Mar de Diosek irabazi dau Etxebarriko beka artistikoa

Bizkaie! 2021-02-19 09:15   Kulturea

Kata izeneko proiektua aurkeztu dau, Japoniako ohituretan oinarritua. 

Bekea emoteko ekitaldia (argazkia: Etxebarriko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

2020ko irailean, Etxebarriko Udalak deialdia egin eban, artista eta kolektiboen artean 2.000 euroko bekea emoteko, sormen kulturala bultzatzeko asmoz. Disziplina guztietako proposamenak onartu ditue: musikea, pinturea, eskulturea, bideoa, literaturea, jantzea, instalazinoak... Irabazlea Mar de Dios artista plastikoa izan dala ebatzi dau epaimahaiak, eta Udalak asteon emon deutso saria. 

Kata izeneko proposamen artistikoagaitik emon deutse bekea de Diosi. Japonieraz zigilua, patroia edo moldea da kata berbearen esangurea, eta, teknika horren bidez, matrize beretik pieza ugari ateratzen dira, baina bardin-bardinak izan beharrean, aldaketa txikiak edo handiak dagoz alkarren artean. 

Bekea irabazteagaitik jasoko dauen 2.000 euroko diru-laguntzinoagaz gan, Mar de Diosek erakusketa bat egingo dau Etxebarrin, zemendian. Udalak aurreratu dauenez, de Diosegaz alkarlanean, herrian beste obra artistiko bat ipintea aztertzen dabiz. 

Mar de Diosek (Bilbo, 1992) EHUko Arte Eder Fakultadean ikasi eban, eta zeramikan espezializau. Gero, Madrilgo Complutense Unibersidadean Arte Ikerketako masterra egin eban. Eskulangintzeagaz eta zeramikeagaz lotutako teknikei esker, Mar de Diosen obrak nazinoarteko erakusketa askotan agertu dira, besteak beste, Manisesko Bienalean (2017, Ohorezko Aitamena) eta Milango Open to Art-en (2019). Bizkaiko Foru Aldundiak Arte Plastiko eta Bisualen Bekea (2018) eta Ertibil egitasmoarena (2019) emon deutsaz.

Epaimahaian, Etxebarriko Udaleko teknikariakaz batera, ibilbide luzeko profesional bi egon dira, Kepa Garraza artista hiperrealistea eta Haizea Barcenilla irakasle eta ikerlaria. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu