Karrika Antzerkiaren 'Parkingdarrak' edegiko dau IV. Tontolapiko Eguna

Bizkaie! 2025-03-27 10:22   Kulturea

Apirilaren 18an izango da Landako Gunean.

Durango IV. Tontolapiko Eguna prestetan dabil, apirilaren 18an uria umorez, magiaz eta zirkuz beteko dauena. Halanda ze, Durango clownaren uriburu bihurtuko da.

Ekitaldia Durangoko Udalak atondu dau, Kultura Zinegotzigoaren eta Turismo Sailaren bitartez. Ganso & Ciaren zuzendaritza artistikoagaz dator dau. Helburua da clownaren diziplina herritarrei hurreratzea eta, aldi berean, Aste Santuko oporretan turistak erakartea, uriko eskaintza kultural, natural eta gastronomikoa erakutsiz.

Tontolapiko Eguna Landako Gunean egingo da. Ikuskizun ugari eta doban eskainiko dira, 12:00etan hasi eta 20:30ean amaituta. Bertoko eta nazinoarteko konpainien obrak izango dira, zirku, komedia eta clown ikuskizunak eskainiz. Ganera, musikea, animazinoa eta foodtruckak egongo dira.

Programazinoa

  • Karrika Antzeki (Durango): Parkingdarrak (12:00, 13:30, 16:30, 18:00, 19:30). Site specific piezearen emonaldi txikiak izango dira lekuaren murrizketea dala-eta. Antzezlana ikusteko, sarrerea eskuratu beharko da, doban, ekitaldiaren informazino-gunean.
  • Mundo Costrini (Argentina): Frikis (12:30). Magia, zirkua, kantua eta jantzea buztartzen dituan 45 minutuko ikuskizuna, proposamen bisual dibertigarri eta surrealistea.
  • Les Enfants Sérieux (Frantzia): Happy Apocalypse to you (17:00). Apokalipsiaren inguruko komedia, kaosa ospatzen daben personaia zelebre bik gidatuta.
  • Cia Jimena Cavalleti (Valentzia): B.O.B.A.S (18:30). Umorea, musikea eta hausnarketea buztartuz, hileta-eleizkizunak atontzen dituan talde baten gorabeherak erakusten ditu.
  • Ual-La! (Katalunia): Play (20:00, Plateruena Kultur Aterpea): Tablemusic kontzertua. Eguneroko objektuak erabiliz soinuak sortzen ditue, ikusleei esperientzia berezia eskainiz.

Paule Sanchez Kultura zinegotziak azpimarratu dauenez: Tontolapiko Eguna ekitaldi bat baino askoz gehiago da, guztiontzat eskuragarri dagoan kulturearen aldeko egitasmoa, edadea eta egoerea kontuan hartu barik. Kultura inklusiboa gure nortasunaren parte izatea nahi dogu. Jaialdiak, tokiko kultur eskaintzea aberasteaz gan, Durangoko naturea, ondarea eta gastronomia esperientziak eskaintzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu