Gabriel Aresti autortzeko hamar ekimen atondu ditue
2025-06-04 13:15 KultureaBihar, hilak 5, haren heriotzearen 50. urteurrena izango da.

Gabriel Aresti Segurola bilbotar idazle eta euskaltzain urgazlea 1975eko bagilearen 5ean hil zan, 41 urte zituala. Urtemuga hori kontuan izanda, Euskaltzaindiak XX. mendeko euskal idazle barritzaileenetako bat izandakoa autortzeko eta goresteko hainbat ekitaldi atondu ditu Bilboko uriburuan, Euskal Herriko Unibersidadeagaz (EHU), Gabriel Aresti Kultura Alkarteagaz eta Bilboko Koralagaz alkarlanean. Egitasmoak ondoko erakundeen babesa dauka: Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, EiTB eta BBK.
Euskerearen Akademiaren egoitzan egindako prentsaurrekoan aurkeztu dira ekitaldiaren zehetasunak. Berton izan dira, Gabriel Arestiren senideak; Josune Irabien Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendaria; Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Saileko diputadua; Eider Inunziaga Bilboko Udaleko Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako zinegotzia; Igone Zabala eta Patxi Juaristi (EHU); Vanessa Fernandez (EiTB); Xabier Monasterio (Gabriel Aresti Kultura Alkartea), Gorka Martinez (BBKko zuzendari nagusia), Carmen Martínez (Bilboko Koralaren zuzendaria) eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Andres Urrutiak bagilean hasi eta abenduan amaituko dan egitarauaren helburua azpimarratu dau: Gabriel Aresti eta bere lanak ezagutzera emotea da ekitaldiaren helburu nagusia. Euskal herritar asko dago oraindino Aresti nor izan zan ez dakiana, ezta euskal literatureari egindako ekarpen garrantzitsua ezagutzen ez dauena be. Beraz, Aresti balioan jarri nahi dogu, bere lanak autortuz, balioetsiz eta ezagutarazoz. Herri handi eta uriburuek euskerearen bizibarritzean daben zeregina azpimarratu nahiko geunke: euskerea eta euskal kulturea anitza dala erakutsiz.
Kontuak kontu, hamar ekimen aurreikusi dira (hitzaldiak, antzerki-saioak, kontzertuak, erakusketak eta liburu-aurkezpenak), ondorengo sei hilebeteotan gauzatuko diranak.
Programazinoa
- Bagilaren 6an (Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00retan): Bilboko Udalaren Txistularien Bandeak Aitaren Etxea kontzertua emongo dau. Arestiren garaian hainbat konpositorek sortutako lanak interpretauko ditue, esaterako: J. Guridi, J.M. González Bastida edo J.L. Ansorena musikagileenak. Ganera, Arestiren poesiak irakurriko dira.
- Bagilaren 19an eta 20an (Euskaltzaindiaren egoitzan): Gabriel Aresti 1975-2025 jardunaldi akademikoa hitzaldia. Katedreak Gabriel Aresti intelektual eta kulturgilearen irudia eta obrea ezagutarazo nahi dau, batez be, unibersidadeko ikasleen artean.
- Bagilaren 26an (Bizkaia Aretoan, 11:00etan): Gabriel Arestik ereindakoak liburuaren aurkezpena. Gabriel Aresti katedreak egindakoa da eta Patxi Juaristi (EHU) eta Beatriz Zabalondo (EHU) dira lanaren koordinatzaileak.
- Urriaren 6an (Guggenheim Museoaren areto nagusian, arratsaldean): Bilboko Koral Alkartearen kontzertua.
- Urriaren 8an: Gabriel Arestiren mandatua liburu-aurkezpena. Arestik emondakoa diziplina anitzetatik (euskerea, literaturea, gizartea, antzerkia, urigintzea, artea, kazetaritzea, bertsolaritzea, gazteria, itzulpena...) adierazoko da.
- Urriaren 14tik abenduaren 31ra arte (Bizkaiko Foru Liburutegian): Gabriel Arestiri buruzko erakusketa monografikoa.
- Urriaren 15ean (EHU Mikel Laboa plazan): Gabriel Arestirekin antzerki-saioa. Ikuskizunak osogai bi ditu: Gabriel Aresti Eibarren fikzino-lana, Pedro Alberdik idatzia. Antzezlanaren bigarren osogaia, idazle bilbotarraren Profeta bati izeneko Q poemea da, Harri eta herri liburukoa. Poesia herriarentzat egina dala aldarrikatu eban Arestik lan horretan.
- Zemendiaren 14an (Euskaltzaindiaren egoitzan, goizez): Gabrielen ispiluetan barrera berbaldia. Mahai-inguru horretan, poeta-talde batek mosaikoa osotuko dau, Arestiren poesiak euren sorkuntzan izandako loturaz edo ereginaz berba eginez. Parte-hartzaileak: Leire Vargas, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Iñigo Astiz, Sonia Gonzalez eta Tere Irastortza. Antzerki-saioa: Mikel Martinez. Musikea: Eñaut Elorrieta.
- Abenduaren 4an (BBK Aretoan, 19:00retan): Aresti mug(h)arri pieza eszenikoa (musikea eta errezitala), Joxan Goikoetxea zuzendariak atonduta.
- Abenduaren 10ean (Arriaga Antzokian): Bilboko Koral Alkartearen kontzertua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!