Yoshimoto Nara artistearen obrea, bagiletik aurrera Guggenheim Bilbao Museoan

Bizkaie! 2024-05-17 12:27   Kulturea

Haren belaunaldiko artista ospetsuenetako bat da.

Guggenheim Bilbao Museoak Yoshitomo Nara artistearen obrea aurkeztu dau, 1997az geroztik Museoaren Babesle Estrategikoa dan BBVA Fundazioagaz batera atondutako erakusketea.

Atzerabegirakoak Yoshitomo Nararen mundu berezia erakusten eta aztertzen dau. Obrak, bidaia baten barrena eroaten deusku, artistearen sormenak, bere ideien sorburutik hasita izan dauen eboluzinoa erakutsiz. Erakusketea gaika dago atondua, ez kronologikoki edo teknika eta materialen arabera, eta Nararen prozesu kontzeptualen eta formalen ganeko ikuspegia eskaintzen dau. Azken lau hamarkadetan —1984tik 2024ra— egindako pinturak, marrazkiak, eskulturak eta instalazinoak  erakusten ditu.

Yoshitomo Nara bere belaunaldiko artista ospetsuenetako bat da, eta oso ezagunak dira haren buru eta begi handiko umeen irudiak. Askotan, itxura mehatxagarria, desafiatzailea eta lotsagabea izaten dabe, baina baita malenkoniatsua eta zalantzatia be.

Bere obran behin eta barriz adierazoten diran motiboak, esaterako, teilatu gorriko etxea, kimuak, putzua, kutxea, itsasontzi urdina eta basoa, agerian jartzen dabe bere ibilbidean zehar pensamendu-jarraitutasun bati heldu jakola, eta garapen estilistikoa nabarmentzeko be balio dabe.

Museo garrantzitsu batean eskainitako lehenengo bakarkako erakusketea da. Guggenheim Bilbao Museoan aurkeztu eta gero, Baden-Badenera eta Londresera eroango dabe.

Bagilaren 28tik zemendiaren 3ra arte egongo da ikusgai eta komisarioa, Lucia Agirre da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu