'El verdadero Zuloaga' liburua aurkeztuko dabe Eibarren

Bizkaie! 2021-02-17 09:34   Kulturea

20 adituren eskutik, Zuloagaren obreari buruz inoiz idatzi dan libururik sakonena.

Aurkezpena margolariaren izeneko Eibarko Institutuan egingo da, zezeilaren 24an, goizeko 11:30ean, bertako Batxiler Artistikoko ikasleak aurrean dagozala. Ekitaldian izango dira Rosa Jaussi ikastetxeko zuzendaria; Foru Aldundiko Harkaitz Millán Kultura diputadua, Alberto Albistegui alkateordea eta Ignacio Suárez-Zuloaga, Margarita Ruyra eta Ismael Manterola adituak. Hiru adituek ikasleen galderei erantzungo deutsee, Ego Ibarra batzordeak Eibarko herriaren sorrerearen 675. urteurreneko jardueren barruan atondutako ekitaldian, pintorearen 150. urteurreneko ekitaldiei amaierea emoteko.

Juan Pablo Fusi, Javier Barón, Jabier Portús, Eliseo Trenç, Suzanne L. Stratton-Pruit, Sara Hidalgo, María Encina Cortizo, Pavel Stepanek, Eugenia Querci, Javier Novo, Margarita Ruyra, Juan José Junquera, Abraham Rubio, Yuri Saveliev, Ismael Manterola, Ramón Sobrino, Rodrigo Gutiérrez-Viñuales, José Romero Portillo, Mikel Lertxundi eta Helena Pereña adituek jorratu dabe Zuloagaren lana El verdadero Zuloaga obra potoloan, Ignacio Suárez-Zuloagak editautakoan.

Lana lau zatitan dago banatuta; hasteko Zuloaga hainbat testuingurutan jorratzen da: Hasierako testu biek euskal giroa eta Zuloagatarren balioak aztertzen ditue eta amaieran haren nortasunaren deskribapen bat egiten da. Hirugarren idatzia Santiago Etxeari eskainia da, artisteak etxea eta tailerretako bat izan ebana, haren bizitzearen azken hogeita hamar urteetan; etxe hori, gainera, haren sorkari nagusienetako bat izan zan. Gero gai korapilotsuagoak jorratzen ditu: pintorearen jokera Gerra Zibilean eta amaierarik ez dauen polemikea: Zuloaga auzia.

Bigarren atalak pintura-estiloa eta jasotako eraginak ditu ardatz. Gaztetako bilaketatik hasi, hainbat estilotatik pasau eta estilo propio bat lantzen egindako bidea, besteakandik oso bereizia. Eta jarraian aztertzen da pintore frantziar batzuek gaztetako esperimentuetan zer eragin izan eben. Hurrengo testuak Zuloagak gehien miretsi eta batu zituan maisuei dedikautakoak dira: Greko, Goya eta Zurbaran.

Hirugarren blokean, haren pinturetan azaldutako gai batzuk lantzen dira: Lehen gaia marjinatuak dira; eibartarrak hasiera-hasieratik lehentasunezko leku bat emon eutsen eta. Bloke horretako bigarren testua artistearen obran euskal gaiek daben lekuari buruzkoa da. Jarraian Andaluziako gaiak aztertzen dira. Lurraldeei buruzko ibilbideari amaierea emoteko, Gaztelako gaien eragina miatzen da, izan be, haren osaba zeramista Daniel Zuloagaren eskutik ezagutu eban lurralde ha. Azkenik, pintoreak arte eszeniko eta musikalakazko interesa da aztergai.

Amaieran, artistearen proiekzino internazionala jorratzen da eta artistearen obrak Iberoamerikan, Errusian, Alemanian, Austrian, Italian, Txekian eta AEBetan, hurranez hurran, izan eban eragina eta izan zituan gorabeherak islatzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu