Bilboko lau lekutan ipini dabe 'Soplo-Arnasketa saiakerak' erakusketa deszentralizadua

Bizkaie! 2021-02-17 13:11   Kulturea

25 artistaren obrak ikusi ahal izango dira apirilaren 7ra arte.

Pandemiaren aurrean kulturgileak babesteko Bilboko Udalak martxan jarri dauen ekimenen artean, esanguratsuenetako bat da Soplo-Arnasketa saiakerak izeneko erakusketa zabal eta deszentralizadua, BilbaoArteren laguntasunagaz antolatua eta 25 sortzaileren eskuhartze artistikoak uriko lau lekutara eroango dituana. Erakusketatzarra dala dino Udalak, daukan tamainuagaitik. 

Pandemiak eragin dituan ondorioei heltzen deutse erakusketeak, gizartean, ekonomian, politikan eta artean aztarna sakona itxi dauen jazoerea dalako. Bazterrera itxi dira berbazko adierazpideak, eta erantzun plastiko eta formal gatxagoen alde egin da, azaldu dau Juan Mari Aburto alkateak, Zabalguneko eraikinean egindako agerraldian.

Zabalgunearen eraikina, Mariaren Bihotza plazako aztarnategia, Euskal Museoa eta Abandoko udaltegia dira erakusketako obrak ipinteko aukeratutako lau lekuak. Gune bakotxean dagozan eskuhartze artistikoek gai jakin bat jorratzen dabe: hondamendia, etxea, uria eta gorputza.

Askotariko irakurketei indarra emotea da helburua, eta obra eta gune batzuen eta besteen arteko oihartzunak agertzea, baita gune bakotxaren eta uriaren artekoei be, adierazo dabe erakusketearen arduradunek. 

Zabalguneko eta Abandoko udaltegiko erakusketak bihar, zezeilak 18, zabalduko ditue; Mariaren Bihotzekoa 20an, eta Euskal Museokoa 22an. Apirilaren 7ra arte ikusi ahal izango dira esku-hartze artistikoak.  

2020ko bagilean Udalak egindako Ekaitzaren ostean deialdiaren emoitzea da erakusketea. Bertoko sortzaileek 128 proiektu artistiko aurkeztu zituen, eta epaimahaiak 25 aukeratu ditu. Andrea Estankona, Aimar Arriola eta Maite Martínez de Arenaza izan dira epaimahaikide. Aukeratutako proiektuen egileek 2.000 euro jasoko ditue bakotxak. Ganera, ikusgai dagozan guztien artean, 5.000 euroko bost sari emongo dira. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu