Historiaurreak San Telmo Museoa hartuko dau, Aranzadiren Arkeologia Jardunaldietan

Bizkaie! 2021-02-16 13:32   Kulturea

Zezeilaren 17an izango da lehenengo saioa.

Euskal Herriko Historiaurrea argitzeko adituek egiten daben lan baliotsua gizarteratzeko asmoz, Aranzadi Zientzia Alkarteak Arkeologia Jardunaldiak antolatzen ditu urtero. Aurtengo edizinoa, 19.a, zezeilaren bigarren hamabostaldian egingo dabe, Donostiako San Telmo Museoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker. Publiko guztiei zuzendutako berbaldi eta mahai-inguruak dagoz egitarauan. 

Zezeilaren 17tik 26ra, sei saio antolatu ditue, danak 18:00etan, museoko Ekitaldi Aretoan. Covid-19agaitik aforoa mugatua izango danez (izena emon behar da hemen), saio guztiak streaming bidez emongo ditue zuzenean, nahi dauenak etxetik ikusi ahal izan deiazan. 

Anoeta herriko Basagain mendiko indusketa arkeologikoetara eroango gaitu Xabier Peñalver Aranzadiko kideak jadunaldiotako lehenengo saioan, hilaren 17an. Hogei urte baino gehiagoan egindako lanari esker, Burdin Aroko herri baten aztarnak topau ditue Basagainen, eta orduko jenteak erabilitako objektu ugari. 

Gaztelaniaz izango da Peñalverren berbaldia. Zezeilaren 23koa, ostera, euskeraz izango da. Egun horretan, CENIEH erakundeko Joseba Rios arkeologoak Neanderthal gizakiaren kulturearen inguruko azalpenak eta gogoetak aurkeztuko ditu, NeanderKult proiektuak egindako aurrerapenetan oinarrituta. 

Hilaren 24an, Historiaurreko gizarteetako gatazkak jorratuko ditu Kantabriako Unibersidadeko Ángel Armendarizek, eta, 25ean, Alcalá de Henaresko Unibersidadeko Miriam Cubasek aztarnategiek antxinako elikagaien inguruan esaten deuskuena azalduko dau. Azkenik, hilaren 26an, mahai-inguru bategaz amaituko ditue jardunaldiak: Juan Luis Arsuaga zientzialariak, Juan José Millás idazleak eta Eva Caballero kazetariak hartuko dabe parte. 

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu