Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatu dabe Gasteizen

Bizkaie! 2021-02-12 13:37   Kulturea

Gernika site horma-irudia be aurkeztu dabe.

Gasteizko kirol-jarduna sustatzeko eta zabaltzeko erreferentzia garrantzitsua dan Estadio Fundazinoak, amaierea emon deutse bariku honetan bere 60. urteurreneko ospakizunei, Agora Plazan, kirol-instalazinoen ondoan, Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatuta eta horma-irudi bat jarrita.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko burua, Jon Urresti Vital Fundazinoko presidentea, José Ángel de Lacalle Estadio Fundazinoko lantaldearen ordezkaria eta Teresa Breda, 20.000 abonatu ingururen ordezkaria, izan dira Agora plazan sustraiak botako dituan 16 urteko haretx gazteari lehenengo lur-paladak botateaz arduratu diranak. Ekitaldian izan dira, ganera, Bingen Zupiria Kultura sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia, Pedro Elosegui Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea.

Horren ostean, Gernika site horma-irudia aurkeztu dabe. Kafetegiaren azpian dago eta Pedro Maria Moraza artisteak sortu dau beren-beregi okasino honetarako. Egileak azaldu dauenez, lana euskal herriaren eta bere balioen alegoria bat da, Gernikako Arboleak irudikatzen dituan jatorri demokratikoei eta Gernikako bonbardaketeak Gerra Zibilean eragindako sufrimentua gainditzeari ohore eginez.

Bizkaiko Batzarrak erakundeko burua pozik agertu da, arabarren eskaerei eta beharrei jarraituta hazten eta garatzen joan dan Arabako fundazinoak, Euskal Herriaren ikur unibersalena aukeratu dauelako 60 urte bete dituala ospatzeko; gure demokraziaren, gure Eskubide Historikoen eta herri honek bakea lortzeko daukan nahiaren sinboloa da, Gernika site muralak jasoten dauen moduan. Otaduiren berbetan, pandemiaren sasoian  danon ahaleginagaz eta energiagaz egoera honetatik urtengo dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu