Anodino Teatro taldeak langile burrukearen gaurkotasuna jorratzen dau 'Obsoletus' komedian

Bizkaie! 2023-03-21 08:38

Talde bizkaitarrak apirilaren 28an estreinauko dau Getxoko Muxikebarri aretoan.

Gaur egungo testuinguruan, zer bide hartu behar dau langile burrukeak? Kaleetan egiten zan sasoi bateko protesta indartsuak bidea zarratu ete deutse sare sozialetan egiten diran eztabaidei? Noiz amaitzen da burruka bat, eskatzen dozun guztia lortzen dozunean edo herriaren babesa galtzen dozunean?

Galdera horreek guztiak mahai gainean jarriko ditu antzerki konpainiak, beti be komediaren bidea baztertu barik, hori baita taldearen marka bereizgarria.

2015. urtean, taldea sortu zanetik, Anodino taldeak komediaren bideari ekin deutso umore lotsabakoa, azkarra eta gazia bilatuz.

Pako Revueltas-en zuzendaritzapean eta Aiora Sedano, Juanjo Otero eta Aitor Fernandino aktoreakaz Obsoletus antzezlanean Ibaialde herri fiktizinoaren istoria jorratzen da; Lantegia zarratu eta hor sortutako protesta jentetsua, denporearen porasuz sano ahulduta dago, Ione eta Elias bakarrik geratzen diralarik. Baina Txarlik itxaropena dakar, promesak lortu ditu, baldintza bakar bategaz: Itxialdia berehala bertan behera ixtea.

Testua, Aitor Fernandinok idatzitakoa, Antzerkigintza Barriak proiektuaren babesa jaso eban 2021. urtean eta antzezlana produziduteko Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren babesa jaso dau.

Getxoko estrenaldia eta gero egun bitan emogo dabe Donostiako Antzoki Zaharrean, Apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean, Langileen Nazinoarteko Egunean, hain zuzen be.

Anodino Teatroa 3 aktorek sortua da, orain 8 urte, beste hainbat antzerki taldeentzako lan egin eta gero proiektu personalak jorratzeko asmoz. Ordutik antzezlan ugari egin eta hainbat sari jaso ditue: Alex Angulo saria Pabilioi 6ko Antzerki Arineko Jardunaldietan eta Donostiako Poltsiko Antzerkiko lehenengo saria.

Obsoletus taldearen bigarren ikuskizun luzea da eta duda barik asmo handikoena.


Informazio gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu