Elorriok prest ditu 2026ko Ferixa Nausikoak
2026-07-16 07:45 KultureaElorrioko Merkatarien Alkarteak aurtengo txupinazoa botako dau bere 25. urteurrena ospatzeko.
Elorriok prest dauka Ferixa Nausikoak ospatzeko egitaraua. Irailaren 4tik 13ra, herria musikaz, kulturaz, kirolaz, tradizinoz eta herri-giroz beteko daben ehunka jarduera izango dira, edade guztietako herritarrei zuzenduta. Egitaraua Udalak, Jai Batzordeak eta herriko alkarte, eragile eta boluntario ugarik alkarlanean atondu dabe, beste urte batez jai parte-hartzaile, eta herrikoiak eskaintzeko helburuari eutsiz.
Aurtengo Ferixa Nausikoek hainbat barrikuntza izango ditue, txosnagunea kokapen barrira aldatuko da: Bokata txosna Buzkantz kalean egongo da eta karpa azpiko txosnak zein euren kontzertuak Ganondoko sarreran egingo dira. Bestalde, karrozen jatsiereak beste ibilbide bat izango dau, Aldatsekuan hasi, herriko plazatik igaro eta San Pio, Errebonbilo eta Errekakaletik barriro plazaraino. Karrozen desfilean eta koadrilen olgetatan parte hartu nahi dabenek programan agertzen diran QR kodeen bidez emon ahal izango dabe izena. Horrezaz gan, autobus zerbitzuak indartu eta egokituko dira, barraketan ume txikientzako atrakzino barri bat egongo da, eta Ferixako azokan ahalik eta eskaintzarik zabalena batu nahi izan da, nekazari, artisau eta abeltzainen parte-hartzea sustatuz. Aurreikuspenen arabera, aurten behiak be izango dira azokan.
Aurtengo txupinazoa EME Elorrioko Merkatarien Alkarteak botako dau, alkartearen 25. urteurrena ospatzeko autortza bezela. Ospakizunagaz bat eginez, EMEk jaietako zapi horiak banatuko ditu doban bere denda eta tabernetan. Era berean, Jose Luis Pulido Calvoren Iskanbila lana izan da Ferixa Nausikoak 2026 iragarriko dituan kartel lehiaketako irabazlea.
Egitarauak aurreko urteetan erantzun bikaina izan daben jarduerei eutsiko deutse eta barriro be edade guztientzako eskaintza zabala izango dau. Txikienek bitsaren jaia, olgetak eta umeenk parkeak izango ditue; gazteek Ganondoko ugartean eta txosnagunean jarduera ugari; eta edadekoek euren egun berezia ospatuko dabe mendi ibilbideagaz, mezea, bazkaria eta jantzaldiagaz. Musikea izango da beste behin protagonista nagusietako bat, elektronikea, erromeriak, fanfarreak, DJ emonaldiak, karaokea, tributuak, flamenkoa, folka eta Maruxak ikuskizuna lako proposamenakaz. Horrezaz gan, bertsolariak, kaleko antzerkia, zirkua, jantza garaikidea eta erraldoiak be izango dira, herriko plazan ez eze, Urarka-Esteibarlandan, Aldatsekuan eta txosnagunean be.
Ohiko hitzordu nagusiek be ez dabe hutsik egingo. Irailaren 4ann txosnagunea zabalduko da; 5ean izango dira txupinazoa eta tanborradea; 6an, Ferixia; 7an, koadrilen bazkaria eta olgetak; 11n, jubilatuentzako ekintzak eta Los zopilotes Txirriaos kontzertua; 12an, Sukalki Eguna, karrozen jatsierea eta DJ emonaldiak; eta 13an, Ferixa Nausikoei amaierea emongo deutse Elorrioko Koloreak eta Zaporeak, herri kirolek eta bertso saioak. Gainera, herriko kirol taldeek be protagonismo berezia izango dabe, lagunarteko futbol, saskibaloi eta eskubaloi partiduakaz.
Ferixa Nausikoek aurten be jai parekide, seguru eta errespetuzkoen aldeko konpromisoa berretsiko dabe. Horretarako, eraso matxista eta arrazisten kontrako protokolo feministea aktibauko da barriro, herriko mobimentu feministeagaz alkarlanean. Informazinoa edo laguntzea behar daben personek 688 86 52 94 telefono zenbakira deitu leikie eta jaietan zehar kapela moreak banatuko dira. Era berean, konsumo arduratsuaren inguruko sensibilizazino-kanpainea be egingo da.
Julene Lazkano alkateak herritarrei jaiak biziteko konbita egin deutse: Ferixa Nausikoak herri osoaren alkarlanaren emoitzea dira. Eskerrik beroenak emon nahi deutsegu jaiak posible egiten dituen alkarte, eragile, boluntario, udal langile, merkatari, ostalari, nekazari, abeltzain eta artisau guztiei. Euren konpromisoari esker, urtez urte Elorriok jai biziak, parte-hartzaileak eta guztiontzako edegiak ospatzen ditu. konbidapena herritar guztiei jaiak euskeraz, errespetuz, bardintasunez eta arduraz gozetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
