten be Izaro ugartearen ipar-ekialderantz dagozan mugak berretsiko ditu eta horretarako, alkateak itsasora jaurtiko dau teilea, urtero bezela, honako berbak esanez: Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak.

Urtero teileak udalerriko mugak zehazteko baino gehiago balio dau, teilearen bitartez, herri baten memoria eta nortasuna be berritzen dira. Belaunaldiz belaunaldi errepetiduten dan keinu horrek gogorarazoten dau tradizinoek bizirik jarraitzen dabela, urtero barritzen diralako.

Teileak esangura berezia izaten dau urtero, eta aurten be holan izango da. Alkartasunien ospatuz izena jarri deutse teileari, eta Benito Barrueta Arte Alkartearen esku itxi dau Bermeo Udalak haren diseinua. Rosa Mari Gabantxok pintau dau, akrilikoa erabiliz, eta lanaren bidez aurten urteurrena ospatzen daben herriko lau talde omendu nahi izan dira: Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena, Bermeoko Erraldoien Konparsearen 20. urteurrena, Bermeoko Abesbatzaren 70. urteurrena eta teilearen diseinuaren ardurea hartu dauen Benito Barrueta Arte Alkartearen 75. urteurrena. Lau talde horreetako ordezkariak udal korporazinoagaz batera egongo dira itsasontzian, Madalen Eguneko protokoloa bertatik bertara biziteko.

Madalen Eguneko egitaraua

Madalen Eguna Kankinkabara Txistu Taldearen kalejireagaz hasiko da. 11:45ean, Udalbatza Goiko plazan battu eta, Alkate soinua entzun ondoren, porturantz joango da kalejiran. Bidean, txistulariek urtero bezela Madalen zortzikoa joko dabe.

12:00etan hasiko da itsas-jaia. Ontziratzea eta lehorreratzea izotz fabrikearen parean egingo dira. Izaro ugartera helduta, Bermeoko Udalak herriko bandera eta ikurrina jasoko ditu, eta ondoren alkateak teilea jaurtiko dau Bermeorenak dirn mugak barriro be berretsiz.

Aurten bere, Bermeoko Udalak herritarren parte-hartzea sustatzeko ekimenari eutsi deutso Herritarren artean zozkatutako 12 bermeotarrek udal korporazinoagaz batera Izarora eta Elantxobera joateko aukerea izango dabe, Madalen Eguneko protokoloa barrutik ezagutuz. Urtero bezaea, ekimenak harrera bikaina izan dau eta aurten be parte-hartze handia izan da.

13:00ak inguruan udal ordezkaritzea Elantxobera helduko da. Herriko plazan, Alkartasuna Dantza Taldeak ohorezko aurreskua eskainiko dau. Bien bitartean, Bermeon, 12:30etik 15:00etara Taberna Ibiltaria
ibiliko da kalez kale.

Arratsaldean, 17:30ean, udalbatza Elantxobetik Mundakarantz joango da, bertan geldialdia egin ondoren, 19:30ak inguruan helduko da Bermeora. Portutik Goiko Plazaraino egingo dan kalejiran Betijai fanfarreak lagunduko dau. Bertan, Bermeoko banderea eta ikurrina altzatuko dira, aurreskuak eta zabaletakoak eskainiko dira, eta ondoren San Migeleko eskaileretarainoko beherakadea egingo da Betijai fanfarreagaz.

Era berean, 20:00etatik 00:00etara Puntu Segurua egongo da Portuzarrean. Bertan informazinoa, aholkularitzea eta, eraso sexisten aurrean, arretea eta laguntzea eskainiko dira.

Bermeoko udal ordezkariek adierazo daben moduan, Madalen Egunean edade guztietako bermeotarrek eta kanpotik datozenek jaiagaz eta tradizinoagaz gozetako aukerea izango dabe. Beraz, persona guztiak konbidatu ditue bermeotarrontzat, hain garrantzitsua dan jai honetan errespetuz parte hartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu