Deabru Beltzak-ek Bizkaiko zortzi herritan ospatuko dau 25. urteurrena

Bizkaie! 2021-08-02 09:18   Kulturea

Abuztuan eta irailean emonaldiak egingo ditue Zaratamo, Atxondo, Ereño, Dima, Alonsotegi, Lemoiz, Lanestosa eta Etxebarrin.

Pirotekniaren eta suzko ikuskizunen alorrean Euskal Herriaren ordezkari nagusietako bat dala heldu da Deabru Beltzak taldea 25. urteurrenera. Abuztuan, herritarrakaz batera ospatu nahi dabe efemeridea, eta, Bizkaiko Foru Aldundiagaz lankidetzan, zortzi emonaldiko programazinoa atondu dabe, Bizkaiko beste horrenbeste herritan. Eskualde guztietara enetara heltzen ahaleginduko dira. 

Kaleko ikuskizunak izango dira, perkusinoa, piroteknia, koreografiak eta efektu bereziak ardatz. Pandemiaren kontrako neurriak dirala eta, aforoa mugatuta egongo da eta publikoak jesarrita ikusi beharko dau emonaldia. 

Abuztuaren 9an izango da lehenengo saioa, Zaratamon (Elexalde plazan, 21:30ean). Ondoren, Durangalderako bidea hartuko dabe Deabru Beltzak-eko artistek, hilaren 10ean Atxondoko Udaletxeko plazan emonaldia dabelako. 11n Ereñon izango dira, kasu horretan be Udaletxeko plazan. 

Egun batzuetako deskantsuren ostean, hilaren 23an bueltauko dira herririk herriko birara. Egun horretan, Dimako Udaletxeko plazan egongo da Deabru Beltzak, eta 24an, Alonsotegin. 25ean Armintzako hondartzako parkingean izango dira, eta, 26an, Lanestosako Dantzari plazan. 

Azken emonaldia irailean izango da, 4an. Lea-Artibain amaituko dau Deabru Beltzak-ek urteurreneko bira berezia, Etxebarriko Udaletxeko plazan. 

1996an sortu eben Deabru Beltzak Bizkaiko hainbat antzerki taldetatik heldutako artista batzuek, kaleko arte eszenikoen arloan proposamen barritzaile eta ikusgarriak antolatzeko asmoz. Sua, piroteknia, jantzea eta perkusinoa buztartuta, makina bat ikuskizun sortu ditue urteotan, heldu zein umeentzakoak, eta Euskal Herrian ez eze, nazinoartean be ospea eskuratu dabe. 

Formatu handiko hamar ikuskizun aurkeztu ditue mende laureneko ibilbidean, eta 3.000 saio baino gehiago egin ditue dagoeneko, 35 herrialdetan. 2021eko Max Sarietarako hautagaiak dira, kaleko ikuskizunik onenaren kategorian, Symfeuny lanagaitik. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu