XXIV. BilbaoPoesia, martiaren 14tik 23ra

Bizkaie! 2023-03-06 07:45   Kulturea

Raúl Zurita, Gioconda Belli, Aurora Luque eta beste batzuk batuko ditue.

Bakardadea goiburuari eutsiz, Lorcaren jaiotzearen 125. urteurrena omenduko dau jaialdiak, Lorcak eta Margarita Xirguk 1936ko urtarrilean El Sitio Alkartea, egungo Bidebarrietako Liburutegia, bisitau ebela gogorarazoteko.

Ospe handiko poetak izango ditugu Bilbon: Raúl Zurita, Gioconda Belli, Aurora Luque, Felipe Benítez Reyes, Rosa Berbel, Beatriz Chivite, edo Yolanda Castaño.

Programautako ekitaldiak doban izango dira, El Joseren kontzertua izan ezik (martiaren 18an). Sarrerak 5 euroan salgai dagoz hemen.

Gioconda Bellik eskainiko dauen errezitaldia (martiaren 14an), Lorcaren omenaldia (martiaren 19an), Raúl Zuritaren topaketea (martiaren 21ean) eta Defreds & Redryren hitzordua (martiaren 23an) doban izango dira, baina gonbidapena beharko da. 

Hogeita laugarren edizino honek Bakardadea izango dau gai nagusi eta aurten be, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusia eszenatoki ezin hobea izango da Estaduko zein nazinoarteko lehen mailako poeten presentziaz gozetako, poesia erdigunean dala eta bederatzi egunez literatura eta musika programazino iradokitzaile eta askotarikoa eskainiz.

Programazinoa

Jaialdia martiaren 14an, martitzenean, hasiko da Nikaraguan jaiotako Gioconda Belli poeta nobelisteak eskainiko dauen errezitaldiagaz: Furiosamente Piel izenburupean, Belli bere poesian eta bizitzan barrena ibiliko da bere bertsoen bidez. Belliren sari-zerrendan nabarmentzekoak dira Jaime Gil de Biedma Saria, Kubako Casa de las América Saria Línea de Fuego poema-liburuagaitik, Alemaniako Urteko Nobela Politiko Onenaren Saria La Mujer Habitada liburuagaitik eta Latinoamerikako Saria La Otra Orilla lanagaitik. Hitzordu honetarako, kulturabilbao.web.app webgunean eskuragarri dagozan konbidapenak beharko dira.

Martiaren 15ean klasiko bat bueltauko da Bilbora, Blas de Oteroren omenezko hitzordura. Poetea gogoratuko da Seroie Taldeak eskainiko dauen kontzertu baten bidez, Cántico espiritual poeta ezagunaren lehen liburuaren argitalpenaren 80. urteurrenean. Seroie musika taldeak okasinorako sortutako zuzeneko kontzertua eskainiko dau.

Eguenean, hilaren 16an, Fabricación de la Soledad izenburupean, Felipe Benitez Reyesek eta Juan Antonio González Iglesiasek, Aurora Luquek, azken Poesia Sari Nazionala jaso dauenak, euren bertsoak irakurriko ditue eta olerkiak askotan egiten eta pizten dituan bakardadeaz hausnartuko dabe.

Martiaren 17an, Abdul Hadi Sadoun irakiar poeteak, Sergio García Zamora kubatarrak, Roger Wolfe ingeles jatorriko poeteak eta Beatriz Chivite poeta nafarrak Asia eta Europako hainbat herrialdetan bizi eta lan egin dabenak euren poemak errezitauko ditue Exilios, extranjerías y otras ausencias izeneko hitzorduan.

Astegoienean hitzordu berezi bi izango dira: El Jose taldearen kontzertua eta Federico García Lorcari omenaldia.

El Jose Bidebarrietara helduko da, Alberto Sapillo bajistea eta Nano Díaz baterian lagun dituala. Erritmo ugari, soinu eklektikoak eta esentzia bohemioa modu naturalean eta moldakorrean era guztietako emozinoak sartzen diran atmosferea sortuz.

Martiaren 19an, Lorca en Bilbao hitzorduaren txandea izango da Bilbon, BilbaoPoesiaren produkzino propioa. Lorcak Margarita Xirgurekin bisitau eban Bilbo 1936ko urtarrilean. Aurten, haren jaiotzearen 125. urteurrenean, Literatur Jaialdiak oso modu berezian gogoratuko dau. Fusilau baino hile batzuk lehenago, Lorca eta Margarita Xirgu aktorea alkarregaz egon ziran azken aldiz Bilbon (Lorca hil egin ets hile batzuk geroago eta Margarita Xirgu ez zan erbestetik bueltau). 1936ko urtarrilaren 26an, Bilboko egonaldia aprobetxauta, El Sitio alkarteak omenaldia eskaini eutsen Libertades Jauregien aretoetan (egungo Bidebarrietako Liburutegia). Itziar Lazkano eta Felipe Lozaren eskutik, Iñaki Marurik pianoan lagunduta, Granadako poetea gogoratuko dabe. Hitzordu honetarako, kulturabilbao.web.app webgunean eskuragarri dagozan gonbidapenak beharko dira.

BilbaoPoesiaren azken astea astelehenean, hilak 20, hasiko da, Loraldiagaz urtero alkarlanean, Castillo Suarezek letrak jarriko deutsee eta Juantxo Zeberiok musikea Alaska izeneko hotel abandonatu batean kokatutako narrazino bategaz gurutzatuko diran poema eta doinuei.

Hilaren 21ean, Poesiaren Munduko Egunagaz bat eginez, BilbaoPoesiak Jaialdiko hitzordu garrantzitsuenetako bat programau dau. Raul Zurita, Txileko poeta handienetako bat, Reina Sofía Poesia Iberoamerikarraren Saria jaso ebana, izango da protagonista Ni pena ni miedo errezitaldian. Ramon Andres poeta eta saiakeragilea izango da aurkezlea. Hitzordu honetarako, hemen eskuragarri dagozan konbidapenak beharko dira.

Eguaztenean, hilak 22, Yolanda Castaño, Rosa Berbel eta Juanra Madariaga Sevilla eta Bizkaiko poeten txandea izango da. Estaduko periferietatik, euren sormen mundu, argiztapen eta bakantzetan sartzeko konbita egingo deutse publikoari.

Martiaren 23an, Defreds eta Redry jaialdiakaz agurtuko da Bilbo, publiko barriei eta belaunaldi gazteenei edegita. Defreds eta Redryren poesia errealista eta urbanoak, publiko gazteenaren erreferenteak, bere testu emozional eta intimistak hurreratuko ditu jentetzearen bakardadearen kontrako antidoto lez. Hitzordu honetarako, kulturabilbao.web.app webgunean eskuragarri dagozan konbidapenak beharko dira.

El Joseren kontzertua izan ezik, BilbaoPoesiaren hitzorduak streaming bidez be gozau daitekez Bidebarrieta Kulturguneko YouTubeko kanalean.

Jaialdiak Metro Bilbao, El Correo eta Ikey Group Comunicación enpresen babesa dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu