EHU-iBio sortu dau Euskal Herriko Unibersidadeak

Bizkaie! 2026-07-15 12:14   Kulturea

Hainbat arlotako 100 ikertzaile baino gehiago ibiliko dira zentroan.

EHU-iBio sortzeak osasuna ulertzeko modu bereziari erreparau deutso: giza osasuna ezin da modu isolatuan aztertu, zuzenean lotuta baitago animalien, landareen eta konpartiduten ditugun ekosistemen osasunagaz. Ikuspegi horren arabera, diziplina ezbardinetako ikertzaileek alkarlanean jardungo dabe izaki bizidunen eta horreen ingurunearen arteko hartu-emonak osasunean izan leikien eragina aztertzeko. Horretarako, zentroak biomedikuntzea, biodibersidadea eta agrobiologia lako arloetako proiektuak jorratuko ditu, egungo osasun eta ingurumen-erronkei erantzuteko.
 
EHU-iBioren abiapuntuko komunidadeak 100 ikertzaile baino gehiago izango ditu, Zientzia eta Teknologia Fakultadeko eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultadeko kideakaz osotua. Zentroak 13 ikerketa-talde finkatutako kideak eta lehiakortasuneko proiektuetako 29 ikertzaile nagusi batzen ditu; danetara, talde horreek 4 miloe euro inguruko finantziazinoa kudeatzen dabe urtero. 

Nabarmentzekoa da emakumeek ikerketa-zuzendaritzan daben presentzia, izan be, ikerketa-taldeetako arduradunen % 70 dira emakumeak. 

Kontuak kontu, María Goyri eraikina izango da komunidade zientifiko barri honen topagunea. Helburua da hainbat arlotako espezialisten arteko lankidetzea erraztea, ezagutza-arloak batzea eta beste ikertzaile batzuk erakartea. 

EHU-iBiok lankidetzea indartuko dau PiE-EHU zentroagaz, osasunagaz eta ingurumenagaz lotutako ikerketen arloan eta EHUren jarrera estrategikoa sendotuko dau One Health ikuspegiaren alde, izan be, ikuspegi horrek giza, animalien eta ingurumenaren Osasuna errealidade gogoan hartzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu