Durangok emakume sortzaileak batuko ditu BEST topaketan
2025-05-07 09:35 KultureaMaiatzaren 10ean, Plateruena Kultur Aterpean.
Datorren zapatuan, maiatzak 10, BEST Durango, emakume sortzaileen topaketea egingo da Durangon, 11:00etatik aurrera Plateruena Kultur Aterpean. Hitzordua, BEST – Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa proiektuaren barruan dago eta Durangoko Udalaren eta Zelako Kultur Ideiak kooperatibearen artean bultzatutako ekimena da. Helburu nagusia tokiko emakume sortzaileen lana identifiketea, ikusarazotea eta indartzea da, kultura arloan genero bardintasuna sustatuz eta hainbat diziplinatako sortzaileen arteko lankidetzea eta ikaskuntzea partekatuko sarea sortuz. Ekitaldi edegia da parte hartu nahi daben guztientzat.
Topaketeak jardunaldi osoa hartuko dau eta bi bloketan egingo da. Goizean, Hitza izeneko espazioa izango da, hausnarketa eta alkarrizketa ardatz dituana. Programearen zati horretan, hainbat kultura eta sormen-arlotan adituak diran emakumeek gidatutako mahai-inguruak eskainiko dira, esaterako literaturea, antzerkia, musikea, jantzea, arte plastikoak, argazkilaritzea, bertsolaritzea, zirkua, ikus-entzunezkoak edo performancea. Mahai-inguru horreek, batez be, emakumeei zuzenduta egongo dira, baina interesa dauen edonori edegita dagoz.
Goizean zehar mahai-inguru bi egingo dira, Karolina Suarezek gidatua. Lehenengoa, Txanpon baten truke izenekoa, 11:30ean hasiko da eta Irati Bilbaok, Maite Lopezek eta Erika Lagomak parte hartuko dabe. 13:00etan, bigarren mahai-ingurua egingo da, Txanponaren bi aldeak izenburupean, Marisa Barrenak, Arantza Arrazolak eta Maider G. Etxegibelek parte hartuta.
Arratsaldean, Ekintza blokea egingo da, publiko guztiarentzantzat proponiduta. Berton, tokiko emakume sortzaileek euren artea zuzenean partekatuko dabe. Programazinoan, 14:30ean, ondorio-saioa egingo da eta horren ostean 15:00etan mokadutxoa. 15:30ean, Berbak sare poesia errezitaldia hasiko da; eta, 16:30ean, Garazi Magunagoitia artisteak bakarrizketea eskainiko dau. Jardunaldiari amaierea emoteko, 17:00etan, Eukene abeslaria ibiliko da haren musika proposamenagaz.
Espazio horrek esperientzia kultural irisgarria eta partekatua sortu nahi dau. Proiektuak tokiko sortzaileak identifiketea, jarduerak atontzea eta teknikoki produzidutea, ekitaldia zabaltzea, zerbitzu osogarriak eskaintzea eta prozesuaren memoria egitea aurreikusten dau. Ganera, Durango eskualdeko topaketean parte-hartzen daben emakumeak udagoienean egiten dan Bizkaiko probintziako topaketara konbidauko ditue, sortutako kultur sareari jarraipena emonez.
Jesica Ruiz Durangoko Bardintasun zinegotziak nabarmendu dauenez: Bardintasun Sailetik bardintasuna lortzeko arteak eta kulturak gizartea eraldetako daben ahalmenean sinisten dogu. BEST ekitaldi bat baino gehiago da, gure inguruko emakume sortzaileen talentua ikusarazoteko, erreferenteak sortzeko eta kultura bidezkoagoa eta inklusiboagoa indartuko daben sareak ehuntzeko tresnea hain zuzen be. Durango kultura inklusibo, eraldatzaile eta feministearen erreferentea da. Durangon, emakumeen parte-hartze aktiboa eta bardintasuna ikuspegi intersekzionaletik eta komunitariotik sustatzen daben ekimenen alde egiten dogu. Durangarrak ekitaldian parte-hartzera animetan ditugu.
Informazio gehiago hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!